Dantza-eskolek urte osoan egiten duten lana kalean erakutsiko dute barixakuan, herrian zehar egingo dituzten emanaldietan

Dantza-eskolek urte osoan egiten duten lana kalean erakutsiko dute barixakuan, herrian zehar egingo dituzten emanaldietan
2023/04/26 eta kitto!
Apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Udalak eta herriko dantza-eskolek hori ospatuko dute barixakuan, arratsaldean dantza-saioak kalean eskainita. Koa Dantza Estudioa, Biraka Dantza Taldea, Ballet Eibarrés, Kaxa, Nele Dantza, Kezka Dantza Taldea, Eva akademia eta Untzaga Jubilatuen Etxea kalera irtengo dira, 17:30etik aurrera Untzaga plazan, Ego Gainen, Torrekuako parkean, Urkizu parkean eta Errebal Plazan dantza-saioak egiteko. Horrela, urte osoan egiten duten lana herritarren aurrean erakutsi nahi dute. Hala azaldu dute gaur goizean, dantza eskoletako ordezkariek Jon Iraola alkatearekin eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziarekin eman duten prentsaurrekoan. Aipatutako bost toki horietan dantzan aritu eta gero, 18:45ak aldera talde guztiek Untzagan bat egingo dute, bertan dantzan jarraitzeko. Ondoren, 20:30ean, Mugi Panderoa taldeak girotutako erromeria hasiko da, Untzgan bertan.

Alkatearen berbetan, “dantza jarduera fisikoa egiteko modurik osatuenetako bat da eta, horren harira, ospakizun hau aprobetxatu nahi dut dantzak duen balioa azpimarratzeko, ez bakarrik jarduera fisikoari dagokionez, baita sozializazio eta adierazpen gisa duen garrantzi kultural eta sozialari dagokionez ere”.

Zentzu horretan, Klub Deportiboaren barruan dagoen Kezka dantza taldeko Oier Araolazak dantzak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Herritarrak hezteko behar-beharrezkoa da dantza. Jarduera fisikoa egiten dugun bitartean, gure burmuina garatzen goaz eta, gainera, disfrutatu egiten dugu. Taldean egiten denez, edozein gizartek behar duen sinkronizazioa eta kohesioa ere lantzen dugu, konturatu barik”. Ildo horretan, oso kritiko agertu da une honetan ezbaian dagoen EAEko Hezkuntza Lege Proiektuak, aurrekoek bezala, dantza irakasgairik ez duelako jasotzen.

Horrekin batera, Eibarren dantzak duen kalitatea nabarmendu du, dantzan aritzen direnen kopuruaren garrantzia azpimarratzeaz gain: “Hemen ordezkatuta gauden taldeetan, guztira 1.286 lagun aritzen gara urte osoan dantzan. Horietatik 571 umeak dira eta 678 helduak. 37 dantza irakasle gara eta denera astero 175 ordu ematen ditugu dantza egiten”. Lantzen dituzten estiloak ere askotarikoak dira: balleta, euskal dantzak, garaikidea, klasikoa, areto-dantzak, latinoa, lirikoa, hip-hop, urbanoa, fitness, break dance, akrobatikoa, batxata, biodantza, sevillanak, flamenkoa, salsa… Hala ere, oro har, egiten duten lan handi hori nahiko ezezaguna izaten jarraitzen du, “dantzan aritzen direnetatik %93 emakumeak direlako”. Hori dela eta, Dantzaren Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin kalera irtenda, herritarren artean dantza ezagutzera eman nahi dute.