Jone Laspiur, aktorea: “Familian askatasuna izan dugu eta irudimenarekiko lanketa handia egin dugu”

Jone Laspiur, aktorea: “Familian askatasuna izan dugu eta irudimenarekiko lanketa handia egin dugu”
2021/02/19 11:47
eta kitto!
Donostiarra jaiotzez, Eibar odolean darama Jone Laspiur Gorosabelek. Artistaz beteriko familian jaioa, arrakasta handiz hasi du aktore ibilbidea ‘Akelarre’ eta ‘Ane’ pelikulekin eta ‘Alardea’ minisailarekin. Izan ere, ‘Ane’ filmean egindako lanarengatik errebelazio aktore onenaren Goya saria jasotzeko izendapena jaso du. (Argazkia: Alex Iturralde)


 

Maite Arroitajauregi Mursegok kontatu zigun Kobanekin Eibarren jo zenuten kontzertuan ezagutu zenutela elkar eta, horren harira, ‘Akelarre’ pelikulan parte hartzeko animatu zintuela. Nola izan zen istorio hura?

2018an, San Juan jaien inguruan, Kobanekin kontzertua eskaini genuen Untzagan. Mursegoren amak eta nire amak, eibartarrak izanik, betidanik ezagutzen zuten elkar eta kontzertua amaitzean gerturatu egin zitzaidan. “’Akelarre’ pelikularen castinga egiten dabiltza eta zure profila pelikulara ondo egokitzen dela uste dut”, esan zidan Mursegok. Kontua da abesten zuten neskak bilatzen zituztela. “Beno, probatzearren…”, pentsatu nuen. Gero, Perura joan nintzen denbora baterako eta castinga egiteko separata (antzeztu behar nuen zatia) bidali zidaten, neure burua grabatu eta bideoa bidaltzeko. Hori izan zen nire lehen castinga, Perutik! Bideoz egin nuen, hala nola, egun horretan bakarrik nengoelako etxean. Portatilarekin ihardespena edo erreplika grabatu nuen eta gero erantzun egin behar nuen, baina denbora neurtzea zaila egiten zitzaidan eta tira, nahiko narrasa izan zen (barreak). Bueltatu nintzenean beste pare bat casting egin nituen eta, gero, hartu nindutela esan zidaten. Ez nuen espero egia esan, hilabete asko pasa zirelako eta nahiko ahaztuta nuelako. 800 lagunek hartu zuten parte castingean eta oso prozesu luzea izan zen, gidoian ere aldaketak egin zituztelako (hasieran bost neska izan behar ziren, gero zazpi, gero sei…).

 

Lehen castinga izateko, 800 lagunen artean aukeratua izatea ez da gutxi!

Bat ere ez, eta gainera hasierako bideo horrekin! (barreak)

 

Nola aldatu diren gauzak zuretzat ordutik! Untzagan kontzertu bat eskaintzetik, Goya saria jasotzeko izendatua izatera pasa zara.

Pasada bat da bizitzan gertatzen zaizun gauza baten atzetik datorrena ikustea. Ez duzunean ia ezer espero, gauzek zertara eramaten zaituzten. Zoragarria da!

 

‘Akelarre’ eta ‘Ane’ filmetan egindako lanak eta Goya sariaren izendapenak fokoan jarri zaitu bat-batean. Nola mantentzen zara salbu ospearen zurrunbilo horretan?

Pandemiarekin oso urte berezia bizi izan dugunez eta ia gauza guztiak modu telematikoan egin ditugunez, nahiko salbu sentitu naiz. Kalean ezin izan gara asko ibili, parrandarik ezin izan dugu apenas egin… Beraz, zurrunbilo hori sare sozialetan, elkarrizketetan eta horrelakoetan igarri dut batez ere. Bestela, kalean eta eguneroko bizitzan ez dut gauza handirik nabaritu, eta ez dut mundu faranduleroa ezagutzeko aukerarik apenas izan. Ez dakit prozesu hau normalean horrela izaten den edo urte berezia izan delako gertatu dela horrela.

 

‘Akelarre’ pelikulan aktoreek ondo abesteko gaitasuna izateak garrantzia zuen. Zure lehen filma zenez, abeslaria izanik, alde horretatik abantaila izateak prozesua erraztu zuen?

Alde horretatik oso eroso sentitu nintzen eta oso prozesu polita bizi izan nuen. Mursegorekin lan egin ahal izatea demaseko aukera izan zen niretzat, asko miresten dudan artista delako. Kutsu esperimental horrekin eta XVII. mendean oinarritutako ahotsekin lan egin ahal izatea ederra izan zen. Gainera, bera pertsonalki eta profesionalki ezagutzea, eta lana nola egiten duen jakitea pasada bat izan zen. Berarekin joan ginen abestiak eraikitzen, ahotsak behintzat. Hori oso polita izan zen, pelikularen prozesu guztia oso korala izan zelako, bai aktoreen lana bai musika. Gauza asko partekatu genituen eta ederra izan zen.

