FERNANDO SAENZ DE UGARTE (DANTZAZ konpainia): “Milaka errefuxiaturen erakusleihoa da Basoa”

FERNANDO SAENZ DE UGARTE (DANTZAZ konpainia): “Milaka errefuxiaturen erakusleihoa da Basoa”
ETA KITTO 2021, Ira 17

“Dantzaz” ibilbide luzea duen ekoizpen-zentroa, sormen-laborategia, prestakuntza-gunea eta dantza-konpainia da, eta zapatu honetan (irailak 18, 20:00etan) ’Basoa’ produkzioa eskainiko dute Errebal Plazian. Dantza garaikideaz bere dizdira osoan gozatzeko aukera izango dugu. Jorratzen duten gaia, atzoko eta gaurko errefuxiatuak.

Zein helbururekin jaio zen Eibarrera ekarriko duzuen “Basoa” proiektua?
Espazio eszeniko ez-konbentzionaletarako dantza-ekoizpen hau atzoko eta gaurko errefuxiatuetan oinarrituta dago, eta ’Larart’ proiektuaren parte da (www.larart.eus). Ekimen horren helburua da gerraren, jazarpenaren edo pobreziaren ondorioz jatorrizko herrialdeetatik desplazatutako pertsonei eragiten dieten arazoak ikustaraztea, artearen eta kulturaren bidez. 35 minutuko iraupena du ’Basoa’ k, eta ekoizpen tekniko erraza du. Koreografia Josu Mujikarena da, eta musika Iñaki Salvadorrena. 10 dantzarik hartzen dute parte eta oso koreografia korala da, guztiak ari dira momentu guztietan agertokian.

Zer kontatzen duzue?
Ezkutatzen eta ezkutatzen duen basoa. Magiaz eta beldurrez betetako lekua. Basoak historiaren une tragiko bat ezkutatu eta ahaztarazi nahi zuen. Errefuxiatu-eremua, kontzentrazio-esparrua… Gurs: milaka pertsona pilatuta, horietako asko hil egin ziren. Oso toki hurbila da, bai historikoki, bai geografikoki. Mediterraneoa: tragediak hemen eta orain jarraitzen du. Milaka errefuxiaturen erakusleihoa, gerra eta liskarren ondorioz beren lurraldea uztera behartuak. Gurs: iraganaren eta orainaren arteko zubia.

Lotura hori egitea zen helburua?
Hori da, orduko errefuxiatuak eta gaurko errefuxiatuen arteko lotura. Izan ere, proiektuaren zati bat “Gigantografiak” zen, non erakusketa bat egiten zen Gurs-eko argazkiak eta gaur eguneko argazkiak bateratuz, eta gehienetan ez zen ia ezberdintasunik ikusten. 80 urte eta gero, egoera berdina errepikatu eta errepikatu egiten da.

“Errebal Plazia” gune berrian jardungo duzue. Zer iruditzen zaizkizue horrelako espazioak?
Arte eszenikoak antzokietan aurkeztu behar dira, jakina, baina beste espazio batzuetan lekua izatea oso garrantsitzua da guretzako. Jendearengana hurbiltzeko, artea eta jendartearen artean beste naturaltasun bat bilatzeko. Dantza betidanik izan da plazakoa, eta plazatan dantzatzea oso organikoa da guretzako. Gainera, “Basoa” plazatan dantzatzekoa da, publikoak lau aldeetatik ikusi dezake ikuskizuna: inguratuta izatea dantza egiteko beste jarrera bat da, oso berezia dantzarientzako.

Zein da egindako ibilbidea?
Bere bi hamarkadetako historian, Dantzaz-ek hirurogei pieza ekoitzi ditu, eta Europa osoko eszenatoki eta antzokietara eraman ditu. 120 dantzarik baino gehiagok (hogei bat nazionalitatetakoak) eta 60 koreografok osatu dute sortzaile askoren irudimena, pasioa eta talentua izan dituen ibilbide artistiko zabala.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »