Juanma Lasarte: “Eibarko kasua bitxia da, jendeak ez ditu ezagutzen zerrendan ditudan musika-talde batzuk”

Juanma Lasarte: “Eibarko kasua bitxia da, jendeak ez ditu ezagutzen zerrendan ditudan musika-talde batzuk”
ETA KITTO 2021, Ots 26

Juanma Lasarteren bizitza musikaren inguruan mugitzen da. “Zigilu diskografikoa dut, kontzertuak antolatzen ditut, musika bandetan jotzen dut…”, diosku. 1977. eta 1989. urteen bitartean Gipuzkoan zeuden musika-talde maketeroen liburua osatzen dihardu, lan mardula, eta Eibarko taldeen inguruko informazioa batu nahi du. Norbaitek lagundu ahal badio, 617 62 81 86 da bere telefonoa.

 

Zer jaso nahi duzu liburuan?

Orain dela hiru urte inguru ‘Mierda de Bizkaia y sus grupos punk maqueteros 77/89’ liburua aurkeztu zuten. Punkaren inguruan lau edo bost urteko ikerketa lanaren ondorioa da eta biniloak editatu ez zituzten Bizkaiko musika-talde asko biltzen ditu; hau da, talde maketeroak. Taldeak elkarrizketa formatuan aurkezten ditu, liburuetan oso ohikoa ez dena. Fanzine erraldoi bat bezalakoa da, Bizkaiko talde maketeroen entziklopedia. Liburua aurkeztu zutenean, autoreak esan zidan Gipuzkoan antzeko zerbait egin behar zela eta nik egin behar nuela. Hasieran ez nuen nahi, lan handia egin behar delako, baina gero animatu egin nintzen. Zarauzko beste lagun batekin hasi nintzen, baina ezin izan zuen jarraitu eta bakarrik nabil orain.

 

Nolako lana egin duzu orain arte?

Pare bat urte daramatzat liburuarekin. 70 talde inguru elkarrizketatu ditut eta beste 80 edo 100 geratzen zaizkit. Biniloan editatu ez duten Gipuzkoako bandekin egon nahi dut. Batzuk kontzertu bakarra eman zuten, beste batzuk hiru, baina nik talde guztiak berdin tratatu nahi ditut.

 

Nola moldatzen zara eurekin elkartzeko?

Pandemiaren ondorioz erritmoa moteldu da, baina ez dut eperik jarri liburua amaitzeko. Badakit zerrendan ditudan talde guztiekin ezin izango naizela egon, baina ahal dudana egingo dut. Batzuk uste dute ez dutela gauza askorik kontatzeko, baina nik baietz uste dut, talde bakoitzaren testuingurua ezberdina delako. Egia esan elkarrizketak ondo daude sasoi bateko kontuak gogoratzeko, nahiz eta batzuei gogoratzea kostatzen zaien. Batek esan zidan bezala: “80. hamarkadan egin zenuena gogoratzen baduzu, ez zenituen urte haiek bizi izan”.

Death and Destruction Depresión HC

Aldeak ikusi dituzu Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeen artean?

Bizkaiko eszena oso punka da, pixka bat makarra, eta Gipuzkoakoa antzekoa zen 1984ra arte, baina hortik aurrera hardcore musikaren agerpenarekin aldaketa handia egon zen. Fanzineak, irrati libreak eta gaztetxeak indar askorekin sortu ziren, eta ondorioz, Gipuzkoako taldeek musika azeleratuagoa egiten hasi ziren, jarrera positiboagoarekin eta konstruktiboagoarekin, eta Italiako eta Herbehereetako okupazio mugimenduei begiratzen zuten. Bizkaia punkagoa zen eta Gipuzkoa hardcoreagoa. Bestetik, bitxia da Gipuzkoako mugimendu musikala herri txikietan sortu zela eta Bizkaian, ostera, Bilbo inguruko hirigune handietan (Barakaldon, Santurtzin…). Andoainen, adibidez, 15 talde ikusi ditzakezu, fanzineak…

 

Testuinguruak eragina zuen musika sortzeko orduan?

Gipuzkoan Oreretaren kasua aipatuko nuke. Han agertu ziren lehen punk taldeak eta Arrasaterekin batera punkaren bastioia zen Gipuzkoan. Langile-herriak dira, migrazioa askokoak, errepresioa…

 

Sasoi horretan testuinguru politiko bizia zegoen.

Horrek asko eragiten du eta elkarrizketetan asko aipatzen dute. Bestetik, heroinaren gaia ere asko irteten da, orduko gizarte eta gazteria euskalduna suntsitu zuelako.

 

Heroinaren kontuarengatik, gazte asko hil zenez, talde batzuekin egoteko arazoak izan dituzu?

Adibidez, ‘Las hijas de la cloaca’ taldeko neskekin (lau emakume zituen banda bakarrenetakoa) gelditu nahi nuen, baina bakarra dago bizirik eta nahiko egoera txarrean. Beste banda batzuetan ere kide bat edo bi bakarrik gelditzen dira. Batzuek aipatzen dute ia lagun guztiak galdu dituztela heroinarengatik.

Depresión HC2 depresión HC3 depresión HC4

Elkarrizketetan aipatu izan dizute zergatik hasi ziren musika egiten?

Orokorrean lagun-taldeak ziren, zerotik hasitakoak eta ia ezer jakin barik, beste talde batzuen musika-tresnekin. Ezagunei esker batetik bestera mugitzen ziren, kontzertuak eskainiz. Zentzu horretan, bitxia da Javi Destruyeren figura. Donostiko lehen punketako bat izan zen eta ‘Destruye’ izeneko fanzinea sortzeaz gain Radio Popular katean irratsaioa zuen Gregorio Galvezekin. Berari esker talde asko ezagun egin ziren, banda asko ekarri zituen eta ‘Basati diskak’ zigilua sortu zuen. Egin ditudan elkarrizketen %90ean Javi aipatzen dute.

 

Bizkaian egin zen lanean, liburuaz gain, taldeen abestiak jarri zituzten Bandcampen. Asmo bera duzu?

Nire asmoa liburuarekin batera cassette bat argitaratzea zen, baina ez dakit egingo dudan. Grabazio berri batzuk lortu ditut eta interesgarria izango litzateke. Grabazioak entzuterakoan konturatzen zara talde batzuen soinua oso kaskarra zela, oso baldintza txarretan grabatu zirelako. Ez bilatu kalitaterik hor.

 

Eibarko zein talderekin egon naiz duzu?

Nire zerrendan Falta de Riego, Tercera discordia, Atún para la princesa, La elogia, Los del perro, Depresión HC, Todo por la napia, Ante la duda, Kakalardo, Gatazka eta Eskuto Jatx taldeak daude, baina Falta de Riego eta Depresión HC-rekin bakarrik egin ahal izan dut kontaktua. Zerrenda hori Muskaria aldizkaritik eta Sintonia aldizkarietatik atera dut. Muskarian Hilbehera taberna aipatzen da herriko musikaren epizentro bezala. Sasoi hartan El Tubo aldizkaria banatzen nuen eta Gipuzkoa mailan Hilbeheran saltzen zen gehien.

 

Beste taldeekin ezin izan duzu harremana egin?

Eibar zaila da. Sintonia aldizkarian Eibarko hainbat talde agertzen dira, baina jendearekin berba egiten dudanean esaten didate ez dituztela ezagutzen. Bitxia da. Norbaitek talde hauen inguruko informazioa badu edo kideren bat ezagutzen badu, eskuzabalik jasoko dut laguntza.

depresión HC5 Depresión HC6 Depresion

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »