Juan Antonio Palacios argazkilariaren ‘Harria’ erakusketa zabalduko da bihar Portalean

Juan Antonio Palacios argazkilariaren ‘Harria’ erakusketa zabalduko da bihar Portalean
2018/12/13 eta kitto!
Juan Antonio Palacios eibartarrak azken urte eta erdian burutu duen argazkilaritza proiektua aurkeztuko du bihar 18:30etan Portaleko erakusketa aretoan. Harriaren eta harri-jasotzaileen inguruko proiektua da ‘Harria’ eta, Portaleko erakusketaz gain, liburua ere argitaratu du argazkiak Juan Manuel Uriaren testuekin lagunduz. Erakusketak zuri-beltzeko 40 irudi jasoko ditu, “horietako batzuk formatu handikoak”, Palaciosen berbetan.

Orain dela 10 urte Arrateko San Isidro jaietan jaio zen proiektu hau egiteko ideia. Hasiera batean herri-kirolen inguruan argazkiak ateratzea zen Palaciosen asmoa, baina harriaren indarrak liluratuta, harri-jasotzean zentratu zen azkenean. 2018an aktibo zeuden harri-jasotzaileak erretratatu ditu eta eurekin harreman estua eduki du harriaren indarra eta harri-jasotzaileen espresioak argazkietan islatzeko.