Iñigo Etxezarreta, ETS: “Azken zortzi urteetan inoiz espero ez genuena bizitzen ari gara”

Iñigo Etxezarreta, ETS: “Azken zortzi urteetan inoiz espero ez genuena bizitzen ari gara”
2022/06/17 12:00
eta kitto!
En Tol Sarmiento (ETS) taldeari dagokio San Juan jaiei hasiera musikala emateko ardura, baina jai giroan bikain aritzen den bandarik bada, Ekorako (Araba) taldea da. ETS-ren musika alaiak Untzaga girotuko du gaur gauean, 23:00etatik aurrera, eibartar askok hainbeste itxaron duten kontzertuan.

ETS taldea 2005 sortu zen eta gaurkoa estreineko kontzertua izango dute Eibarren. Iñigo Etxezarreta ETS-ren abeslari eta gitarra-jolea gogotsu dago gaueko zitaren aurrean eta taldeak azken boladan bizi duen arrakastaz gozatzen ari dela esan digu.

 

San Juan jaiei hasiera emateko ardura duzue, baina zuen musikak oso aproposa dirudi jai-giroa pizten joateko, ezta?

Gu behintzat gogo handiarekin goaz Eibarrera. 17 urte daramatzagu talde bezala eta oraindik ez dugu han jo! Gainera, udako lehen kontzertua izango da guretzat Euskal Herrian eta Untzagan jendea biltzea espero dugu.

Baietz uste dut, jendeak gogotsu itxaroten duelako zuen ikuskizuna.

Eibarko kontzertuari buruz bizpahiru komentario jaso ditugu eta badirudi kontzertu handia izango dela. Pantaila erraldoiak jarriko dituzte eta ahalik eta kontzertu onena eskaintzen saiatuko gara.

Hara eta hona zabiltzate, uda kontzertuz beteta datorkizue... ETS-ren momenturik gozoena bizitzen ari zarete?

Bai, duda barik! Azken zortzi urteetan inoiz espero ez genuena bizitzen ari gara. Azkeneko diskoa ezin izan genuen behar bezala aurkeztu, 2020an herrietako festa guztiak bertan behera geratu ziren eta iazko emanaldiak oso bereziak izan ziren, jendeak eserita ikusi behar izan zituelako. Orduan, taldearen azken gorakadatik, aurten izango da lehen aldia udan zer gertatzen den ikusiko duguna. Beti izan dugu jende asko plazetan. Herriko jaietako taldea izan garenez, oso gustura sentitu gara udako jaietan. Uste dut hori dela gure leku nagusia, gure etxea. Aurten, ostera, zerbait berezia biziko dugula uste dut. Ez dakit nola kudeatuko dugun, nola amaituko dugun uda, baina sareetan ikusten dugunez eta heltzen zaigun informazioari begiratuta, berezia izango da.

2005an Ekoran musika-taldea sortzeko bildu ziren hiru nerabeek hau guztia gertatuko zela aurreikusten zuten?

Ezta gutxiago ere! Gainera, elkartu ginenean ez ginen musikariak ere. Hiru lagun besterik ez ginen. Urte hauetan egin dugun lanean dago taldearen arrakastaren gakoa. Lehenengo zazpi edo zortzi urteetan kontzertuetara lagunak bakarrik etorri izana asko baloratu dugu, zerotik hastea zer den badakigulako eta, batez ere, lana, konstantzia, diziplina… Saiatuz eta saiatuz aukera heltzen da. Jendeak ‘zortea’ berba erabiltzen du, baina hainbeste urtez lan egin ondoren gauzak zerbaitengatik heltzen direla uste dut. Beraz, bizitzen ari garena 15 urtetan egindako lanarengatik jasotako oparia dela sinestu nahi dut.

Lana hor dago, baina zerk engantxatu du jendea zuen musikara?

Abestien melodietan dago gakoa. Egiten dugun musika ez da teknikoki zailegia eta horretara ere jolasten dugu. Abesti zailagoak egiteko gaitasuna izan arren, lana melodia politak sortzera bideratzen saiatzen naiz. Horrez gain, abestia nola janzten duzun, letrak… denak du garrantzia jendearen bihotzetara heltzeko.

Hasieran musikariak ere ez bazineten, demaseko bilakaera izan duzue!

Beno, gutako batek bazuen formakuntza musikal pixka bat eta gero taldera etorri diren kideak kontserbatoriotik pasa dira. Musika-ikasketak egin dituzten musikarienganako errespetu handia dut, baina plazako musika egiten dugunok beste zerbaitetan enfokatu behar dugula uste dut. Egia da hasieran lotsaz ibiltzen ginela, hainbeste jende biltzen zelako nolabait musika erraza egiten dugunean, baina musika popularra hori ere bada.

Agian zailena lortzen duzue: Jendearen bihotzetara heltzea.

Edo jende kopuru handi bati gustatzen zaizkion abestiak sortzea. Horretan ez dago teknikarik edo azalpenik, intuizio kontua da. Kasualitatez, niri gustatzen zaidan musika eta egiten ditudan melodiak jendeari gustatzen zaizkio. Ahalmen edo zorte hori dut.