Ion Martinez ‘Txiki’: “Euskara maite duten lekuetan nire alea jartzen saiatzen naiz”

Ion Martinez ‘Txiki’: “Euskara maite duten lekuetan nire alea jartzen saiatzen naiz”
2022/03/28 eta kitto!
UEUkoekin ondo barre egin ondoren, barre gehiago egiteko aukera izango dugu hurrengo egunean, …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik, Korrika Kulturalaren barruan. Izan ere, Ion Martinez ‘Txiki’ bakarrizketariak berrogeitaka urtekoen komeriak ekarriko dizkigu 31n, 19:00etan, Coliseora, ’40 urte eta aldapa behera niek’ saioarekin. Sarrerak jasotzeko (doan da) gaur eta martxoak 28 (17:30-19:30) eta egunean bertan 18:00etatik aurrera leihatilan.

 

40 urte bete ondoren dena doa maldan behera?

Bakarrizketetan gehiegikeriak esaten dira eta hau ere hortik doa. 41 urte ditut eta, besterik ez bada ere, bakarrizketak gai askoren inguruan berba egiteko aukera ematen dit.

 

Zertaz jarduten duzu?

Bakarrizketan institutuko sasoiaz egiten dut berba, sasoi hartako modak… Gazteek ez dituzte erreferentziak ulertzen, baina hortaz jabetuz gero, 40 urte inguru dituzu! Adin horretara heltzen garenean mendian korrika egiten hasten gara, koadrilak banatu egiten dira umeak dituztenen eta ez dituztenen artean… Gauzak aldatu egiten dira. Gu supositorioen sasoikoak gara. 38 eta 50 urte artekoek ondo ulertuko dituzte bakarrizketan esaten diren kontuak.

 

Nola igarri dezakegu maldan behera goazela? Nola atzeman ditzakegu seinaleak?

Energian igartzen da, batez ere. Lehen, gazteagoak ginenean, herriko jaietan hiru egunez egiten genuen parranda. Barixakuan kalera irten eta domekan etxeratu. Orain, ostera, juerga eginez gero hurrengo egunean pott eginda gaude.

 

Mendian korrika egitea aipatu duzu. Maldan behera goazen edo forma onean gauden seinale da hori?

Maldan behera, baina psikologikoki. Ez, broma da. Beste gauza batzuetan igartzen dugu aldapan behera goazela. Adibidez, gizartea nolakoa den ezagutzen dugu eta gehiago haserretzen gara. Eta gero eta gehiago dugu gurasoen antza. Hori bai dela gauza potoloa!

 

Barre egiteak lagunduko du, ala?

Bai, noski! Bakarrizketez gain, antzerkia ere egiten dut. Drama sakon batekin ibili naiz azken aldian. Bakarrizketei esker Euskal Herriko toki ezberdinetara umore formatu hau eramateko aukera izan dut eta asko gustatzen zait. Mikrofonoa hartu eta banoa, bertsolariak bezala. Euskara maite duten lekuetan nire alea jartzen saiatzen naiz. Barre egiten dut, jendea ezagutu, lagunak egin, sorpresak eramaten ditut… Batetik bestera nabil autoan, bakarrik, baina 20 urte daramatzat ofizio honetan eta asko maite dut.