Kezkaren eskutik gaur ospatuko da Eibarko Dantzari Eguna, 19:30ean Untzagan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Kezkaren eskutik gaur ospatuko da Eibarko Dantzari Eguna, 19:30ean Untzagan
ETA KITTO 2019, Eka 14

Gaur arratsaldean, 19:30ean ospatuko da Eibarko Dantzari Eguna Untzagan (euria egiten badu, Legarreko frontoian). Ohi bezala, Kezka dantza eskolan eta Kezka dantza taldean urtean zehar ikasitako dantzak jendearen aurrean erakutsiko dituzte. Kezkatik azaldu dutenez, “dantza taldeko nagusiek Durangaldeko dantzari-dantza prestatzen jardun dute aurten eta beraz, agintariena, zortzinangoa, ezpata-joko txikia eta ezpata joko nagusia, banangoa eta txotxongiloa eskainiko dituzte. Eta dantza eskolako taldeek hango eta hemengo dantzen erakustaldi anitza eskainiko dute: Lesakako eta Xemeingo ezpata-dantzak, Baztango sagar-dantza, zortziko eta katadera dantza, Inude eta Artzaiak, Corteseko makila- eta zinta-dantzak, Gipuzkoako dantzak, Arrateko dantzak, Lapurdiko kaskaroten dantzak… Betiko moduan, musikaz Kezka dantza taldeko txistulariak eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariak arduratuko dira”.

Datorren ikasturterako matrikulazioa

Bestalde, Kezka Dantza Taldean euskal dantzak ikasteko 2019-2020 ikasturteko matrikulazioa astelehenean (ekainaren 17an) zabalduko dute. Ikasle berriek (6 urtetik gorakoek) Portaleko 3. solairuan eman ahal izango dute izena aipatutako egunean, 19.00etatik 20:00etara. Informazio gehiago nahi izanez gero, kezka@dantzan.com helbidera idatzi daiteke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »