Zapatu honetan, apirilak 15, Gipuzkoan Gazte Tour ekimena izango da Eibarren

Zapatu honetan, apirilak 15,  Gipuzkoan Gazte Tour ekimena izango da Eibarren
2023/04/11 eta kitto!
Apirilaren 15ean, zapatua, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak geldialdia egingo du Eibarren eta izen handiko hiru musika talde eta artista ekarriko ditu Untzaga plazara.: Meler, Andriu eta Oihan Vega. Ekitaldia 20:00etan hasiko da Untzaga plazan eta doakoa izango da.

Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak nerabe eta gazteei kultur programazio erakargarria eskaintzea du helburu eta probintziako lau herritan egongo da (Andoain, Ordizia, Tolosa eta Eibar), bakoitzera talde ezberdinak eramanez eta lurraldeko talentuei eszenatoki gainean aritzeko aukera emanez.

Talentu horietako bat da Andriu. Andrea Garcia eibartarra dago proiektu honen atzean eta herrian hainbatetan izan dugu bere ahots gozoaz gozatzeko aukera. Orain dela bi urte eta erdi ‘Hoy vas a triunfar’ lana kaleratu zuen eta zenbait telebista saiotan ikusi ahal izan dugu (Bago!az eta Top Star, besteak beste). Sare sozialetan bere abestiez gozatzeko aukera emateaz gain, beste artista batzuen abestien bertsioak maisuki lantzen ditu. Eta ez hori bakarrik, marrazkilari bikaina ere bada. Beraz, hilaren 15ean aukera ederra dugu artista eibartarra zuzenean jotzen ikusteko.

Metrotik eszenatoki handietara
Loren, Javi eta Jonathan ‘Meler’ musika taldeko kideek 2018an ezagutu zuten elkar musika akademia batean. Bakarlariak ziren, baina euren artean oso ondo konektatu eta bat egitea erabaki zuten. Madrilgo metroan jo zuten denbora batez eta 2019an ‘Meler’ sortzea erabaki zuten. Hasiera batean euren artista gustukoenen abestien bertsioak egiten zituzten, gehienak ingelesez (Londresen ibili ziren aurretik denbora batez), baina poliki-poliki abesti propioak sortzen joan ziren eta horrela etorri zen ‘Waking Up’ (bideoklipa Madrilgo metroan grabatu zuten). Eta, orduan, pandemia iritsi zen. Taldeak bere soinuari buelta eman eta gazteleraz grabatzen hasi ziren. Horrela iritsi zen ‘Decidí’ lana eta Taburete, DVICIO eta Complice taldeen telonero izaten hasi ziren. Jatorri ezberdineko kideak izanik, bere musikak ezaugarri ezberdinak ditu, pop musika gailentzen den arren. Musika alaia eta positiboa egiten saiatzen dira, ‘rollo’ onekoa. ‘Pop energikoa’ egiten dutela dio hirukoteak.
‘Meler’ Benidorm Fest 2023 lehiaketara aurkeztu zen ‘No nos moverán’ abestiarekin, baina taldeak ezin izan zuen lehen finalerdikoa gainditu.

Oihan Vega dinamizatzaile
Oihan Vega DJ-a izango da Eibarko Gipuzkoan Gazte Tourreko zeremonia-maisua eta, kontzertuen ostean, Disko Festa Gaztea! showcase-a eskainiko du. 500 emanaldi baino gehiago eskaini ondoren (Eibarren hainbatetan izan dugu), Oihan Vega erreferentziazko DJ-a da Euskal Herrian, eta ETBn eta Gaztea Irratian parte-hartzeagatik ere bada ezaguna.