Gaspar Morey, MiraMiro: “Joan Miroren lanak bikainak dira fantasia lehertzeko”

Gaspar Morey, MiraMiro: “Joan Miroren lanak bikainak dira fantasia lehertzeko”
ETA KITTO 2020, Urr 09

Balearretako Baal Dansa dantza konpainiak ‘MiraMiro’ ikuskizuna aurkeztuko du bihar, 17:00etan, Coliseoan. Joan Miro artistaren unibertsoan oinarritzen den lana da, kolore biziz, forma geometrikoz eta fantasiaz betea. Azken batean, kosmoserako bidaiaren abentura da, aurkikuntza eta sorpresa askorekin.

 

Zergatik hartu duzue oinarri Joan Miro?

Miro katalana zen jaiotzez, baina mallorcarra adopzioz. Bertan ezkondu zen, obra asko sortu zituen hemen eta bere fundazioa Mallorcan dago. Lotura estua du Balearrekin, guk bezala. Bestetik, Miroren obrak oso sinplea dirudi eta gauza gutxirekin asko esaten du. Horrek ondo funtzionatzen du umeen munduan. Guk ez dugu nahi izaten publikoari informazioa ahora ematea eta Miroren lanak, nahiz eta sinpleak iruditu, bikainak dira fantasia lehertzeko. Gainera, Miro Fundazioari eta bere familiari asko gustatu zitzaion proiektua eta euren babes osoa jaso dugu.

 

Nola bihurtu duzue dantza Miroren obra grafikoa?

Harrigarria bada ere, lan erraza izan da, Miroren erruz. Guk inprobisazioa lantzen dugu eta mugimenduak sortzen joan ginen Miroren koadroek iradokitzen ziguten sentsazioen arabera. Horrela, istorioak sortu genituen, ez oso konkretuak, eta hari horri jarraitu diogu.

 

Dantzari eta aktore moduan, nolako lana izan da?

Orokorrean helduei zuzendutako lanak egin izan ditugu, baina Catalina Carrascok (konpainiako beste kideak) eta biok semea izan genuen eta haurrentzako lanak lantzeko ordua zela ikusi genuen. Obra eskaintzen hasi ginenean Catalina haurdun zegoen eta gero, semea jaio zenean, gurekin ibili zen hara eta hona. Entseguetan gurekin egon zen eta musika-banda aukeratzen lagundu zigun, abesti batzuen aurrean oso ondo erantzuten zuelako eta beste batzuekin ez.

 

Nola janzten duzue dantza eszenatoki gainean?

Dantzarien lanaz gain, aipatzekoa da musika eta animazioa. Musika Kiko Barrenengoak egin du eta konposizio bereziak landu ditu geruza asko dituen musika-banda sortuz. Bideo-animazioa, bestetik, Adri Bonsairen esku egon da. Demaseko talentua du eta 2018an Goya saria jaso zuen ‘Woody&-Woody’ lanarekin.

 

Umeek helduek baino errazago dute fantasiazko munduetara bidaiatzeko?

Baliteke helduei umeei baino gehiago kostatzea fantasiazko munduetara bidaiatzea, baina hasieratik jende askok esan digu ikuskizuna ez dela zertan umeentzat bakarrik izan behar. Miroren lanak bezala, ikuskizunak kutsu japoniarra du eta helduek bere tokia aurkitu dezakete bertan.

 

Behartutako etenaldiaren ondoren, biran zaudete berriz. Nolakoa izan da itzulera?

Oso esker onekoak gara. Gogo handia genuen eszenatoki gainera berriz igotzeko. Ez bakarrik gure ogibidea delako, baizik eta beharrezkoa dela ikusten dugulako. Jendeak obrak ikusteko gogoa eta beharra du. Mallorcan lehen baino jende gehiago doa ikuskizunetara orain, baina beste toki batzuetan jendeari beldur pixka bat ematen dio. Kultura segurua dela aldarrikatu behar dugu, horrela delako, eta neurri guztiak errespetatuz kulturaz gozatzen jarraitu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »