Karmeldarrak badoaz Eibartik

Karmeldarrak badoaz Eibartik
ETA KITTO 2020, Ira 21

Adinean aurrera. 80 urtetik gora dituzte herriko behe aldeko parrokiko bost kidetik hiruk. Azkenean ordenarekin adostu eta Eibar lagako dute hilaren amaieran; irailaren azken domekan eskainiko dute agurreko meza. Jose Luis, Juan Carlos, Julio, Guillermo eta Javierrek azken urteotako ingurunea lagako dute. Askok ondo gogoan izango dute eurek egindako lana.

Arraroa egingo zaie askori azken 86 urtetan gure artean izan ditugun kongregaziokoen agurra. Baina gure herriko kale horrek ez du izena aldatuko. Lau apaiz eta anai batek osatzen zuten parrokiko boskotea azken aldian, adinean ere aurrera; bokazio faltak, gainera, erreleborik eza ekarri du. Erroman bultzatu dute kongregazioak ere aurretik hausnartzen zuena eta erabakia “batzarrean” hartu dute. Datorren domekan agur esango dute Azitainen (11:00etan) eta San Agustinen (13:00etan). Eta hurrengoan, hilaren 27an, emango dute azken meza Karmengo parrokian. Bestelako agurrik ere pentsatuta zuten, baina gaur bizi dugun egoerak ez die ezer berezirik prestatzen lagatzen.

1934tik Eibarren
86 urtetan izan dira gure artean. 1934ko uztailaren 24ko dokumentu batek baimena eman zien fundazioa Eibarren egiteko, eta handik ia urtebetera, 1935eko apirilaren 24an onespen kanonikoa jaso zuten. Karmeldarren ordenaren paperek diotenez, Bihotz Sakratuaren Ezekiel aita izan zen bultzatzaileetako bat; Gipuzkoako arduraduna zen bera eta sasoi hartako eliz-agintariengan eragin zuen, batez ere Mateo Mujika orduko Gasteizko apezpikuaren inguruan, “langile eta industria giroarekin batera, erlijioaren arloan ere fede sakona erakusten zuen Eibar hartara” karmeldarrak ekartzera.

Lehenengo komunitatea, hainbat gorabehera eta izan zituen arazoei aurre eginez, Txontako sarreran ezarri zen, kale horretako 5 zenbakian aroztegi bezala erabiltzen zuten etxe-finka batean. Erlijio-gurtzak egiteko kapera txiki geratu zitzaien eta handik sei urtera, “Urkizuko iturritik bi pausora” zegoen beste eraikin txiki batean hartu zuten leku, gaur egun arte egon direnaren justu aurrean. 1941eko abuztuaren 15ean ezarri ziren egoitza eta kapera berrian. Sasoi horrek ere ez zuen luze iraungo, hurrengo urratsa gaur egungo eliza eraikitzea izango baitzen. 1950eko urtarrilaren 10ean hasi zituzten lan horiek handik sei urtera, 1956an, amaitzeko. Urte horretako uztailaren 1ean egin zuten inaugurazioa, karmeldarren eliza izanik San Andres parrokia nagusitik lehenengoa banatzen Eibarren, “gutxi gorabehera 10.000 eliztar hartzeko ahalmenarekin” orduan ziotenez, batez ere herriko behe aldeko eliztarrei zerbitzua eskaintzeko.

Karmeldarren elizako lehen harria ezarri zuten 1951n, eraikitze-lanei ekiteko. Ojanguren -Gure Gipuzkoa.

Karmeldarren elizako lehen harria ezarri zuten 1951n, eraikitze-lanei ekiteko. Ojanguren -Gure Gipuzkoa.