 

‘Akelarre’ zure lehen pelikula izanik, eginez ikasi duzu antzezten edo aurretik ibili zara bestelako antzerki proiekturen baten?

Antzerkiak beti asko erakarri izan nau eta ingurukoek beti esan didate oso teatreroa naizela. Txikitan bai, oso teatreroa nintzen, baina inoiz ez nuen antzerkia serioski hartu. Tailerren baten hartu nuen parte, baina oso gauza txikiak. Beraz, ‘Akelarre’ eta ‘Ane’ egiten nituen bitartean ikasi dut antzezten. Aurten, ordea, antzerki-eskola baten ikasteko erabakia hartu dut eta antzerkia serio hasi naiz ikasten.

 

‘Akelarre’ eta gero ‘Ane’ etorri zen, eta Aneren azalean sartu zinen. Nolako esperientzia izan zen?

‘Akelarre’ filmarekin alderatuz, oso prozesu ezberdina izan zen. ‘Akelarre’-n pertsonaiak bata bestearekin elikatzen ziren eta bakoitzaren izaera besteen arabera elikatzen zen. Indar koral hori zen gure indar nagusia. ‘Ane’-n, ostera, guztiz kontrakoa gertatu zen. Patricia López Arnaiz aktorearekin lan egin dut eta oso hartu-eman estua izan dugu, eszena gehienak berarekin egiten nituelako. Eta Mikel Losadarekin antzera. Pelikula honetan bakarkako prozesua egin dut, oso intimoa eta barnerakoia.

 

Egin dituzun lehen bi pelikulek eta zuk egindako lanak demaseko arrakasta izan dute. Etxea teilatutik hasi duzu edo, behintzat, azkar eraiki duzu etxea?

Bai, horrek beldur pixka bat ematen dit, errespetua behintzat. Normalean antzerkiaren munduan urte asko pasa ondoren heltzen dira horrelakoak eta ni alderantziz hasi naiz. Bi arrakasta handi izan dira nire lehen esperientziak eta horregatik sentitu nuen antzerkia ikasteko beharra. Gauza handiak etorri zaizkit, baina lurra hartu behar dut eta errotik hasi. Hala, antzerki fisikoa egiten hasi naiz.

 

Hainbat artista dituzu familian. Artea bereziki landu duzue familian?

Baliteke baietz. Egia esan familian ez gara medikuak, matematikoak, kontableak edo gasolindegi bateko langileak. Beti eduki dugu irudimenaren mundua oso presente, literaturatik, artetik eta beste hainbat bidetatik. Askatasuna izan dugu eta irudimenarekiko lanketa handia egin dugu.

 

Aitarekin (Asier Laspiur) arte-erakusketaren bat egin duzu. Arte-plastikoa lantzen jarraitzen duzu?

Pelikulekin hasi nintzenetik demaseko geldialdia izan dut zentzu horretan, baina teorikoki landu dut. Izan ere, antzerkia egiten hasi aurretik, artearen ikerkuntzaren eta sorkuntzaren inguruko masterra egin nuen Madrilen. Fase teorikoagoa izan da, beste prozesu mota bat, baina gauza gehiago egin ezin nituelako etorri da geldialdi hau. Arlo horretan gauza gehiago egiten jarraitu nahi dut.

 

Pelikuletan landutakoa eta ikasitakoa baliagarria da beste espresio artistiko batzuk lantzeko?

Ikasketa guztia beti dator ondo. Interpretazioa gauza handia da eguneroko bizitzarako. Irudimenaren mundurako oso ondo dator, istorio ezberdinak lantzen direlako, literatura lantzen delako, narratiba ezberdinak daudelako… Istorioekin lan egitea eta sormen alderdiak lantzea oso baliagarria egiten zait. Estetikoki oso interesgarria aurkitzen dut pelikuletan egiten dena; eta baita soziologikoki ere, pelikula barrutik bizi eta zelan egiten den ikusteko aukera ematen duelako. Ikerketa puntu batetik interesgarria izan daiteke pelikuletan egiten den lana.

 

Pandemiak mugak ezarri dizkigu, baina Eibarrekin lotura estua izaten jarraitzen duzu?

Aurten gutxitan joan ahal izan naiz Eibarrera, baina nire familia guztia Eibarkoa da. Gurasoak lan kontuengatik etorri ziren Donostira bizitzera, baina bakarrak dira, familia guztia Eibarren dut. Txabola dugu han eta lantzean behin bazkariak egiten ditugu bertan lehengusu txikiekin. Aurten, nola toki itxietan elkartzea ia ezinezkoa izan den, egon garenetan han bildu gara.