Joseba Iturraspe, McOnak: “Arrakastaren kontzeptua pertsonala da, norberak aurkitu behar du bere bidea”

Joseba Iturraspe, McOnak: “Arrakastaren kontzeptua pertsonala da, norberak aurkitu behar du bere bidea”
2022/05/20 eta kitto!
Datorren asteko asteburuan Euskal Jaia ospatuko da Eibarren eta barixakuan, jaiari hasiera emateko, McOnak musika taldeak Untzaga dantzan jarriko du 23:00etatik aurrera. Izan ere, Lekeitioko rebel folk taldeak kostaldeko indarra ekarriko du gurera.

McOnak taldeak San Andres jaietan jo behar zuen Eibarren, baina koronabirusaren eraginez bertan behera laga zituzten ekintza guztiak. Orain, sei hilabete geroago, euren musikaz gozatu ahal izango dugu, eta jai giroan gainera.

 

Zuen musikak ezin aproposagoa dirudi Euskal Jaian gozatzeko...

McOnakek badu jai giroko musika egiten duen etiketa. Serio egon behar dugunean badakigu serio egoten; baina, festa giroan elkarrekin gozatzeko aukera dagoenean, gu pozik.

Abestiak sortzeko orduan, zuzenekoetan nola entzungo den kontuan izaten duzue?

Sortze prozesuan bai aurreikusi daiteke zuzenean abesti horrek forma bat edo beste izan dezakeela, baina gero abesti bakoitza momentuaren araberakoa da. Gainera, zuzenekoetan ez da gauza bera areto batean, herriko festa batzuetan edo eliza batean jotzea. Beraz, zuzenekoena ere oso kontzeptu zabala da. Abesti batzuek hobeto funtzionatu dezakete areto mota batzuetan eta beste batzuk herriko festetan.

Eibarren jo eta hurrengo egunean BEC-en joko duzue. Zita handia da, baina hemengo kontzertuan ez duzue ezer gordeko, ezta?

Ez, ez! Gainera, Sanandresetan Eibarren jo behar genuen eta azkenean kontzertua bertan behera laga zuten. Beraz, arantza hori atera nahi dugu Eibarren, herriari zorra ordaindu eta dena hankaz gora jarri. BEC-era justu ailegatzen bagara, ez da seinale txarra izango.

BEC-en Delirium Tremensen itzulerako biran joko duzue. Nola zaudete hitzordu horren aurrean?

Delirium Tremens bizitza guztian entzun dugun taldea da. Gainera, abestien gaien aldetik nolabaitek antzekotasuna dugu, kostaldea eta itsasoa oso presente ditugulako. Beraz, gure iturri izan dira. Orain dela urte batzuk esango bazenigu Delirium Tremensekin BEC-en joko genuela, ez genizuke sinestuko. Are gehiago, Delirium Tremens ikusteko aukera izango genuela ere ez genuen pentsatzen! Guretzat pasada bat da eurekin jotzea.

Horrek erakusten du, moduren baten, McOnakek talde moduan izan duen bilakaera ere, ezta?

Arrakastaren kontzeptua oso pertsonala da eta bakoitzak aurkitu behar du bere bidea. 11 urtetan taldea proposamen ezberdinak egiten eta kontzertuetan zenbait puntu lotzen saiatu da, talde berezia izatea lortzeko.

2021. urtean ‘Bitakora’ diskoa kaleratu zenuten. Zuen 10. urteurrena borobiltzeko balio izan zuen?

Pandemiaren ondorioz pixka bat atzeratu genuen diskoaren sorkuntza eta orain, 2022an, 10+1 urteurrena ospatzen ari gara. Egindako bideari, lagunei, sakrifizioei... errekonozimendua egiteko balio du diskoak, gure inguruari eskertzeko modu bat da. Kontzeptu aldetik, itsas jerga erabili nahi genuen eta horregatik deitzen da ‘Bitakora’, marinelek euren egunerokoa idazten zuten koadernoa bezala, gure hamar urteko ibilbidearen metafora moduan.

Diskoan izen handiko kolaborazioak izan zenituzten.

Oso prozesu trinkoa izan zen, baina aberasgarria eta polita era berean. Gonbidatutako artistak eta gu geu pozik geratu ginen emaitzarekin. Bakoitzak bere aldetik asko jarri du eta kontraste politak egon dira, baina kolaboratzaileek abesti bakoitza eurena egitea lortu dute.

Nola bizi dituzue sasoi berriko kontzertuak?

Hasiera nahiko gorabeheratsua izan zen, udazkenean nolabaiteko normaltasunera iritsiko ginela zirudielako, eta negu inguruan beste olatu bat etorri zelako. Orain egoera normalizatu egin da eta ikusten da profesionalak, musikariak eta publikoa gogo handiarekin daudela, gauzak mugitzen ari direla, eta hori oso pozgarria da. Guri, behintzat, kontzerturik ez zaigu falta.

Nolako agenda duzue aurretik?

Nahiko bizi dator uda. Ekainean Azpeitian egongo gara, gero Boga garagardo fabrikan joko dugu eta udan Amoroton, Aramaion, Lesakako Sanferminetan, Donostiako Karmen jaietan, Lemoan, Askainen ibiliko gara. Urrian, bestetik, Sarek presoen alde antolatuko duen kontzertuan izango gara. Agenda beteta daukagu eta oso pozik eta eskertuta sentitzen gara. Orain guri tokatzen zaigu egurra ematea. Pandemia eta gero publikoak gozatu egiten duela ikusten da, eta bai eurek, bai guk, horren beharra genuen.