Grabatu eta damaskinatu tailerrarekin, tradizioaren haria ez da eten

Grabatu eta damaskinatu tailerrarekin, tradizioaren haria ez da eten
2023/02/10 eta kitto!
Armagiñak elkartearen ekimenez eta Eibarko Udalaren laguntzarekin eman zitzaion hasiera urrian grabatu eta damaskinatu tailerrari Armeria Eskolan. Harrezkero, 20 lagun ibili dira gure herriari “hainbeste ospe eta aberastasun eman zion arteari buruzko ezagutzak jasotzen”, antolatzaileen berbetan.

 

Lehenengo hilabeteetan grabatuari eta damaskinatuari buruzko teoria jaso ondoren, praktikak egiteko sasoia dute orain ikasleek. “Zerotik hasi dira”, esan digu Alberto Etxaluze grabatu eta damaskinatu tailerraren koordinatzaileak. Horrela, materiala, erremintak, teknikak eta bestelako gauzak ikasi behar izan dituzte, baina goi-mailako irakasleak eduki dituzte horretarako.

Ofizioa Maria Asun Noguesen eta Armando Madinabeitiaren eskutik ikasi duen Gorka Garate da tailerraren irakaslea, eta ikasleek Juan Luis Baroja Collet Debako Arte Eskolako kidearen eta Javier Lopez Goñi grabatzailearen aholkuak jaso ahal izan dituzte ibilbidean zehar. “Ohore handia da Javier bezalako grabatzaile bat hona etortzea”, diosku Etxaluzek. “Gainera, Baroja Colletek eta Lopez Goñik ere euren jakintzak gogorarazi ahal izan dituzte ekimen honen bitartez”, gehitzen du.

Lopez Goñirentzat grabatua dena izan da bere bizitzan. “Hori barik, hil egingo nintzateke”, aitortu digu. Bere koadernoan benetako maisulanak diren marrazkiak ditu, gero grabatuak egiteko plantilla moduan erabiltzen direnak, eta bere lanak mundu guztian zehar daude sakabanatuta. Pertsona ospetsu askorentzako egin ditu piezak, baina espreski bat ez egitearen arantza geratu zitzaion. “Enkargu bat jaso nuen, baina ez zidaten esan norentzat izango zen eta, gora eta behera ibili ondoren, egin barik geratu zen. Ba Fidel Castrorentzat zen! Jakin banu, egin izango nion. Nire idoloa zen!”, diosku.

 

Zerotik ikasten

Materialak ezagutu ondoren, damaskinatua lantzeari ekin zioten ikasleek. “Klasean egindakoa amaitzerakoan, piezak euren etxeetan lantzen zituzten eta martitzenetan etxean egindakoren inguruan jarduten genuen”, azaldu digu Etxaluzek. Horren ondoren, grabatuari ekin zioten. “Javier Lopez Goñiren eskutik jaso zituzten klaseak eta, marrazki eta eredu batzuetatik abiatuz, ikasleek grabatzen ikasi dute”, gehitzen du.

Lan horiek egiteko behar den materiala lortzea ez da batere erraza eta jendearen donazioak jaso dituzte aurrera egin ahal izateko. “Grabatzaile-bola lortu ahal izan dugu eta beste material batzuk erosi egin behar izan ditugu, baina batzuk eman egin dizkigute (xixelak, mailuak...). Armeria Eskolakoek gauza batzuk laga dizkigute”, diosku Etxaluzek.

Herriko ondarea Ikastaroaren antolatzaileak pozik daude ekimenak jaso duen erantzunarekin eta jarraipena eman nahi diote. “Dirulaguntzen zain gaude, baina erdi-mailako ikastaroa antolatzea da gure asmoa”, Etxaluzeren berbetan.

Grabatua eta damaskinatua herriko ondareak dira, urteen poderioz galtzen joan den legatua. Horregatik, tradizioari eutsi eta berpizteko asmoz, Armagiñak elkarteak indarra eman nahi dio ikastaro honekin hasitako mugimenduari. Etxaluzek azaldu digunez, “hemen parte hartzen dutenek grabatu enpresaren batean lan egiten hastea da gure asmoa, baina trebetasun handia behar da horretarako eta ordu asko sartu behar dira”.

Horrez gain, armagintza-tailerra egitea ere proposatu dio elkarteak Udalari. “Armagintzaren industrian dauden hutsuneak betetzea da proposamenaren helburua, eta badaude formazioa eskaintzeko prest agertu diren enpresak eta ikasi nahi duten bost ikasle ere bai”, Etxaluzek esan digunez. “Armagintzako enpresa bi ixteko zorian daude, arduradunak erretiratu egin behar direlako, eta prest daude euren ezagutzak ikasle berri hauei eskaintzeko enpresek jarraipena izan dezaten. Herriko ondarea da eta ezin dugu desagertzen utzi”.

Herritik sortutako ekimen hauez gain, kanpotik ere etorri dira grabatua eta damaskinatua babesteko laguntzak. “Zumaiako elkarte batek Eibarko damaskinatua altxor bizi bezala izendatua izateko eskaera egin nahi du UNESCOn”, kontatu digu Etxaluzek. “Angel Edok egindako bideoa dugu eskuetan eta eskakizun hori ondo prestatzen dihardugu”.

 

Trebezia eta pazientzia

Armeria Eskolan egin dugun bisitan Usua Anitua eta Mikel Elorza ikasleekin egin dugu topo. Biek ala biek harremana dute diseinu kontuekin profesionalki. “Eurekin batera dabil, gainera, Ander Arroitajauregi luthierra”, diosku Etxaluzek. “Euren lanari balio erantsia eskaintzen die hemen ikasitakoak, eta beste ikasle batzuentzat zorrak kitatzeko modu bat izan da. Adibidez, Zuloagatarren lanak maite dituen neska bat etorriko da orain damaskinatua egiten ikastera”, gehitzen du.

Zailtasuna handia izanik, Elorzarentzat errazagoa da grabatua egitea damaskinatua baino. “Grabatua materiala kentzea da eta damaskinatua materiala gehitzea. Hasieran frustragarria zen, gauzak berehala egitera ohituta gaudelako. Demaseko pazientzia behar da ikasteko”, esan digunez.

Lan fina egiten dute bai berak bai Anituak eta arreta handiz entzuten dituzte Baroja Colleten eta Lopez Goñiren aholkuak. Eskuetan dute herriko tradizioaren etorkizuna.

[foogallery id="126838"]