Josu Gil, ‘Nor naiz’: “Gure abestiak oso sinpleak dira, baina bihotzak pizteko modukoak”

Josu Gil, ‘Nor naiz’: “Gure abestiak oso sinpleak dira, baina bihotzak pizteko modukoak”
2020/05/10 eta kitto!
Gorka Baskaran (bateria), Alex Ariznabarreta (baxua) eta Josu Gil (gitarra) eibartarrek osatzen dute ‘Nor naiz’ taldea. Pandemia erdian taldearen lehen diskoa atera dute, pandemia euren planen erdian jarri da-eta. Taldearen Facebook eta YouTube orrietan entzun daitezke hirukotearen abestiak, baina disko fisikoa ere aterako dute, Iñaki Larrañaga margolariaren kolaborazioarekin.

 

Nola sortu duzue diskoa ?

‘Nor naiz’ orain dela hiru urte inguru sortu genuen. Elkarrekin jotzen hasi ginen eta diskoa grabatzeko gogoa sartu zitzaigun. Poliki-poliki abestiak sortzen hasi ginen, kontzertu batzuk eskaini genituen eta, dozena bat abesti genituenez, grabatzea erabaki genuen. Baina 12 abesti gehiegi zirela pentsatu genuen, gaur egun diskoek abesti gutxiago dituztelako (jendeak pazientzia gutxiago omen du), eta zazpi aukeratu genituen.

 

Momentu berezia diskoa kaleratzeko, ezta?

Bitxia izan da. Otsailean hasi ginen grabatzen Legarreko estudioan, Zaldibarko zabortegia jausi zenean, eta orain koronabirusa etorri da. Diskoa konfinamendu-sasoian sartuta amaitu genuen.

Nola moldatu zineten diskoa amaitzeko?

Gehiena eginda zegoen, baina koroak eta hainbat gauza falta ziren. Walter Tuzzeo soinu-teknikariarekin WhatsAppez ibili gara abestiei azken ukitua ematen.

Egoera honek kalte egin dizue?

Nahiko kritikoak izan gara konfinamenduarekin. Nahiko erabaki potenteak hartu dira (guztiok etxean egotea, adibidez), eta oso arraroa izan da dena. Gurekin esperimentu bat egin dutela dirudi. Txotxongiloak bezala erabiltzen gaituzte, beti beste batzuen menpe. Inpotentzia handia sentitu dugu, egoera horri nola erantzun edo zer egin jakin gabe. Guk abesti hauek genituen esku artean eta abestiak kaleratzea gure ekarpen txikia izan da, gizarteari egindako kritika moduan; eta, era berean, gure lagunei eta gertukoei opari txiki bat.

Pentsarazten duen oparia?

Konfinamenduak alde positiborik badu, pentsatzeko eta hausnartzeko denbora gehiago izan dezakegula da. Aukera polita da hemendik aurrera beste bizimodu berri bat hasteko. Abestiekin hori esan nahi dugu, orain arteko martxarekin ez goazela inora, eta birus honek hori erakutsi digu.

Beraz, egoera honek zuen abestien letrak berresten ditu?

Gorka Baskaranek dioen bezala, abestiak nahiko sinpleak dira, baina arimarekin egindakoak, ez buruarekin. Gaur egungo diskoak oso landuta daude, teknikoki oso onak dira, oso perfektuak. Gurea hortik aldentzen da. Neurri batean, musikalki mugak ditugulako. Oso abesti sinpleak dira, baina bihotzak pizteko modukoak.

Iñaki Larrañagaren kolaborazioa jaso duzue. Nola?

Diskoaren azala eta barruko marrazkiak egin ditu. Aspaldiko laguna da eta kolaborazioa eskatu genionean segituan esan zuen baietz. Momentuan egin zituen marrazki batzuk. Ohore handia izan da guretzat. Gainera etxetik irten barik egon da luzaroan eta diskoa zelan zihoan galdetzen ibili da. Iñaki Larrañaga gehiago behar ditugu bizitzan.

Entseatzen jarraitzen duzue ala koronabirusak zuen jarduna eten du?

Geldirik gaude. Kontzertu sorpresaren bat egin behar dugula diogu brometan, baina momentuz ezer.