Iñaki Larrañaga artistari buruzko bideoa ipini du ikusgai Udal Artxiboak

Iñaki Larrañaga artistari buruzko bideoa ipini du ikusgai Udal Artxiboak
2022/02/22 eta kitto!
Eibarko Udal Artxiboak Iñaki Larrañaga artista eibartarraren omenezko bideoa igo du bere Youtube kanalera.

Iñaki Larrañaga Iglesias Eibarren jaio zen, 1931n, baina gerraren ondorioz Elgoibarrera joan zen, oso umea zela, eta han igaro zuen bere bizitzaren zati handi bat. Besteak beste pintura eta eskultorea landu dituen artista honek lehen bakarkako erakusketa orduko Sociedad Cultural Recreativa Arrateren aretoan egin zuen. Haren ondoren, beste batzuk etorri ziren: Donostia, Lizarra, Cuenca, Oiñati, Bergara, Getaria, Tarazona, Zarautz, Eibar, Deba…

Fernando Beorlegi, Daniel Txopitea eta Marino Plazarekin batera, Gorutz taldearen sortzailea ere bada. Artisten arteko adierazpen eta laguntza-modu berriak ikertzeko sortu zen talde horren lehen erakusketa 1974ko otsailaren 9an inauguratu zen, Eibarko Caja Laboralean. Geroago Elgoibar, Gernika, Irun, Gasteiz eta Iruñean erakutsiko zituzten beraien artelanak.