Gabonetako egitaraua aurkeztu du gaur Udalak

Gabonetako egitaraua aurkeztu du gaur Udalak
2018/12/18 eta kitto!
Gabonetarako antolatu dituen ekintzen berri eman du Udalak gaur goizean. 48.125 euroko aurrekontua prestatu du ekintzak gauzatzeko eta hiru bloketan banatu dute egitaraua: Olentzero (6.200 euro), Gabonetako Haur Parkea (27.125 euro) eta Erregeen Kabalgata (14.600 euro).

Abenduaren 11tik martxan dago Olentzeroren gutunak jasotzeko postontzia eta barixakura arte egongo da zabalik Portalean eta 23ra arte Portalean. Hala ere, 24an bertan, Olentzerori egiten zaion harreran, udaletxean entregatu ahal izango dira gutun gehiago. Aste honetan zehar, eguenean hasita, Olentzerok herriko zazpi ikastetxe eta Aspace bisitatuko ditu; eta 24an kalejira egingo du Urkizutik Untzagara 11:30etan hasita. Jazinto Olabe Ludotekakoek, Afariketakoek, Astixakoek eta Aspacekoek zabalduko dute kalejira, eta Galtzagorriak eta Pantxika astoa ez dira faltako.

Zapatu honetan, 22an, Gabonetako Haur Parkea irekiko dute Astelena frontoian. Puzgarriak, eskulanak, tailerrak... 2 eta 12 urte bitarteko umeentzat ekintza ugari egingo dira abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra arte (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da) 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era (abenduaren 31an goizean bakarrik egongo da zabalik). Sarrerak 3 euroko kostua edukiko du (dohainik Eibar Merkatal Gune Irekiaren bonoarekin) eta 90 minutuz egon ahal izango dira umeak bertan. Ezin izango da ordua erreserbatu eta aforoa betetzen den heinean txandak antolatuko dira (150 umeko aforoa dauka Astelenak).

Erregeen Kabalgata, ohiturak dioen bezala, urtarrilaren 5ean egingo da. Hasteko, Ballet Eibarreseko, Ipurua Gimnasia Erritmikoko eta Ipurua Dantza Garaikideko 250 dantzarik ikuskizuna eskainiko dute Ipuruako kiroldegian 17:00etan. 1.850 gonbidapen banatuko dira (iaz baino 250 gehiago), eta hilaren 20an goizeko 09:00etan hartu ahal izango dira sarrerak (pertsona bakoitzeko sarrera bi, dohainik). Ikuskizunaren ondoren, 18:45ean, Erregeak Lambretta motorretan jaitsiko dira Untzagara eta 19:00etan Kabalgata hasiko da betiko ibilbidea eginez. Hasi aurretik euria eginez gero, Erregeek ibilbide txiki bat egingo dute oinez udaletxeraino, eta Kabalgata hasita dagoela euria botaz gero, bertan behera geratuko da eta Erregeak oinez udaletxera joango dira. Han harrera egingo die umeei. Aurten, gainera, Eibar Rugby Taldekoen laguntza jasoko dute Erregeek.