Euskal Jaixa bizitzeko moduko asteburua

Euskal Jaixa bizitzeko moduko asteburua
2018/05/25 eta kitto!
Klub Deportiboko Kultura batzordiaren eskutik egingo dan Eibarko 53. Euskal Jaixak astebururako plan biribila eskinduko desku atzera be. Aurtengo egitarauko ekitaldi batzuk honezkero egin dira, baiña gehixenak gaur arratsaldian hasi eta domeka illuntzera bittartian izango dira: gaur Kalian Jolasian, elektrotxarangia eta Mugi Panderoa taldiaren emanaldixa; bixar Artisau eta Basarrittarren Azokiak beteko dau goiza eta arratsaldeko trikipoteuari goizaldera arte iraungo daben kantu-afarixak jarraittuko detsa;  eta domekan Ezpalak dantza jaialdixa eskinduko dabe Untzagan, oinguan giza-dorrieri eskindutako ikuskizunarekin. Herri bazkarixa be egingo da eta arratsaldian atzera be dantzak izango dira nagusi,  Patxi eta Konpainiak gidatuko daben erromerixa eta larrain-dantza saiuak tartian.

Aurreko asteburuan, zapatuan Coliseo antzokixan eskindu eben "Martin Zalakain" ikuskizunak zabaldu eban aurtengo programia. Dantza, antzerkixa, musikia, kantuak eta literatura batzen dittuan ikuskizunak Udalaren eskutik egin dau bat Euskal Jaixarekin. Deporreko Kultura Batzordeko Mariano Lukek azaldutakuaren arabera, “Udalak Euskal Jaixaren barruan eskintzeko proposamena egin zeskun eta, ondo begittandu jakunez, hala egittia erabaki genduan. Eibarren baiño lehenago taularatu daben toki guztietan arrakasta haundixa lortu daben ikuskizuna da eta, hortaz, gu pozik gagoz egitarauaren barruan sartzeko aukeria euki dogulako”.
Espero zan moduan, Eibarren be oso harrera ona euki eban Pio Barojaren pertsonajian oiñarrituta daguan espektakuluak. Aurreikuspen guztiak bete eta ikuskizun bikaiña eskindu eban Euskal Herrixan erreferentzia nagusiñenetarikua dan Argia dantza taldiak. Beste toki batzuetan ez bezala, Eibarren saio bi egin zittuen, bata bestiaren atzetik, eta emoziñuak hasieratik amaierara arte iraun eban arren, ikuskizunaren amaieran Juan Antonio Urbeltzen agerraldixak jendia erabat hunkitu eta Coliseoko publikua zutinik ipintzia lortu eban.
Martin Zalakain sortzeko, Juan Antonio Urbeltz koreografuak Harkaitz Cano idazliarekin eta Ander Lipus taula zuzendarixarekin jardun dau biharrian, euskal dantza tradizionalaren lengoaia eta itxura barritzeko asmuarekin, dantza eta emoziñua alkartzen dittuan narraziño modelo barri bat sortuta. Euskal Herri osoko dantzari eta musikuak dihardue alkarrekin eta, dantzarixen artian, Eibarko Kezka dantza taldeko 20 dantzari inguru dagoz, tartian Martin Zalakain abenturazaliaren rola betetzen dabe Josu Garate eibartarra. Atzo, barriz, kalidade haundiko beste emanaldi bat egin zan, Arrate Kultur Elkartearen eskutik: Miren Narbaiza eibartarrak MICE proiektua aurkeztu eban San Andres elizako klaustruan eskindutako kantaldixan.

Kalian Jolasian eta elektrotxaranga
Euskal Jaixaren barruan, 17:00etatik aurrera, 5 eta 8 urte bittarteko umiak eta gurasuak Eibarko Bizikleta Plazan betiko jolasekin ondo baiño hobeto pasatzeko aukeria izango dabe. Antolatzaillien berbetan, “ekitaldixa 17:00etan hasiko da eta, 18:30xak arte, Astixako begiraliak plazan egongo dira, urteroko martxan umiekin jolasteko prest. Aurten, baiña, badago barrittasunik. Izan be, Udaleko Euskara eta Gazteria saillaren eskutik barixaku arratsaldetan auzuetan musika eta dantza saiuak egitten hasi dira eta gaurkuak Euskal Jaixarekin bat egingo dau. Hortaz, jolasak amaittu eta jarraixan Zunbalain aillegauko da, dantzarako gogua daken guztiendako musikia eskintzeko prest”.
Bixen bittartian, herriko kaliak eta jendia jairako girotzen juateko, 20:00etatik 22:00etara Orkresta elektrotxarangakuak kalejiran ibilliko dira. Antolatzailliak esandakuaren arabera, “ahalegin berezixa egin dogu txarangako kidien artian neskak dittuan talderen bat ekartzeko, guretako inportantia dalako, baiña ez da erreza izan holako bat topatzia. Edozelan be azkenian lortu dogu nahi genduana eta Orkrestrak girotuko dittu herriko kaliak gaur arratsaldian”. Eta gabian be musikiak segiduko dau, baiña karpa barruan: Mugi Panderoa taldekuak jardungo dabe, 23:00etatik 02:00xetara.

Artisau eta basarrittarren  azokia zapatuan
Zapatu goizian, 10:00etatik 14:00xetara, Toribio Etxebarria kalian Eibarko eta kanpoko artisau eta basarrittarren azokia egongo da zabalik. Zortzi basarrittako produktuak eruango dittue: Mandiola Gaiñekua,Loixola, Mendigoitxi, Sumendixa Behekua, Zelaikua eta Gisasola basarrixetatik barazkixak; Sosolatik ogixa eta ardi gaztai ekologikuak; eta Egotzatik ahuntz gaztaia.
Artisauen artian 18 eibartar egongo dira: Eskulan (Tiffany), Nieves Maidagan (birziklapena), Ana Orozko (ehun-gaixak eta osagarrixak), Ahiztak (ehun-gaixak), Maria Baskaran (pitxiak), Usua Anitua (pitxiak), Jesus Belaustegi (zeramika), Aitor Basterrika (tinte naturalak), Elexamendi (narrua),Hartasu (oihalezko poltsoak), Igor Unanue (txalapartak), Artara (eskuz margotutako poltsoak), Isabel Orozko (pitxiak), Dabiba (måché papela), Sonia Jaramillo (ehun-gaixak), Pott (zeramika),Maison du frexe (artisau pateak) eta Maider Lacarra (kosmetika naturala). Horrez gain, kanpotik etorrittako beste artisau batzuk be egongo dira: Anitha Mol (pitxiak),Dir-dir (pitxiak), Alex&Quim (ehun-gaixak), Eguzkilore (pitxiak), Norarte (pitxiak), Kromosoma (jostailluak), Bor-bor (artisau garagardua), David Fernandez (narrua), Baby Mundua (ehun-gaixak), Itxasloo (euskal ehun-gaixak), Luhei (ehun-gaixak) eta Zapatari (oiñetakuak). Hórrekin batera, Garrartek goxokigintza taillarra egingo dau, parte hartu nahi daben guztiekin.

Saharako umieri laguntzeko aukeria
Aurtengo azokak beste barrittasun bat izango da:, “Oporrak Bakean” programarekin udan etorriko diran Saharako umieri laguntzeko, Eibar-Sahara Elkarteak ipiñiko daben postua. Bestiak beste henna taillarra egingo dabe eta pultserak salduko dittue, Larrabetzu, Arrasate eta Villabonako aterpetxera etorriko diran 55 haurrendako dirua batzeko asmuarekin. Horrekin batera arropak jasoko dittue (6-12 urte), janarixa (arroza, lekaleak, galletak, kakaoa, atuna...) eta garbittasunerako produktuak (txanpua, gela, hortzetarako eskuillak eta pasta...).
Programan daguazen beste ekitaldi askorekin bezala, azokia antolatzeko orduan Eibart alkartiarekin, Eibarko basarrittarrekin eta Debemen alkartiarekin alkarlanian jardun dabe. Bestalde, azokaren inguruan herri-kirolak eta bertsolarixak be egongo dira: “Betiko moduan, herri kirolarixak saiua egingo dabe eta eskolen arteko lehiaketia be jokatuko da, bertsolari gaztiak animauta”.  Jon Loiola, Tubi, Joseba Ostolaza eta Udane Ostolazak jardungo dabe lasto-altxatzen, ingudearekin eta harri-jasotzen eta bertsotan, barriz, Manu Goiogana eta Jokin Bergarak jardungo dabe. Eta goiz osuan talopostua egongo da Gure Esku Dago ekimenaren eskutik eta kale animaziñua, Eibarko trikitilari gaztiekin.
Bazkaltzeko orduan egingo dan etenaldixa eta gero jaixak arratsaldian jarraittuko dau, 19:30xetan karpatik abiatuko dan trikipoteoarekin eta ondoren karpa barruan egingo dan kantu-afarixarekin. Afalostian, trikitilari gaztiak lagunduta taldeka kantuan ibilli eta gero, Jainaga eta Narbaizaren eskutik egingo dan erromerixiak agurtuko dau eguna.

Dantzak nagusi domekan
Eta domekan, eguardixan Urkizutik Untzagaraiño egingo dan Euskal Jaiko kalejirarekin hasiko da eguneko programaziñua. 12:30xetan Untzagan Ezpalak dantza tradizionalaren jaialdixa hasiko da (eurixa egingo balu, Astelena frontoian).
Aurtengo dantzetarako aukeratu daben gaixa giza-dorreak da eta horren inguruko ikuskizuna eskinduko dabe partehartzailliak: Kezka dantza taldea (Eibar),Tarragonako Moixiganga (Tarragona, Kataluñia), Tausteko Dancea (Tauste, Zaragoza), Berantevillako herritarrak (Berantevilla, Araba ) eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartea (Iruñea, Nafarroa).
Antolatzaillien berbetan, “plazetako zorua urruti lagako dabe aurtenguan gonbidatuak, gizabanakuak alkarren gaiñian pillatuta. Ezpalak jaialdixak, 2006. urtian sortu zanetik, behin baiño gehixagotan eskindu dau tarteka-marteka giza-torriak ikusteko aukeria. Memorixa larregi nekatu barik, errez gogoratuko dittugu Mirando do Douroko pauliteiroena, Burgos-eko Justo del Río taldeko dantzarixak osatu ebena edo aurten barriz bisitan etorriko jakun Tausteko Dancea. Dana dala, aurtengo Ezpalak jaialdixak giza-torriak eurak bakarrik ikusteko aukeria eskinduko desku”.
Ondoren, bezperako afarixan bezala, alkarte gastronomikuak preparautakua jango dabe karpan, 14:30xetan hasiko dan herri-bazkarixan. Eta arratsaldian, Patxi eta Konpaiñiak gidatuko daben erromerixa eta gero, larrain-dantzarekin agurtuko dogu aurtengo Euskal Jaixa.

euskal jaia2 euskal jaia3 euskal jaiak2

eusjai ardilanak

kezka 2018 ald