IKER GALARTZA, aktorea: “Zirkoak saltzeko, erakusteko eta jendea erakartzeko beharra du, politikak bezala”

IKER GALARTZA, aktorea: “Zirkoak saltzeko, erakusteko eta jendea erakartzeko beharra du, politikak bezala”
2022/02/28 eta kitto!
Batzuentzat sinisteko zaila izango bada ere, politikariek sentimenduak dituzte. Robot itxurako esatari horien atzean pertsonak daude eta hori adierazten saiatzen da Iker Galartzak ‘Lehendakari gaia’ antzezlanean. Umorea ez da faltako, baina barre eginez gai serioak lantzeko balio izango du. Txalo antzerki-taldearen ekoizpena gaur egongo da ikusgai, 19:00etan, Coliseo antzokian.

 

Sentimenduak dituen politikari baten azalean sartzen zara antzezlanean. Lan zaila izan da?

Lehendakariaren papera egiten dut, baina enpresa handi bateko burua edo ardura handia duen pertsona bat izan daiteke. Boterea eta eragina duen eta gizartea eralda dezakeen pertsona da, baina antzezlanean ikusten dena da beste edozein pertsona modukoa dela. Hau da, besteek bezala ipurdian zuloa daukala.

 

Umorea erabiltzen duzue horrelako pertsonek izan ditzaketen arazoen inguruan jarduteko. Zer lortzen duzue horrela?

Horrelako pertsonak humanizatzea. Umoreak bizitasuna ematen dio pertsonaiari. Umorearen bitartez mota horretako pertsonak ulertzen saiatzen gara. Antzezlanak gure buruaz barre egiteko gai izan behar garela erakusten du. Obra ikusi duen jende askok zera esan dit: “Nolako egiak esaten dituzuen!”. Beste askok, ostera: “Zeinen ondo pasa dugun!”. Beraz, antzezlanaren mezuaren atzean ikusi nahi duenak, ikusiko du; baina, bestetik, denbora atsegina pasa eta barre egin nahi duenak era horretarako aukera izango du.

 

Batzuetan beste pertsonen azalean jartzea falta zaigu?

Bai. “Orain hau etorriko da eta berak esango digu zer egin dezakegun eta zer ez? Tira tira”, esan ohi dugu. Antzezlanean, adibidez, Lehendakaria psikiatrarenera doa eta ez dakit nora bidaliko duela esaten dio psikiatrari, berak edozer egin balezake bezala. Gero, emazteak Lehendakariari deitzen dio eta inbestidura-hitzaldirako soineko gorria jantzi nahi duela esaten dio. Lehendakariak ezetz erantzuten du, itxura transbertsala eman behar duela, aholkulariek horrela diotela eta abar esanez. Azkenean, emazteak soineko gorria janzten du, horrela nahi duelako. Hau da, herri bat gobernatu dezake, baina beste pertsona batzuk daude bere gainetik, berak ez du dena erabakitzen.

 

Beraz, zuk diozuna, azken neurrian pertsonak direla.

Politikariek familia dute eta gurasoak, adibidez, lan arruntetan ibili ahal izan dira (okinak, dendariak, tailerreko langileak...). Eurek pentsatu dezakete politikari guztiak alferrak direla, politikan sartzen direnak beste ezertarako balio ez dutenak direla. Hau da, lana ez den beste guztia denbora alferrik galtzea dela. Gure pertsonaia irakurketa hori egiten duen familia batetik dator eta familiari zertarako gai den erakusteko beharra sentitzen du. Hau da, alferra ez dela, gizartea eraldatu nahi duelako dela Lehendakaria, zerbitzurako bokazioa duela.

 

Lehendakaria psikiatrarenera (Zuhaitz Gurrutxaga) joaten da. Laguntzen dio?

Lehendakariak ez du ikusi nahi zer gertatzen zaion. Ez daki zergatik dagoen horrela, zergatik gertatzen den hori guztia, eta kanpotik ikusi behar du. Zer gertatzen den erakusten dio psikiatrak, barrura begiratzen laguntzen dio.

 

Gure Zirkuarekin hara eta hona ibili zara azken urteotan. Politikak ere badu zirku kutsua?

Bai, duda barik. “Zailena egingo dugu orain”, esaten da zirkoan, eta gero munduko ariketa errazena egiten dute. Zirkoak pikarokeria puntua du; saltzeko, erakusteko eta jendea erakartzeko behar hori. Politikak ere hortik asko dauka.

 

Zer moduzko esperientzia dihardu izaten Gure Zirkoak?

Gabonen ostean geldialdia egin dugu, Errege Magoak joaten direnean zirkoa ixten dugulako, baina orain numero berriak sortzen, pailazoen sketch berriak pentsatzen, aldaketak egiten, jende berria lortzen (bajak ere badaudelako)... dihardugu. Pena ematen digu jendeak zirkoa uztea, baina baita ilusioa ere, jende berria sartzen delako, jende gaztea. Dekoratua ere aldatzen gabiltza, fokoak toki batetik bestera mugitzen. Egun batean hamar ordu pasa ditzakegu zirko barruan lanak egiten, baina beste batzuetan lanerako asmoekin joaten gara eta garagardo bat hartu eta lagun artean pasatzen dugu eguna. Udaberrian berriz martxan jartzeko asmoa dugu eta herri batetik deitzen digutenean bertara joan behar izaten gara neurriak hartzera, zirkoa non jarri dezakegun ikusteko.

 

Urteak daramatzazue martxan, baina zirkoa ez duzue Eibarrera ekarri. Zergatik?

Ez dakit Eibarren leku aproposik dagoen zirkoa jartzeko. Herri malkartsua duzue! Porrotxi askotan esaten diot: “Zuhaitzen kontuarekin nolako kaltea egiten ari zareten!”. Belardi bat dagoen toki guztietan zuhaitzen bat dago erdi-erdian eta ez digu zirkoa jartzeko tokirik lagatzen (barreak). Herri batzuetatik deitu izan digute zirkoa jarri nahi dutela esateko, baina batzuetan ez dago aukerarik. Eibartik deitu ziguten azken aldian esan ziguten zirkoa Untzagan jartzeko. “Ez dakizue zer diozuen”, erantzun genuen. Plaza handia da, baina esan bizilagun guztiei musika jarrita izango dutela egunero...

 

Eibarren ez bada ere, hemendik hurbil ikusi ahal izango dugu?

Pandemiaren urtean Elgoibarrera joatekoak ginen zirko txikiarekin, baina atzeratu egin behar izan zen eta, gero, ezarri zituzten neurrien ondorioz zirkoa handiagoa ekarri behar genuenez, ez zen pentsatutako tokian kabitzen. Hala ere, maiatzean Durangon egongo gara. Beraz, nahiko hurbil izango duzue.