Gure Zirkua, udarako plan magikoa

Gure Zirkua, udarako plan magikoa
2022/07/28 09:30
eta kitto!
“Zirkua fantasiari atea zabaltzea da”. Ba al da zirkuaren definizio aproposagorik? Gure Zirkua osatzen dutenen berbak dira horiek eta, azken bost urteetan egin dutena ikusita, ez zaie arrazoirik falta. Zirkuaren magia Euskal Herriko txoko guztietara eraman dute, euskaraz, eta ezinezkoa egi bihurtzen jarraituko dute uda honetan ere.

 

Durangon, Amurrion, Lezaman eta Ispasterren egon ondoren, Gure Zirkuak Gipuzkoa aldera joko du abuztuan, Oriora hain zuzen ere. Han egongo da hilaren 4tik 28ra, eguenetik domekara, 19:00etan, Oria ibaiaren ertzean zirkuaren magia zabaltzen. Ikuskizun bakoitzean 350 lagun inguru sartuko dira eta gurezirkua.eus webgunean erosi daitezke sarrerak.

Iker Galartza aktore eta pailazoa da Gure Zirkuaren alma materra eta Oriora iritsi berri harrapatu dugu telefonoaren beste aldean beroari aurre eginez zirkua muntatzen hasteko asmoz. “Zirku-ikuskizuna eskaintzen dugunok egiten dugu zirkuaren muntaia”, diosku Galartzak, baina publikoarekin sortzen den lotura hain da berezia, hainbat tokitan herritarrek muntaia egiten laguntzen dietela. “Publikoa alde izaten dugu eta dena ematen digute”, gehitzen du. Lan astuna da, baina zirkua herri batera heltzean sortzen den giro berezia ikustean, lana gozamen bihurtzen da. “Batez ere herri txikietara joaten garenean zerbait berezia sortzen da, ez dutelako bestelako programazio kultural handirik”, esan digu Galartzak.

Ispasterren egindako egonaldia, adibidez, maitasun handiz gogoratzen du aktoreak. “Ispasterren hamabost egun besterik ez gara egon, baina nahikoak izan dira lagunak egiteko. Gainera, ikuskizuna egin ondoren bainua hartzea zoragarria izan zen”. Eta ez hori bakarrik. “Emakume batek esan zigun bakarrik bizi zela eta bere etxeko dutxak eskaini zizkigun bainua hartzeko. Bestetik, gutako bat gaixo jarri zen eta berehala deitu zioten medikuari. Herri txiki baten dena da gertukoa eta berezia. Egia da hiri handi batetan zirkua errazago betetzen dela eta herri txikien kasuan hara eta hona ibili behar garela promozioa egiten, baina emaitza ona denean eta gauzak ondo irteten direla ikustean pozez zoratzen jartzen gara”, gehitzen du.

Iker_Galartza

 

Bost urteko bidea

Gure Zirkuak orain dela bost urte hasi zuen bidea. “Bere sasoian Txirri, Mirri eta Txiribitonek Zirko Mundiala sortu zuten, baina horrelako zirku bat, euskaraz, bertakoa, herriz herri mugitzen dena eta hemengo artistekin, teknikariekin eta abarrekin... ez zegoen horrelakorik”, azaldu digu Galartzak. Beraz, zirkoaren erromantizismoaz kutsatuta, zirkua sortzea okurritu zitzaion familia eta lagunekin: Gure Zirkua.

Ametsa errealitate bihurtzea patxadaz hartu zuten, helburua ez zelako nolanahikoa. “Asko mugitu ginen, herrietako agintariak konbentzitzen ibili behar izan ginen eta kamioi bat erosteko erabakia hartzea ez zen erraza izan. Hau da, kamioi bat zirkurako erostea eta ez garraiorako. Ahalegin ekonomikoa egin behar izan genuen, baina poliki-poliki joan gara gauzak hobetzen (bizi-kalitatea, muntaia, segurtasuna...)”, esan digu Galartzak.

Hobekuntza horien erakusle da Gure Zirkuak azken aldian aurkeztu duen eszenografia berria. “Gure artean harreman sendoa dugu eta afalosteetan-eta hainbat ideia sortzen zaizkigu. Horrela okurritu zitzaigun eszenografia aldatzea eta, funtzionatzen ez badu, aurrekora itzuliko gara”, diosku pailazoak lasai asko. Gure Zirkuak dekoratu, sketch, saio eta proposamen berriak ditu. “Dena ezin da kolpetik egin, baina herriz herri goazela, poliki-poliki, gauza berriak eskaintzen ditugu”, Galartzaren berbetan. “Berritasun batzuek ez dute funtzionatzen, baina beste batzuk bai, eta zerbait txukuna irteten da hortik”.

‘Handia’ pelikulan ikusi ahal izan dugun Joseba Usabiaga da Gure Zirkuaren aurkezlea eta ikuskizun aberatsa ikusteko ateak irekitzen dizkigu. “Badakizu ondo pasatu eta barre egingo duzula”, diosku Galartzak. “Zuzeneko musika eskaintzen dugu, akrobaziak (airean eta lurrean), pailazoak, magia, malabarismoak, Houdini handiaren trukoak... Lan polita da, xehetasunez betea, eta jendeak baloratzen du”, aktorearen ustez.

gure zirkua

 

Udako plan egokia

Galartzaren ustez udan gozatzeko plan egokia da Gure Zirkua ikustera joatea (“Gipuzkoako jendea etortzeaz gain, Bizkaia, Nafarroa eta beste hainbat tokitakoak ere gurekin izatea espero dugu”) eta honako proposamena egiten digu: “Kostaldera egunpasa egitera etorri zaitezkete, hondartzaz gozatu, aperitiboa hartu eta arratsaldean zirkura”.

Orioko egonaldia amaitu ondoren Nafarroa aldera joko du Gure Zirkuak eta berarekin eramango du zirkuaren magia.

gure zirkua1 gure zirkua5

2021-05-09, Muxika. Gure Zirkuan. 09-05-2021, Muxika. Gure Zirkuan. (Pilota - Pelota;Txapelketak - Torneos)

gure zirkua8