Elena Olave durangarrak "Keinura itzuli" poesia liburua aurkeztuko du Adarabarren abenduaren 14an

Elena Olave durangarrak "Keinura itzuli" poesia liburua aurkeztuko du Adarabarren abenduaren 14an
2022/12/12 eta kitto!
Durangoko Azokak ateak itxi eta gero, euskal kulturaren plazak bizirik jarraituko du Euskal Herrian zehar, Zu non, han DA! ekimenaren bidez. Horrela, urtarrilaren 7ra arte, 132 liburu saltokitan Durangoko Azokako nobedadeak eskuratzeko aukera izango da, eta  45 lekutan  liburu aurkezpenak ere izango dira, horietako bi Eibarren. Lehenengoa abenduaren 14an izango da  Adarabarren (Eulogio Garate 3, behea): Elena Olave durangarrak "Keinura itzuli" bere hirugarren lburua aurkeztuko du.

Elena Olave Durangon jaio zen 1997an eta artearen historian lizentziatua da. Hainbat sari eskuratu ditu bere ibilbide literarioan, besteak beste, Julene Azpeitia ipuinen saria edo Lauaxeta poesia saria "Zeldak" liburuagatik.

“Keinura itzuli, keinu motzera, interes bakora” dio liburua irekitzen duen Chantal Maillard-en poemak. Izan ere, keinuei erreparatzen die Elena Olaveren bigarren poema liburuak: maite dugun gorputzari egiten dioguna, idazten jartzerakoan egiten duguna, begirada nonbaiten pausatzerakoan egiten duguna, keinu ia antzemanezin hori.

Kontakizun handien aurrean, keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada Elena Olavek liburu honetan. Testuaren eta bizitzaren arteko mugak arakatu ditu, nola bilatu poetika berri bat agerikoa ez denaren zurrumurruan, nola eternoak nahi luketen uneen testuran. Gorputza du horretarako esplorazio zelai poetak, hura inguratzen duten kontzeptuak, irudiak eta galerak.

Bigarren aurkezpena abenduaren 21ean izango da, Aradabarren berriro ere.  Eider Perezek "Kiratsa" liburua aurkeztuko du.