Galder Pérez, antzerkigilea: “Antzezlana oso biolentoa da eta tragediara hurbiltzen da”

Galder Pérez, antzerkigilea: “Antzezlana oso biolentoa da eta tragediara hurbiltzen da”
2021/02/19 eta kitto!
Aurretik aktore lanetan ikusi dugun arren, ‘Lurrun minez’ antzezlanean testua sortzeaz arduratu da Galder Pérez. Antzerkigile bilbotarrak sauna batean sartu ditu Alex, Oskar eta Jesus, eta parranda orgasmikoa izan behar zuen gaua lurrun artean nahasten da. Hirukoteak, gainera, Aingeruren konpainia izango du, Joseba B. Lenoir-en azalean. ‘Lurrun minez’ hilaren 24an emango dute Coliseoan, 19:00etan.

 

Zer gertatzen da saunaren barruan?

Hiru maritxuren arteko istorio psikologiko eta dramatikoa da. Gai sozialak eta sexualak oso presente daude. Izan ere, gay sauna baten dago kokatuta, horrek baldintzatzen duen guztiarekin. Berez, espazio askea da, baina pertsonen arteko harremanak ez dira uste edo nahi bezain askeak. Hirukotearen arteko botere harremanak eta horrek dakarren bortizkeria lantzen da.

Belaunaldi ezberdinetako pertsonaiak dira (batek 44 urte ditu, besteak 30 eta hirugarrenak 19). Adin ezberdintasun horrek garrantzia du istorioan?

Adinak, berez, ez du berebiziko garrantzirik. Hiru pertsona ezberdin dira eta gehiago da bakoitzak bere bizitzan askatasuna nola bizi edo mugatu izan duen, eta nola sortu duen bere identitatea. Adinak baldintzatzen du, baina horrek ez du esan nahi belaunaldi oso batek berdin bizi izan duenik. Adinaz gain, kontatu ezin diren gauza batzuek baldintzatzen dute euren arteko harremana (nola ezagutu duten elkar, nola moldatzen diren…). Azkenean, antzezlanean gertatzen den guztia nahi eta ezin bat da, bizitza bezala.

Antzezlanean botere harremanak, generoen arteko biolentzia… lantzen dira batipat.

Antzezlana ez da batere biguna eta horrekin jolasten dugu. Izan ere, hasieran parranda bat izango dela dirudi, baina ez, oso biolentoa da eta tragediara hurbiltzen da momentu batzuetan. Zentzu horretan Olatz Gorrotxategi zuzendariak oso ondo asmatu du, plastikoki nola jolastu duen ikusita. Irudiak testuak bezain garrantzitsuak dira eta demaseko indarra dute. Hiru pertsonaiek bortizkeria gorpuzten dute, baina erlijioak askatasuna mugatzeko izan duen boterea ere ageri da eta Olatzek asko jolasten du irudi erlijiosoekin. Zentzu horretan, oso ondo islatzen du biolentotik komikora dagoen pauso txikia.

“Beharrezkoa da horrenbeste identitatearen etiketa?”, galdetzen duzu antzezlanaren aurkezpen testuan. Dagoeneko baduzu erantzuna?

Etiketak beharrezkoak dira gauza asko azaltzeko, baina dena etiketatze horrek banatu egiten gaitu. Etiketekin gauzak sinpletu egiten dira eta pertsona bakoitza konplexua da. Hor dago binarismotik apurtzeko nahia edo beharra, binarismoak mugatu egiten gaituelako. Antzezlaneko protagonistak gizon sentitzen dira, baina horrekin jolasten dute, ustezko gizona zer ote den galdetzen. Maskulinitate berriak aipatzen dira, pluralean, gizonak hainbeste dauden bezala.

Joseba B. Lenoirrek zuzeneko musika egingo du antzezlanean. Zer ematen dio ikuskizunari?

Musikaz gain, soinu-giroa jartzen dio antzezlanari eta presente dago momentu oro. Gainera, laugarren pertsonaia bat gehitzen dio obrari, nahiko pertsonaia onirikoa. Ederra da Josebaren aktore alderdia ikustea.