Gaur aurkeztu dituzte otsailaren 14an hasiko diren XLVI. Eibarko Antzerki Jardunaldiak

Gaur aurkeztu dituzte otsailaren 14an hasiko diren XLVI. Eibarko Antzerki Jardunaldiak
2023/01/23 15:13
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dituzte XLVI. Eibarko Antzerki Jardunaldiak Jon Iraola alkateak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Maria Jose Telleria Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak. Eibarko Udaleko Kultura sailak Narruzko Zezen eta Uni elkartearekin elkarlanean antolatu duen egitarauak, beti bezala, era guztietako antzezlanak ekarriko dizkigu Eibarrera. Aurten, gainera, Hezkuntza Esparruko aretoa berreskuratu dute eta, beraz, Coliseo antzokian eta Unibertsitate Laboralean, bietan eskainiko dira programa osatzen duten lanak.

Otsailaren 14an hasiko dira Antzerki Jardunaldiak, María Adánez eta Pepón Nieto aktoreen eskutik 19:00etan Coliseon hasiko den “Los papeles del teatro” izenburuko hitzaldi-solasaldiarekin. Aurkezlea, berriz, Irene Hernando antzezle eibartarra izango da. Hortik aurrera, martxoaren 31ra bitartean, hogei antzezlan baino gehiago taularatuko dituzte.

Sarreren aurresalmenta, bestalde, aste honetan hasiko da eta berritasunak daude: lehen egunetan egon ohi diren ilarak saihesteko, aurten hitzordua eskatu beharko da sarrera bila joan aurretik. Hitzordua urtarrilaren 26an (eguena) eta 27an (barixakua) eska daiteke, Coliseo antzokian, 17:30etik 19:30era. Hitzorduarekin sarrera jasotzeko egunak, berriz, urtarrilaren 28a, 29a eta 30a izango dira, 10:00etatik aurrera. Urtarrilaren 30etik aurrera, berriz, astelehen eta barixakuero egongo da sarrerak aurrez erosteko aukera, Coliseoko leihatilan, 17:30etik 19:30era.

Internet bidezko salmenta, berriz, urtarrilaren 28an hasiko da, 10:00etan, ticket.kutxabank.es/janto bitartez.

Eta, horrez gain, funtzio bakoitza hasi baino ordubete lehenago dagokion leihatilan ere egongo da sarrerak erosteko aukera.

Azken urteotan bezala, Lekim Animazioak taldekoak Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira Antzerki Jardunaldiak ezagutzera ematen, urtarrilaren 27an, 28an eta 29an, arratsaldez. Aurtengo kartelaren irudia, bestetik, Leire Kareaga Udal Dibujo Eskolako irakasleak egin du.

 

egitaraua