Fernando Madina, Reincidentes: “Errepidea eta eszenatokiak dira musikaren benetako saltsa”

Fernando Madina, Reincidentes: “Errepidea eta eszenatokiak dira musikaren benetako saltsa”
2022/07/08 08:19
eta kitto!
Amañako Jaietan kontzertu bikainak izan ohi ditugu, baina aurten, ia bi urteko etenaldiaren ondoren, inoiz baino distiratsuagoa da kartela. “Musika kontzertu itzela”, jaietako antolatzaileen berbetan. Mugi Panderoak piztuko du sua eta Evaristo Paramosek gidatzen duen Tropa do Carallorekin egingo du eztanda auzoak. Amaitzeko, azken traka: Reincidentes.

Reincidentes 1987an sortu zen, Sevillan. Andaluzian jaio arren, bere letrek oihartzun handia izan dute Euskal Herrian eta gure egin ditugu asko eta asko, batzuk ia ereserki bihurtu arte. Abestiek kutsu politiko oso markatua dute eta Fernando Madina abeslariak harro aldarrikatzen du euren izaera, horrekin egin baitute hainbeste urtetako bidea eta horregatik sortu dutelako komunitate handia Euskal Herrian zein munduko toki askotan.



 

Pandemiaren ondorioz etenaldia egin behar izan ondoren, 2022an berriz bueltatu zarete errepidera. Nolakoa izan da itzuleraren sentsazioa?

Zirraragarria. Errepidea eta eszenatokiak dira musikaren benetako saltsa. Konposatzearekin, entseatzearekin eta diskoak grabatzearekin hasten dira gauzak, baina benetako gauzak zuzenekoetan gertatzen dira. Beraz, bi urte hauetan oso kontzertu gutxi eskaini izanak (edo batzuetan bat ere ez) kalte egin digu eta, berriz ere martxan jarri garenean, berpiztu egin gara talde moduan, demaseko sentsazioa izan da.

 

Pandemian Argentinako Cosquin Rock jaialdirako streaming bitartez egindako kontzertua argitaratu zenuten eta, gero, kolaborazioak egin dituzue zenbait musikarirekin (Rozalen, Kutxi Romero, Capita Cobarde...). Lan berriren bat duzue esku artean?

Pandemiak gure asmoak nahastu zituen eta, nola edo hala, gauzak egiten ari gara. Egia da, hala ere, disko berria egiteko asmoa dugula, baina ez dugu datarik zehaztu nahi, nahiko sasoi nahasia izan delako eta ez dugulako bete ezin izango dugun konpromisorik hartu nahi. Baina bai, abesti berriekin lanean gabiltza.

 

Ia lau hamarkada daramatzazue egurra ematen eta pandemia batek ere ez zaituzte gelditu. Nola egiten duzue musikaren sugarrari bizirik eusteko?

Ez dugu ezer berezirik egiten, sugarrak bere kabuz jarraitzen du bizirik. Reincidentesen indar nagusia taldea sortu genuenen arteko adiskidetasuna da, hau da, Manuel Pizarro, Barea eta nire arteko laguntasuna. Bateratasun horretatik irteten da taldearen indarra; baina, bestetik, taldearen barne-funtzionamendua oso demokratikoa da, oso asanblearioa, eta sasoian sasoiko gorabehera artistikoei edo ekonomikoei aurre egiten lagundu digu horrek. Gure ametsak berean jarraitzen du: musikaz bizitzea. Publikoarekin gozatzen jarraitu nahi dugu eta gure jarraitzaileekin dugun hartu-emana ere oso garrantzitsua da guretzat.

 

Izan ere, musika egiten duen taldea baino gehiago zarete, jarraitzaile sutsuak dituzuelako eta komunitate handia sortu duzuelako zuen inguruan. Hori sentitzen duzue?

Musikaz haratago doan zerbait dago publikoaren eta gure artean. Denbora asko daramagu martxan eta, horren ondorioz, lagun-sare handia ehuntzeaz gain, belaunaldi ezberdinetako zaleak ditugu (gurasoek seme-alabei pasatutako zaletasuna izan da batzuetan), Reincidentesen inguruan komunitatea sortuz. Espero dugu horrek denbora luzez jarraitzea, behintzat indarra dugun bitartean, eta momentuz badugu indarra.

