Gaur zabaldu dute urriaren 16ra arte Untzagan egongo den Eibarko Liburu eta Disko Azoka

Gaur zabaldu dute urriaren 16ra arte Untzagan egongo den Eibarko Liburu eta Disko Azoka
2022/10/07 eta kitto!
Gaur goizean zabaldu dute Eibarko Liburu eta Disko Azoka Untzagan. Urriaren 16ra arte, egunero zabalduko dute azoka, astean zehar 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era; eta, asteburuan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Euskadiko Liburu Ganbarak Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatutako azokan %10eko deskontuarekin eskainiko dituzte literatura eta musikagintzako azken nobedadeak eta, horrekin batera, aukerako liburuak eta deskatalogatutakoak eosteko aukera ere egongo da. Gainera, asteburuetan liburu sinaketak egingo dira: Elordi Garcia, Miren E. Palacios eta Javier Sagastiberri idazleak etorriko dira. Bestalde, azokarekin batera “Amatasuna. Euskal idazle emakumeak” erakusketa ere prestatu dute.

Azoka zabaltzearekin batera egin dute aurkezpena Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak, Eva Alberdi Eibarko Udal Liburutegiko arduradunak eta Euskadiko Liburu Ganbarako Asier Muniategik. Azken honek nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da liburutegietan urte osoan egiten den lana, jendeak gehiago irakur dezan”. Ildo horretan, Eibarko liburutegian asmo horrekin martxan dauden egitasmoak ekarri ditu gogora bertako arduradunak: “Haur eta helduen irakurle-taldeekin batera, aurten lehenengoz antolatu dugu ‘Zurrumurruen kontrako literatur-laborategia’ eta laster hasiko da Martin Azpilikuetak emango duen komiki tailerra ere”.