Jokin Bergara, bertsolaria: “Oso garrantzitsua da bertsolaritza gaztetuago eta berrituago bat herrira ekartzea”

Jokin Bergara, bertsolaria: “Oso garrantzitsua da bertsolaritza gaztetuago eta berrituago bat herrira ekartzea”
ETA KITTO 2019, Ira 27

Jokin Bergarak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetan hartu zuen parte domekan Zumaian eta gaur bertso-saio musikatua egingo du Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe eta Manu Goiogana bertsolariekin, Gari Otamendi eta Araitz Bizkairen musikak lagunduta, 22:00etan Txantxa Zelaiko kioskoan. Euria eginez gero, Portaleko Areto Nagusian egingo da.

 

– Zer moduz Zumaiako saioan?

Sentsazio gazi-gozoarekin amaitu nuen. Gustora geratu nintzen egindako saioarekin, niretik kantatu nuen, solte eta gaiari ertzak bilatzen, baina hori ez zen puntuetan islatu. Bertsoa ulertzeko modu zehatz bat dute txapelketan, Gipuzkoako bertso tradizioarekin zerikusia duena, eta hortik kanpo kokatzen garenak ez gaituzte hainbeste baloratzen. Gehiago baloratzen da Gipuzkoako erdialdean dagoen umore mota. Generoa, adina, euskera-mota eta hainbat gauza hartu behar dira kontuan, eta txapelketaren marko zurrun horretan ez didate puntu asko eman. Bertso-sistema, orokorrean, elitista da, ez da batere berdinzalea, eta bertsoa ulertzeko modu hegemonikotik kanpo dagoen jende asko baztertzen du.

– Belaunaldi berriek bide berriak arakatzeko beharra duzue?

Plazen mundua mugatua da, elitista, baina zirkuitu alternatiboak sortzen dihardugu. Gizartean bezala, bertsotan dihardugunon profila heterogeneizatzen ari da. Bertsolaritza lehen baino anitzagoa da, eta ikerketa soziologiko batek zioen bezala espazio gehiago ari dira sortzen jende eta gustu ezberdinentzat. Arraten Lizaso eta Egaña entzutea gustatzen zaionak aukera hori du, baina Beleko tabernan bertso-trama entzun nahi duenak ere badu berea. Gaiak, mundu ikuskerak, kritika egiteko moduak… oso ezberdinak dira. Bestetik, Eibarren ez dugu bertso-tradizio handirik eta oso garrantzitsua iruditzen zait bertsolaritza gaztetuago eta berrituago bat herrira ekartzea.

– Hankamotxak bertso-eskolak bide berri horri heldu dio?

Gauza berriak egiteko gogoa duen jendea sartu gara. Motibazio saioak egiten ditugu eskoletan eta gauza berriak egiten dagoen jendea dagoela erakutsi nahi diegu gazteei. Zerbait esateko sorkuntza-mota bezala ulertzen dugu bertsolaritza, ez bakarrik entretenitzeko, eta gazteak erakartzeko ahalmena du gainera.

– Entretenimendua edo ondo pasatzea eta txapelketako lehia, azken finean, ez dira kontrajarriak?

Bai. Bestetik, zure burua bertsolari moduan legitimatzeko modua da txapelketa. Txapelketan bidea eginez gero, bertsolari bezala aitortzen dizute, azterketa bat gainditzea bezala, baina espazioa mugatua da eta saioa baldintza prekarioetan egiten da. Urduri zaude epaitu egingo zaituztelako, ez dakizu zein gai jarriko dizuten, gaia nondik dagoen jarrita, kantukideak zer esaten duen… Hori da onartu dugun sistema eta ez nago batere ados. Bertsolaritza asko aniztu da eta ez ditugu mekanismoak jende guztiari tokia egiteko txapelketaren bidez.

– Euskal Herriko Txapelketako BEC-eko finalak ekitaldi masiboak izaten dira. Hortik haratago bertsolaritzarekiko zaletasuna hazi egin dela uste duzu?

BEC-ekoak euskal kulturarekin du zerikusi asko, euskaldunak garela berresteko ekitaldi bat bezala. Ondo pasatzeko jai bat da, bertsolari onenak entzuteko aukera izateaz gain. Aipatutako ikerketa soziologikoak dio plazetara jende gutxiago doala, baina plaza gehiago dagoela. BEC-eko boom hori plaza txikietan islatzen da, saio bat antolatzerakoan jendeak erantzuten duelako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »