Gaur betetzen ditu 675 urte Eibar herriak [ERREPORTAJEA]

Gaur betetzen ditu 675 urte Eibar herriak [ERREPORTAJEA]
2021/02/05 eta kitto!
Gaztelako Alfontso XI. erregea izan zen 1346ko otsailaren 5ean Eibarri herri izateko eskumena luzatu ziona. Hala ere, ordurako bazegoen herria San Andres elizaren inguruan sortuta. Herri-agiria ematerakoan, gauzak aldatu egin ziren eta, handik aurrera, herria eratzen joan zen, eta etxeak eta kaleak jaso ziren: Barrenkale, Elgetakale, Somera edo Txurio...

Aspaldiko idatzi zaharrei esker badakigu orduko denboretan baserri batzuk zeudela Ego ibaiaren inguruan. 1346. urtean Alfontso XI.enak sortze-agiria luzatu zuen, gure arbasoei “Villanueva de San Andres” herria sortzeko baimena emanez. San Andres eliza eta herria beti egon dira oso lotuta, Eibar eta Villanueva de San Andres, izen bata zein bestea erabiltzen zen. Lotura horren lekuko hortxe daukagu Eibarko armarria.

Eibarko historian zehar badira makina bat gerrate. 1390. urtean, Akondian, Oñaz eta Ganboatarrek borrokan jardun zuten. Ordukoa da “Akundia lexar baga” kanta. Kanta galduta dago, baina Ibarguen-Katxopinen Kroniketan hasierako zatia azaltzen da.

XV. eta XVI. mendeetan, Ibarra, Iñarra, Isasi, Larriategi, Mallea, Orbea, Unzueta abizenak sarritan aurkituko ditugu munduan zehar; goi-mailako karguetan aurkitu ere. XVII. mendean eibartarrek, mende batzuk lehenago hasitako bideari jarraituz, kainoigintza eta txispagintzaren sekretuak bereganatuta, trebetasun eta abilezia handia lortu zuten: Eibarren egiten ziren arkabuz eta mosketeak punta-puntakoak ziren. Gero beste sasoi batzuk etorri ziren, gutxinaka gaur arte ekarri gaituztenak. Jarraian sasoi hartako Eibar sortu berriaren hainbat ezaugarri, Nerea Aretaren “Eibarko efemeridiak” kronika historikotik hartuta.

Eibar3 Eliza eta ibaia izan zituen ardatz Eibar jaio berriak; kalea ere bakarra zuen hainbat atez gordetako “villak”.

Villanueva de San Andres
Castillako errege zan Alfontso XI.ak Jaendik bialdu eban Urigutun edo “Carta-puebla” pribilegixo-fueruaren bittartez, “Villanueva de San Andres” izenarekin, Eibar “villa” moruan sortu eban, herrixa lehenagotik be bazan arren. Bertako basarrixetakuak eskatutakua izan zan; Gipuzkuako billen fundaziñuak bakiaren izenian eta demokrazia zentzunarekin egin ziran. Bizkaiko mugiaren onduan egotiarren, eta ganboatarren eta oiñaztarren banduen arteko burrukegaittik izango zala diñue. Arrisku barik eta askatasunian bizi izan nahixaz sortutako billia: herri inguruko hormak eta barruko organizaziño juridiko barrixak horretarako ziran.

Hor Kartan holako konzesiñuak egin jakuezen eibartarreri, Logroñokuen fueruaren gorabeheran, `Marquina de Suso´ balleko billa gehixenen leintxe:

- Herenzixak eta jabe ziran gauzak gura eben moruan saldu ero erosteko, eta jauntxuak horregaittik ezin zeikixuen ezebez esan.

- Ura erregadixo eta errotendako erabiltzeko. Errotak egitteko askatasun haundixa laga eben, fueruak ziñualako errotia egittia nahi ebana, bere terrenuetan bazan, libre zala egitteko. Ordurako baeguazan errota batzuk Eibarko Ego errekiaren hegaletan: Portalekua, Isasikua, Ulsagakua, Ibarrakua, Urkizukua eta Unzuetakua. Handik aurrera gehixago be egin zittuen, errekan ur askorik ez bazan be.

- Baitta mendixetako egurra eta ondasunak erabiltzeko be, iñundiko inpuestorik pagau barik.

- Esku ero deretxua, herrixan, labrau bako lurretan, generua etaratzeko; eta zelaixak eta larrak ganauendako erabiltzeko.

- Tributo ero `inpuesto´ batzuk pagatzetik be librau egitten ziran; esate baterako, `sayonía´ pagau biharra kendu etsen; eta `fonsadera´ ero gerrako gastueri aurre egittetik be libre geratzen ziran. Horren danorren nahixa zan `kristauak beti libre eta ingenuo´ izatia.

- Abildadia euken, urtero, alkatia eta agintarixak elegitzeko. Konzejua zan euren batzar modua, eta euren gaiñetik eguan bakarra erregia zan. Euken obligaziño bakarra, erregiorri egitteko, urtero zenso moduan sueldo bi pagatzia zan (`sueldua´ orduan sasoiko moneda klasia zan). Handik aurrera, urtero etaratzen zan alkatia, prokuradore sindikua (ero fiel-a) eta juradu bi; danei laguntzen etsen eskribau fielak. Orduan erabiltzen zan alkatia etaratzeko sistemia ez zan aldatu 1593. urtera arte.

Ordura arteko bizi-lekua aldatu egin zan: beste gauza batzuen artian, etxiak eta kaliak zelan egin planifikau egitten zan, eta herrixaren-kalien inguruan hormak eta torriak altzau ziran. Hormetan, hiru ate egin ziran herrixan sartu eta urten egitteko. Lau kaletan harrizko kaltzada ipiñi zan. Orduan momentuan kale bakarra eguan, gerora `Barrenkale´ izena ipiñi jakona. Horren kaliorren inguruan 55 etxe eguazen eta 250 lagun biziko ziran han gitxi gorabehera. Gerora egin ziran beste kale bi, Elgeta eta Txurio. Holan, `kalia´ eta basarri ingurua zihero aparte gelditzen ziran. Bistarako bakarrik ez, bizimodua be geruago eta apartiago joian: basarri ingurukuak ganau, lur eta basuetatik etaratakuarekin bizi ziran artian, kalekua artesanixan, industrian eta tratuan-komerzixuan jarduten eben gehixena. Horrek esan gura dau bertako kristauak be aurrerantzian juridikamentian lehenguaz diferente zirala: horma barruetan bizi ziranak askatasuna euken euren biharra egitteko, eta baitta auzokuekin konpontzeko be.

Hortik aparte, San Andres elizako patronatuak Olasotarrena izaten segidu eban aurrerantzian be. Billia bera antxiñagotik eguanaren gaiñian egin zan: monasterixuaren inguruan, baiña lehenagotik be askatasuna euken burdiña-biharrian ziharduenak eskatuta. Leku entidade barrixa izatiaz gain, komunidade sentimiento barrixa be jaixoko zan: eibartarra izatia. Horrek eibartarrok gordeko eben aurretik etozan beste sentimiento batzuk be: pastore famelixa zabalen ondorenguak izatia, jakiñeko aldearen batekuak izatia, ero parrokixaren batekua izatia.

Unzuetako jauntxoak
Baiña orduan martxan hasi zan konzejutik kanpora geratu ziran Unzuetako jauntxuak; horrek esan gura eban aurrerantzian ezin ebela herrixan kargurik euki, ezta agindu be, eta herriko ondasunetatik ezin ebela onurarik etara. Baiña lehenagotik eukezen bentaja batzuk aurrerantzian be baeukezen, inguruko beste jauntxo batzuena baiño gitxiago bazan be.

- Fiskalak: ez eben bape inpuestorik pagau bihar, ez herrikuak ez probintziakuak, fogeren partiziñotik kanpora eguazelako.

- Personalak: prozesiñuetan alkatiaren ondorik lehelengo juaten zan Unzuetako jauntxua; mezetan be, alkatiaren ostian berak emoten eban bakia, beste iñork baiño lehenago; abadien lehelengo mezatan eta bodetan alkatiarekin batera hartzen eban ofrenden fuentia; eta horrekin abadiokin ero nobixuekin bazkaltzen eban zeremonixa egunian, senidia ez izan arren be, ero konbidauta ez egon arren. Gaiñera, senidiak izatera, eskutik oratuta eruan zeikiazan elixaraiñok.

Ez dakigu seguru “villa” moruan sortu zanian ala geruago, herrixaren jurisdiziñua ero mugak noiz zabaldu ziran oin egunian dakazen mujoiak eukitzeko. E. de Garibayren eritzixan, Eibar `ei + ibar´ litzake: `ribera del molino, ribera de la molienda´. Herrixa zelakua izango zan be argitzen dau: kaliak (Barrenkale, orduko kale bakarra; Erdiko kalia ero Elgeta-kale, eta Goiko kalia ero Txurio-kale), plazia, elixia, billako hormia; bidiak; basarrixetan bizi ziranak. San Andres elixia ardatza bazan be, ordurako Agiñako San Migel be izango zan.

“Carta Puebla” eukanetik, Eibarko herrixaren inguruan hormak altzau ziran. Baiña sartu eta urten egitteko, ate ero portalak bihar: bata, antxiñako Barrenkale barrenian egongo zan, erreka onduan; beste bat, Ardanzako Zubixaren entradan, Amarrenengua etxiaren albuan. Hormia, gaurko Ardanza kaliaren gora, Txirio kalera arte izango zan; handik ezkerretara, lehengo antxiñako Konzeju-zaharraren ostetik, Elgeta-kaliaren zihar, Barrenkalera joko eban eta, handik, han barreneko Portalera arte.

Holan, herrixaren `behekaldia´ Ego errekiarekin eta portal bixekin geratzen zan gordeta; beste guztia hormiak gordetzen eban. Herrixaren goikaldian egongo zan beste portalen bat. Hormaren barruan geratzen ziran Konzejua, Parrokixia, Plazia eta Ospitxala. Azken hau parrokixiaren ostian eguan eta fatxada nagusixa parrokixa aldera emoten eban.

Hainbat opari dastatzeko Armagintzaren Museoan
Eibarren 675. urteurrenak hilabete berezia eskainiko digu eibartarroi. 1346ko otsailaren 5ean sortu zen Eibar, Gaztelako Alfontso XI.ak emandako herri-agiriari esker. Hiriaren jarduera industrialak bereizi du beti Eibar. Hasierako errotak eta burdinolak ferramenteria bihurtu ziren pixkanaka, eta haiek eibartar armagintzaren sorrera eragin zuten. Lehenengo fabrika eta tailerrak industria handiak bihurtu ziren geroago, eta horrela sortu zen Eibarko armagintza tradizioa.

XX. mendean fabrika askok ekoizpen sistema aldatu zuten eta beste produktu berri batzuk ekoizten hasi ziren. Marka horiek gaur egun ere erabiltzen ditugu eta oso ezagunak dira: Alfa, Orbea, El Casco... Eibar armagintzaren arloan mundu mailako erreferentzia da oraindik, eta bertan ekoizten eta esportatzen diren objektuak kalitate hobe ezinekoak dira.

675. urteurren honen hilean, Armagintzaren Museoak Eibarren sorrerari buruzko bideoa prestatu du. Javier Elorzak idatzitako Eibar: orígenes y evolución, s. XIV al s. XVI liburua eta Xabier Untzetabarrenetxearen marrazki originala oinarri, Leire Kareagak prestatu ditu bideorako irudiak. Bideoa eta irudiak Museoaren harreran egongo dira ikusgai. Armagintzaren Museoko sarrera doanekoa izango da hilabete osoan.

Bailarako beste herriak
Gure bailarako herri gehienak sasoi berean sortu ziren. Eibarren kasuan Villanueva de San Andresen sortze-data 1346ko otsailaren 5a den moduan, urte bereko abenduaren 20an sortu zuten baita Elgoibar ere, Villamayor de Marquina izenarekin. Pixka bat lehenagokoa da Placencia de las Armas, gaur egungo Soraluze, 1343ko urriaren 15ekoa. Ermua handik 26 urtera sortu zuten, 1372ko urtarrilaren 20an, Gaztelako Juan I.aren baimenarekin, eta Bizkaiko Jaunak baieztatu zuen sorrera hori. Kostaldeko herriak urte batzuk lehenago sortu zituzten: Alfontso VIII.ak 1209an eman zion “Carta Puebla” hori Motricori, eta Borgoñako Santxo V.ak -orduko Leongo eta Gaztelako erregeak- Monreal de Deba izenarekin sortu zuen gertuen dugun hondartzaren herria 1294ko ekainaren 24an, Vitoriako foruek markatutako bidetik hurrengo urratsak egiteko. Mendaro oso herri berria da, 1983an sortutakoa, Elgoibarko Garagarza-Mendarozabal eta Mutrikuko Azpilgoeta bereganatuta. Mallabiaren sorrerak ez du datu zehatzik.