Beste sei urte itxaron behar izan zuten, 1961eko urriaren 1era arte, mezak eta elizkizunak eskaintzeko. Handik lau urtera, 1965eko apirilaren 19an, parrokia-eskolak eskaintzen hasi ziren estatu guztitik etorritako langileei lehen mailako ikasketen ziurtagiria lortzea ahalbidetzeko. Ondo gogoan dute sasoi hori parrokiko beteranoenak: “Inmigrazio handia izan zen sasoi hartan, asko etorri ziren gurera lan egitera aurretik eskolatik pasatu barik”. Ia bi hamarkada hartuko zituzten klase horiek, “jostekoak eta kozinatzekoak tartean”. Francisca Abendibar, Dore Urbistndo, Maria Urkiola eta Guzman Garcia izan ziren lehenengoko irakasleak eta eskoletan ehundik gora ikasle izaten ziren. “Iturburuko ikastola sortu aurretik ere, hemengo lokalak erabili zituzten euskerazko klaseak jasotzeko. Eta Urkizuko eskolakoei ere eskaini genizkien behin baino gehiagotan”, dioskue sasoi hartako mugimendua gogoratzean.

Bizitasun handiko urteak
1970. hamarkadan eta hurrengoan, gaur egungoarekin konparatuta, bestelako giroa igartzen zen Karmengo parrokiaren bueltan. Esaterako, 1962an 13 ziren orduko karmelitak gurean. Hainbat lokal egokitu ziren, bai bulegoetarako, bai gazteen partehartzea bultzatzeko. Umeendako zinea ere eskaini zen, bi hamarkadatan behintzat, eta taberna ere bazuten. Halako batean aldaketak egin behar izan arte: zinea proiektatzen zen espazioak gaur egun dauden garajeei egin zien lekua “1992an hasi ziren obrekin”.

Sasoi hartako kultur giro bereziarekin dago lotuta, baita ere, “gurean egiten zen Eibarko Euskal Jaiaren eguneko meza nagusia”. Gazteendako antolatutako ekitaldien artean gogoratzen dute baita “Benito Lertxundi berak hemen eskainitako kontzertua; gurekin afaldu zuen gero, komunitatean”.

Aita Karmelo gogoratzen dute horrelakoak antolatzen, orduko beste “izen handiekin batera”: aita Txanton, aita Lukas, aita Angel, aita Juantxo, aita Rufino bera… Orain dela hiru urte laga zigun azken horrek eta orduan iritsi zen gurera aita Jose Luis, gaur egungo priore, eta berarekin osatzen dute gaur egungo boskotea Juan Carlos, Julio eta Guillermo aitak eta Javier anaiak. 1963tik daude Eibarren aita Julio eta anaia Javier, mende erditik gora, tartean aita Juliok 17 urte egin bazituen ere Altzon. Aita Juan Carlosek 18 urte daramatza gure artean. 80 urtetik gorako hirukotea Markinan karmeldarrek duten konbentora joango da. “Han lau bizi dira gaur egun, eta gurekin ia bikoiztu egingo da bizilagunen kopurua”, dioskue. Bi gazteenek beste norabide bat hartuko dute: priorea Gasteizera joango den bitartean, Juan Carlosek Zornotzarako bidea hartuko du, Larreara hain zuzen.

Denbora berrietara egokitzen
Eliztarrekin duten hartuemanen inguruan galdetuta, “langile” hitza izan da aurrena ahotik irtetzen: “Eibartarrek ospe hori izan dute eta guk ezagutu ditugun arloetan bat etorri dira horrekin. Bai irakurketak egiterakoan, garbiketei ekin diegunean, katekesia ematerakoan… eskuzabal jokatu dute. Eta, batez ere, emakumezkoak izan dira horrelakoetan parte hartzen”. Hala ere, azken aldian batez ere “jubilatua” da eliztar gehiena, eguneroko jarraitzaileak askoren kasuan. Bi meza izaten dira egunero Karmen parrokian: goizeko 08:30ekoa eta arratsaldeko 19:00etakoa. Karmeldarren ardura dira ere Azitaingo eta Estaziño kaleko San Agustineko parrokiak. Aita Juliok dioen moduan, “hasierako 10.000 eliztarren kopurua 3.000 inguruan kokatuko nuke nik”. Igarri dute, halaber, eskaintzen zituzten ohiko zerbitzuen jaitsiera: “Estaziño kaleko San Agustinen gaur egun ez dugu hiletarik ospatzen, bertakoek joera dutelako San Andresera eramateko, gero eta hileta zibil gehiago dago, bataioak iaz hamar bat egingo genituen…”. Uztailaren 16an izaten da Karmengo Amabirjinaren eguna eta horren inguruan jarraitu izan dute bederatziurrena egiten, “beti ere elizaren barnean, ez dugu jairik kanporatzen”. Eta urtero Sostoa abesbatzaren bisita izan dute, Gabonak baino pixka bat lehenago.

