IDOIA TORREGARAI: “Umorea eta jakintza koktel-ontzian sartu ditugu”

IDOIA TORREGARAI: “Umorea eta jakintza koktel-ontzian sartu ditugu”
2022/03/28 eta kitto!
Hilaren 30ean, 18:00etan, Barredromoa jasoko du Markeskua jauregiak. Bertan, Mirari Martiarenak, Olatz Perez de Viñasprek, Ana Galarragak, Leire Narbaizak, Oier Araolazak, Gorka Guenagak, Koldo Garciak eta Josu Lopez Gazpiok bakarrizketak egingo dituzte, Idoia Torregarairik aurkeztuko duen saioan. Sarrerak hemen: komunikazioa@ueu.org

 

Nola prestatu behar gara Barredromora joateko?

Barre egiteko gogoa besterik ez da behar. Izen honekin, ekitaldi ezberdin batera goazela jakinarazi nahi genuen. UEUri eta zientziari buruzko umorezko zortzi bakarrizketa egingo ditugu, tartean zenbait hizlari eibartar izango ditugularik. Korrika aitzaki hartuta, ekintza honekin Markeskuako ateak ireki nahi izan ditugu zerbait ezberdina eta ludikoa eginez. Beraz, umorea eta jakintza koktel-ontzian sartu ditugu eta Barredromoa irten da.

 

Hizlariek nola jardungo dute Barredromoan?

Bakoitzak nahi duen gaia aukeratuko du 5-7 minutuko bakarrizketa egiteko. Askorentzat lehen aldia izango da horrelako ekintza batean. Beste arlo batzuetan ikusi izan ditugu, baina beste erregistro batean arituko dira orain eta oso zaila da. Asko eskertzen diet parte hartu izana, ausartak izan dira.

 

Dena dela, aukeratu badituzue, zerbaitengatik izango da, ezta?

Bai! Umorerako joera duten eibartarrengan pentsatzen hasi nintzenean, adibidez, Leire, Oier eta Gorka etorri zitzaizkidan burura.

 

Unibertsitatearekin, zientziarekin eta horrelakoekin lotura dute hizlariek, jantziak direla esan daiteke, baina barrea eragitea ikasi egin daiteke?

Bai! Dena bezala, entrenatzea da kontua. Nik maratoi bat egin dezaket orain? Ez! (barreak) Baina entrenatuko banintz, beharbada bai. Umorearekin, antzera. Praktikatu, entzun, ikusi, jaso eta probatu egin behar da, eta gaizki irteten bada, berriz saiatu. Hizlari batzuek bis komiko gehiago dute, beste batzuek seriotik jotzen dute gehiago… Umore mota ezberdinak ikusiko ditugu saioan. Esperimentua da, baina zerbait polita irtengo da.

 

Zu zeu bakarrizketak eskaintzen ibili zara. Hasiberrientzat aholkurik?

Gozatu dezatela, besterik ez. Familia giroan egingo da saioa, badakite zer esan behar duten eta, ondo prestatuz gero, lasai egin dezakete. Alde batekoek zein bestekoek asko eskertuko dute hurbiltasuna.