Juan Palacios, zinemagilea: “Zinema tresna egokia da mesetako paisaiaren puntu sentsoriala azaleratzeko”

Juan Palacios, zinemagilea: “Zinema tresna egokia da mesetako paisaiaren puntu sentsoriala azaleratzeko”
2020/10/23 eta kitto!
Gaur estreinatuko da ‘Meseta’ zinema aretoetan, Juan Palaciosen azken lana. Zinemagile eibartarrak Espainia hutsaren kontakizun poetikoa egin du bere aittitta eta amamaren herritik abiatuta. Herbeheretan, Amsterdamen, bizi den Palacios Coliseoan izango dugu bihar, 19:00etan, pelikula aurkezteko.

 

‘Meseta’ zinema aretoetara iritsiko da gaur eta Coliseoan aurkeztuko duzu bihar. Gogotsu?

Bai, eta baita urduri ere. Egiten dituzun gauzak herrikideei erakustea ez da egunero egiten. Lagunei eta gertukoei pelikula erakutsi nahi diet eta, gainera, baldintza egokietan, zinema areto batean. ‘Meseta’ zineman ikusteko pelikula da, paisaiak pisu handia duelako.

 

Pelikula jaialdietan egon da eta sariak jaso ditu. Nolako ibilbidea egin du aretoetara iritsi aurretik?

Estreinaldia Danimarkan, Kopenhageko  CPH:DOX zinemaldian egin zen, nire iritziz ez-fikziozko pelikulen munduko zinemaldirik onenean. Aurkezpena hor egitea bakarrik saria zen niretzat eta saria jaso genuen gainera. Euskal Herritik edo Espainiatik kanpokoentzat pelikulan agertzen diren gauza batzuk ulertzea zaila izan daiteke (umorea, adibidez), ez dutelako testuingurua ezagutzen, baina oso ondo konektatu dute pelikularekin. Zerbait exotikoa bezala ikusi dezakete agian.

 

Nola erein zen pelikularen hazia zure buruan?

Pelikula amama eta aittittaren herrian hasten da, Zamorako probintzian. Neguan 60 biztanle inguru ditu eta egun batean herriko gazteenak 16 urte zituela konturatu nintzen. Hau da, 16 urtean inor ez zen jaio herri horretan! Horren inguruan pentsatzen hasi nintzen eta ikusi nuen Espainia barnealdeko herri askotan antzeko egoera bizi zela. Herri askotan ez dago umerik eta batzuetan ez da inor ere bizi. Literaturan fenomeno horri ‘Espainia hutsa’ deitzen hasi zitzaion eta orduan jabetu nintzen horren atzean aipagarria den historia dagoela. Orain, pandemiarekin jendea konturatu da hirietako bizimodua ez dela oso osasuntsua. Pandemiak bizitza-erritmoa gelditu du eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan pentsatzen hasi gara. Jendea ogia, konbutxa, jogurta… egiten hasi da eta baserri-munduak horretarako aukera ematen du.

 

Kasu batzuetan kaletarrek idealizatu egiten dute landa-mundua. Nolako errealitatea erakusten du pelikulak?

Landa-guneetako bizitza ez idealizatzea edo erromantizatzea zen nire asmoa, baina zaila da. Ni kaletarra naiz eta kostatu zait kaletar baten ikuspuntua lagatzea, begia gauza xelebreetan fijatzen delako. Landa-guneak birpopulatzeko moduak bilatzen dihardute eta erromantizazio horrek ez du mesederik egiten, bertan bizitzerakoan konturatzen zarelako gauzak ez direla aurretik imajinatu bezalakoak.

 

Pelikula dokumentala izanik, ez dago aktorerik, pertsonaiek ez dute paperik egiten. Nola moldatu zara eurekin?

Kasu batzuetan erraza izan da, aittitta eta amama direlako protagonista bi. Bestetik, landu nahi nuen gaiaren arabera pertsona-mota bat edo beste behar nuen, eta bila ibili nintzen. Herriko artzaina, adibidez, pixka bat ezagutzen nuen, beti izan delako hango paisaiaren elementu bat. Gero, herri batean bizi den ume bakarrarekin egon nahi nuen eta, amama eta aittittaren herrian umerik ez dagoenez, beste batean aurkitu nuen. Horrela, proiektua zabaltzen joan da eta horregatik deitu diot ‘Meseta’, lurralde zabala hartzen duelako.

 

Irudiak eta soinuak demaseko indarra dute. Bereziki zaindu duzun arloa da?

Txikitatik liluratu nau mesetako lautadak. Oso zinematikoa iruditu zait beti, baina ez da oso pintoreskoa. Ez da grabatzeko erraza, basamortu itxura hori oso zakarra da. Paisaia misteriotsua da eta zinema tresna egokia da mesetako paisaiaren puntu sentsoriala azaleratzeko. Beraz, hasieratik nekien argazkia eta soinua ondo zaindu behar nituela.

 

‘Pedalo’ abentura zoroa izan zen; ‘Meseta’, ordea, kontenplaziozkoa eta hausnartzekoa. Zure heldutasunaren erakusle da hori?

‘Pedalo’ egitea zinema eskolara joatea bezala izan zen. Lehenik Ingurugiro Zientziak ikasi nituen eta gero Ikus-entzunezko Komunikazioa, baina zinema ez. ‘Pedalo’-rekin ikasi nuen grabatzen, montatzen… ia dena neure gain hartu nuelako. Askotan ahal duzun zinema egiten duzu, ez nahi duzuna. ‘Meseta’ ez dakit heldutasun erakusle den, baina esperientzia bai nabari da. ‘Meseta’ bai da egin nahi dudan zinema.

 

Atzerrian bizi zara, baina ‘Pedalo’ eta ‘Meseta’ hemen inguruan daude kokatuta. Zure jaioterriarekin lotura estua izatea lortzen duzu zinemaren bitartez?

Batzuetan pentsatu izan dut agian guzti hau etxera itzultzeko aitzakia dela, maite dudan jendearekin egoteko. Eta baliteke horrela izatea! (barreak).