Ipuruako merkatu plazari bizitza eman nahi... baina ezin

Ipuruako merkatu plazari bizitza eman nahi... baina ezin
2022/07/18 eta kitto!
Ipuruako Merkatu Plaza Elkartea (IMP) 2018ko abenduan hasi zen auzoko merkatu plaza erabilera kultur-kreatiborako eta herritarrentzako elkargune bilakatzeko proiektuarekin. 2019ko apirilean Udaleko plenoaren babesa jaso zuten eta eraikinaren erabilera eta gestio-mota zehazteko prozesu partehartzailea egin zen Udalak kontratatutako EMUN Aholkularitzaren laguntzarekin. Bi urte eta erdi pasatu dira,  baina, halere, oraindik ez dira eraikina erabiltzen hasi. Ez dute nahi eraikinaren birgaitze proiektua aitzakia izatea eraikinera sartzeko data atzeratzeko. Eraikina erabiltzen hasteko gutxieneko konponketa eta lehendabiziko hornikuntzari lehentasuna ematea proposatzen dute.

Auzotarren ekimenez sortutako IMP Elkarteak eraikinaren gutxieneko lanak egitea eskatu dio Udalari behin eta berriz; 2019ko urriaren 10ean bidali zen lehendabiziko eskaera idatziz. Momentuz, gutxieneko lan horiek, hau da, eraikina modu seguru baten erabili ahal izateko lanak, amaitu gabe jarraitzen dute.

Elkarteko kideen esanetan, “eraikinari bizitza ematen saiatu gara, baina berogailu falta, eta giltzak lortzeko zailtasunak medio, ez dugu lortu. Ez dugu nahi birgaitze proiektua aitzakia izatea eraikinera sartzeko data atzeratzeko. Birgaitze proiektuaren oinarrizko proiektua eta egikaritze proiektua gauzatzen diren bitartean eraikinean egotea eskatzen dugu, eta horretarako eraikina erabiltzen hasteko gutxieneko konponketak proposatzen ditugu”.

Prozesu partehartzaile baten ostean txosten batzuk irten zirela azaldu digute elkartetik: "Gure antolatzeko modua autogestioa izango zela atera zen. Horren ondorioz elkarte moduan eratu ginen, horri bultzada emateko, eta hor hasi ginen eraikina lortzeko arazoekin. Aitzaki legalak jartzen dituzte; arazo horiei irtenbidea eskaini diegu eta, hala ere, hor gelditu da estankatuta. Hori kontuan izanda, eta aurrera jarraitu ahal izateko,  eraikinaren lagapena edo zesioa izan beharrean, bururatu zitzaigun urteko barixaku, zapatu eta dokemetarako eskaera egitea; bestela. arazoa da, eskaerak hogeita bat egun lehenago egin behar dituzula. Baina hori ere ez dugu lortu. Orain bilera bat egin nahi badugu ezin dugu egin, hiru aste lehenago eskatu behar delako".

Zailtasunak besterik ez
"Ez dugu ondo ulertzen zer gertatzen den. Erantzun bat nahi dugu Udalaren aldetik, baietz edo ezetz esatea, eta, atzetik zeozer badago, hori ere argi eta garbi esatea", adierazi dute. Orain arte zailtasunak eta trabak besterik  ez dituztela aurkitu diote eta, horregatik, mozioa aurkeztu dute hilabete honen amaierako udalbatzak  eztabaidatu dezan. Horrekin batera,  sinadura bilketa hasi dute (ezkerrean daukazuen QR kodigoa eskaneatuz sinatu daiteke). Nekatuta daude, baina ez dutela etsiko eta auzoarentzako elkargune baten alde lan egiten jarraituko dutela esan digute.

Hasierako proiektua hankaz gora
Udalak kontratatutako arkitekto-taldeak eraikin osoarentzako proiektua egin zuela (sotoa, erdiko solairua eta altilloa) eta lanketa horretan udaleko ordezkariak eta teknikariak egon zirela azaldu digute IMP elkartekoek:"Tarteka bileretara gonbidatzen gintuzten, ematen ari ziren pausoak ikusten joateko. Dena zoragarri zihoan. Proiektua amaitu eta gero, publikoki ezagutzera eman nahi izan genuen, eta orduan atzera bota ziren: sotoa ez zutela proiektuan sartu nahi esan zuten bapatean, brigadak erabiltzen duela eta horrela izaten jarraitu nahi dutela. Beraz, hasieratik mozio baten bidez Udalak onartutako eraikin osoarentzako ideia bapatean  hankaz gora jarri zuten".  Elkarteak ez du hori onartzen eta "nahiago dugu dagoen moduan erabiltzen hastea eta, jarduera desberdinak eginez, proiektua arrakastatsua dela erakustea. Sinadurak jasotzen hasi gara eta herriko talde eta eragileekin jarri gara harremanetan. Interesa dagoela ikusi da. Odisea elkartea, Judas Argarate taldea, Debabarrenako Orfeoia, LAB, Urban Sketch, Poesia eres tú... eta beste hainbat entitate jarri dira gurekin harremanetan. Bi ekintza egin ditugu eta biak oso ondo joan dira. Hori bai, 21 egun lehenago lekua eskatuz, giltza hartzeko udaletxera joanez…". Bestalde, proiektua gauzatzeko Ikasten Esperientzia Eskolakoen laguntza oso ondo etorriko litzaiekeela uste dute, eta horretarako gonbitea luzatu nahi izan diete Ikastenekoei lerro hauen bidez.

Mozioa uztaileko plenoan
Martxoan bilera bat egin zuten Udaleko ordezkariekin korapiloa nola askatu  zitekeen ikusteko. "Oraindik erantzunaren zain gaude. Txostenen zain daudela esaten digute, besterik ez. Ez dugu ulertzen zergatik hainbeste denbora, egin beharko liratekeen konponketak oso txikiak direnean (barandilla bat jarri, baldosa batzuk pegatu, galdara ipini, itoginak konpondu, sukaldetxoa txukundu…). Erraztasunak ematea eskatzen dugu, hau da, giltzak ematea eta eraikina asteburuetarako lagatzea (horrela guk agenda bat egin ahal izango genuke). Oso astuna egiten zaigu egoera hau. Mozioa aurkeztu dugu aste honetan, erantzun bat eskatuz: eraikinaren lagapena edo, bestela, horrela jarraitzea, baina barixaku, zapatu eta dokemak guretzako libre ditugula jakinez", esan dute.