Karmeldarrak badoaz ere, izango dira eliz-zerbitzuak parrokian. “Bi abade afrikar izango dira hemendik aurrera: aita Jacques Beningoa da eta Arraten dago bizitzen dagoeneko, santutegian. Bigarrena Malawikoa da eta biak gurera etortzea apezpikuaren ideia izan da”.

Elizak 300 bat lagunentzako jarlekuak izango ditu gaur egun, “3.000 lagunetik gora hartu izan baditu ere”.

Elizak 300 bat lagunentzako jarlekuak izango ditu gaur egun, “3.000 lagunetik gora hartu izan baditu ere”.

Eraikina egoera onean
Karmen kalearen hasieran eta Iparragirrerako bidearen ondoan  dagoen tenplua neogotiko estilokoa da, altuera desberdineko hiru nabeekin: oso altua erdikoa eta pixka bat gutxiago albokoak, pilare batzurekin banandutako espazioan. Kristalerak ere badute bere garrantzia, izen handiko Maumejean etxearen lana direlako. Kanpo aldetik 1941eko lehenengo eraikina, aita Anakabe priore zela, zementuzkoa egin zuten batez ere. Gero, Uriarte arkitektorearen eskutik losa berdeekin jantzi zuten eta, azkenik, “losetak jausten hasi zirela-eta”, orain dela 10-12 urte gaur egun duen kolorez jantzi zuten.

Parrokiaren fatxada azken aldian izan dituen losetekin: berde kolorekoak aurretik eta grrisak azken hamarkadan.

Parrokiaren fatxada azken aldian izan dituen losetekin: berde kolorekoak aurretik eta grrisak azken hamarkadan.

Kongregazioaren ezaugarriak
Karmeldarrak XII. mendearen amaieran sortu ziren, Jerusalen inguruko Karmelo mendiaren inguruan, eremita bizitza onartu zuten batzuen gidaritzapean. Handik mende batera Karmelo mendia laga zuten eta, behin Europan ezarrita, Elias profetari izandako debozioa garatu zuten eta, aldi berean, Amabirjinaren Ordena moduan identifikatu ziren. Karmeldar Oinutsen ordenaren berezitasunetako bat da emakume bat izatea sortzaile, Santa Teresa baitute ama eta sortzaile; horrez gain, bertan emakumezkoen ordenek aurrea hartu zieten gizonezkoenei. Santa Teresa eta San Juan de la Cruz-en jarraitzaile diren neurrian, “espiritualtasunari” ematen dioten garrantzia azpimarratzen du aita Jose Luis prioreak ordenaren ezaugarri moduan. Arraten dauden karmeldar samariarrak, bestalde, klausurako mojak dira eta beste kongregazio batetik datoz.
Agur esateko ordua heldu zaien honetan, parrokiko boskoteak eskerrak eman nahi dizkie eliztar guztiei, “zelan hartu gintuztenetik hasi eta gaurdaino. Orain arte izan ditugun harremanak galtzeko asmorik ez dugu, urrutira ere ez goaz-eta”. Nabarituko da, bai, eurek lagatako hutsunea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »