Gaur iluntzean “Amazonia” ikuskizuna eskainiko du Coliseoan Boliviako Ensamble Moxos taldeak

Gaur iluntzean “Amazonia” ikuskizuna eskainiko du Coliseoan Boliviako Ensamble Moxos taldeak
2016/09/29 eta kitto!



 




Gaur iluntzean (irailak 29) Boliviako Ensamble Moxos taldeak “Amazonia” ikuskizuna eskainiko du Coliseoan, 20:30ean. Raquel Maldonadok zuzentzen duen taldeko kide guztiak Boliviako San Ignacio de Moxos hiriko indigena gazteak dira eta euren emanaldia hiru hilabetez Europan egingo duten birari esker ailegatuko zaigu. Izan ere, datozen asteotan Espainia, Frantzia, Luxenburgo, Belgika, Alemania, Polonia, Suitza eta Italian erakutsiko dute euren sustraietan errotutako musika zein dantzekin osatutako ikuskizuna. Sarrerak 5 euro balio du eta bertan erosteko aukera dago.

Ensamble Moxos eta egiten duten musika ezagutzen dutenek diotenez, “herrian horrelako ikuskizunarekin gozatzeko aukera izanik, ezin daiteke galdu, benetan merezi duen emanaldia da eta”.  Mundu mailan errekonozimendu ugari jaso duen taldea da eta, besteak beste, Ensamble Moxosen herriko jaiek UNESCO-ren gizon-emakume guztien ondare ukiezin izendapena daukate. “Kolonizazio sasoian jesuitek misioa izan zuten San Ignacio de Moxos-en. 7.000 bat biztanleko herria da, batez ere abeltzantza eta merkataritzatik bizi dira eta orain dela 10 urtera arte argindarrik ere ez zuten”.
Baina musikak herriaren bizimodua goitik behera irauli zuen: “1996an hara beharrera joandako Maria Jesus Etxarri moja musika tradizionala gordetzeko ardura zahar batzuren esku zegoela eta inork ez ziela kasu handirik egiten konturatu zen. Zahar horiek desagertzean eurek hasitako lanarekin inork jarraituko ez zuela ikusita, ume eta gazte gutxi batzuk bildu eta musikarekiko zaletasuna haiengan pizten ahalegindu zen. Eta hasieran txikia zen ekimen horretatik gaur egun komunitatearengan eraginik handiena duen musika proposamena sortu zen: lehenik eta behin Musika Eskola eta, ondoren, Ensamble Moxos. Bigarren hau Musika Eskolako irakasle eta ikasle onenen eskutik eratu zen, eskolan egiten den lana erakusteko baliabide gisa eta, horrekin batera, eskolarako dirua lortzeko bidea ere bada”. Eskolak urtero 200 bat ume hartzen ditu eta, kasu askotan, lana aurkitzeko bidea ere bada.
Musika arloko heziketari ikerketa lanak jarraitu zion: urte luzez gordeta eta ezkutuan egondako musika berreskuratu eta gizarteratzeko lana. Probintzia osoan zehar sakabanatuta zeuden milaka eskuizkribuak bildu eta gero, Ensamblerentzat inspirazio iturri bilakatu ziren eta, horri esker, taldeak ahaztutako doinuak biziberritzea lortu du. Horrekin batera, partiturek izaera soziala eman diote taldeari eta, horrekin batera, komunitatearekiko duen konpromisoa sendotu. Horren guztiaren ardatza Musika Eskola da. Bolivian eta Boliviatik kanpora eskainitako ehundaka emanaldik, argitara emandako diskoek, Europan zehar zein Latinamerikan egindako birek… horiek guztiek agerian lagatzen ditu taldearen garrantzia zein bere musikak duen harrera ona.
Eskolak jasotzen dituen diru-laguntzak albo batera lagata, irakasleen soldatak ordaintzeko zein eskolako beste gastuei aurre egiteko dirua Ensamble Moxosek eskaintzen dituen emanaldiei esker lortzen dute, “sarreren salmenta eta salgai ipintzen dituzten diskoak salduta lor dezaketena, horiek dira diru-iturri nagusiak eskolarentzat zein herriarentzat”. Taldearen musika Spotify bitartez eskuratzeko aukera ere zabaldu dute.

moxos-3