Gena Baamonde, antzerki-zuzendaria: “Asko kostatzen da hainbat eskubide lortzea, baina oso gutxi galtzea”

Gena Baamonde, antzerki-zuzendaria: “Asko kostatzen da hainbat eskubide lortzea, baina oso gutxi galtzea”
2019/11/14 eta kitto!
A Panadaria’ antzerki-taldeak Elisa eta Marcelaren istorioa kontatuko du bihar, hilaren 15ean, 20:30ean, Coliseoan. A Coruñako San Xurxo elizan ezkondu ziren Elisa eta Marcela, eta Areta Bolado, Noelia Castro eta Alien Kendelman aktoreek umore kutsuarekin kontatuko dute Gena Baamondek idatzi eta zuzentzen duen istorioa.

 

- Zeintzuk izan ziren Elisa eta Marcela?

1901. urtean ezkondu ziren bi emakume galiziar izan ziren, Espainiako estatuko emakumeen arteko lehen ezkontzako protagonistak. Elisa gizonezko bezala mozorrotu zen eta apaiza ez zen konturatu. Gainera, guk dakigunez ezkontzak elizan erregistratuta jarraitzen du gaur egun, elizak ez zuen baliogabetu. Istorio liluragarria da, telesail bat egiteko modukoa. Bikoteak guztia prestatu zuen. Galiziara bueltatu zen Marcelaren lehengusu protestante bat zela esan zuten eta katolizismora pasa nahi zela. Orduan, gizonezko bezala bataiatu zuten, paper berriak eman zizkioten eta, horrela, ezkondu egin ahal izan ziren.

- Telesail bat ez, baina antzezlan bat egin duzue gai honen inguruan. Noraino da erreala eta noraino fikziozkoa?

Nahiko sinesgabeak gara historiarekiko, ni bereziki. Gaur egunera arte kontatu diguten historia nahiko heterozentratua izan dela onartu behar da, gizonek kontatu digutena eta emakumeak albo batera utzi dituena, eta zer esanik ez LGTB komunitateko pertsonak. Beraz, zer da errealitatean gertatu zena? Narciso de Gabrielek Elisa eta Marcelari buruz idatzitako liburuan ekintza dokumentatu batzuk azaltzen dira, baina handik eta hemendik kontakizun ezberdinak heltzen zaizkigu. Orduan, dokumentatuta dauden ekintzetatik abiatzen gara fikzioa egiteko.

- Antzezlanak 1901. urtera eramaten gaitu. Nolakoa zen sasoi hartako gizartea?

Galizia eta Euskal Herriko testuinguruak ezberdinak zirela uste dut. A Coruña, adibidez, nahiko hiri frantsestua zen. Elisa eta Marcela inozotzat jartzen dituzte hainbat tokitan, egin zutena pentsatu barik egindako zerbait izango balitz bezala, baina irakasleak ziren, kultuak, eta trabestismoa jendeak pentsatzen duena baino ohikoagoa zen sasoi hartan. Erraminta moduan erabiltzen zen. Batzuetan iraganaren ikuspuntu urria dugu eta iraganeko kontuetan pixka bat harraskatuz gero, harritu egin gaitezke.

- Elisa eta Marcelaren ezkontzatik 118 urte pasa badira ere, gauza asko dago egiteko LGTB gaien inguruan?

Ezetz esatea gustatuko litzaidake, baina bai, gauza asko dago egiteko. Ez dut alarmista izan nahi, nahiko egoera ona dugula uste dut, baina justu egun hauetan nahiko sentikorra sentitzen naiz politikak hartu duen norabide ultraeskuindarrarekin, oso testuinguru arriskutsuetan murgildu garelako eta duen garrantzia ematen ez diogulako. Asko kostatzen da hainbat eskubide lortzea, baina oso gutxi galtzea.

- Zuek ere arazoak izan zenituzten hasieran antzezlana eskaintzeko. Zer gertatu zen?

Ez dut asko esajeratu nahi, baina hasieran hainbat gauza gertatu ziren. Lesbianismoa sustatzen genuela eta publiko guztientzako antzezlana ez zela esan ziguten. Ez genekien barre edo negar egin. Gero, publikoaren harrera hain ona izan zenez eta sariak jaso zituenez, inor gehiago ez zen ausartu antzezlana zalantzan jartzera.