 

Zuen letrek kutsu politikoa eta izaera soziala dute, eta zenbait injustizia salatu dituzue urte hauetan. Antzera aritu diren zenbait taldek zentsura jasan dute. Zuei horrelakorik gertatu zaizue?

Irratian edo telebistan azaltzeko arazoak izan ditugu gure letren eta esaten dugunaren ondorioz, baina kontzertuen aldetik ez dugu zentsurarik jasan, Soziedad Alkoholika taldeari gertatu zaion bezala, adibidez. Komunikabide nagusietan azaltzeko orduan bai jarri digute betoa, eta logikoa da gure mezua ez delako batere erosoa establishmentarentzat. Hori onartzen dugu eta orain ez gara ilargiari buruz abesten hasiko telebistan edo irratian agertu ahal izateko.

 

Zentzu horretan, urte hauetan ez da aldaketarik izan taldean?

Pertsona moduan heldu egin gara, baina ez dut al-daketa berezirik edo handirik somatu gure artean. Noski, nagusitu egin gara, gure ideiak sendotu egin dira eta forma eman diegu, baina inoiz ez dute beste norabiderik hartu. Izatekotan, gure ideiak berretsi egin ditugula esan daiteke. Gainera, heldutasun pertsonala heldutasun musikalean adierazten da eta, zentzu horretan, eklektizismo gehiago garatu dugu, letra generiko gehiago landu ditugu (nahiz eta ia beti zerbait aldarrikatu) eta maila handiko kolaborazioak lortu ditugu. Adibidez, bandaren lehen bost urteetan pentsaezina izango litzateke Rozalen edo Capitan Cobarde bezalako musikari batekin jotzea. Urteek irekitasuna eman digute, burua zabaldu dugu eta abestiak konposatzeko orduan ere estiloa anitzagoa da.

 

Beraz, arlo musikalean igarri duzue aldaketa?

Aldaketa baino, eboluzioa egon da. Hasieran genekiena egiten genuen bakarrik, eta hori ere hala-nola egiten genuen. Orain, ostera, gehiago dakigu, estilo eta estetika berriak irten dira, eta urteen poderioz gauza asko ikasi ditugu. Zure bihotzak eta buruak gauza onak hartzen ditu eta zure musikarekin nahasten dituzu; bai diskurtsoa, bai planteamendu estetiko eta musikala.

 

Sevillakoak izanda, lotura berezia duzue betidanik Euskal Herriarekin. Nola sentitzen zarete hemen jotzen duzuenean?

Hasieratik etxean bezala sentitu gara Euskal Herrian. Izan ere, lehen birak Euskal Herrian egin genituen eta bikain hartu gintuzten. Zerbait exotikoa ginela uste dut. 80. eta 90. hamarkadan Euskal Herrian rock eta punk bolada handia bizi zen eta, handik mila kilometrotara jaio arren, etiketa horrekin bat egiten genuen. Bitxia zen, baina zentzu onean. Egiten genuen horri balioa eman zioten eta, horren harira, lagun asko egin genituen Euskal Herrian, eta harrezkero harreman berezia izan dugu Euskal Herriarekin. Gainera, gitarra-jolearen bikotea euskalduna da eta nire aita Lazkaokoa. Beraz, lotura benetan estua dugu.

 

Nolako kontzertua eskainiko duzue gaur Amañan?

Gure ibilbidean zehar egin dugun guztiaren laburpena egingo dugu moduren baten. Azken bi urte hauetan ez gara geldirik egon, baina bai izan da bitxia (kontzertu akustikoak jotzen, aforo mugatuarekin... musiko sentitzeagatik batez ere) eta, gitarra-jole berria dugunez, Reincidentesen ibilbidea errepasatzen duen errepertorioa prestatu dugu. Jendeari asko gustatu zaio gure proposamena. Izan ere, pandemia ondoren nahiago zuten gure betiko abestiak entzun, azken diskokoak baino. Disko berria kaleratzen dugunean proposamena aldatuko dugu, baina orain, azken diskotik urteak pasa direnez, aproposagoa ikusi dugu taldearen ibilbideari errepasoa egitea. Gauza berriek tokia izango dute, baina 20 disko kaleratu ditugu eta badugu non aukeratu.