Koldo Zuazo, hizkuntzalaria: “Asko estimatu dut neure herriak eman didan babesa”

Koldo Zuazo, hizkuntzalaria: “Asko estimatu dut neure herriak eman didan babesa”
2020/10/03 eta kitto!
Koldo Zuazo hizkuntzalari, irakasle eta euskaltzain urgazle eibartarrak omenaldia jaso zuen Gasteizen Euskal Herriko Unibertsitateko lankide eta lagunen eskutik. Gainera, artikulu-liburu bat argitaratu diote Eibarko Udalaren babesarekin: ‘Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena’. Jubilatu bada ere, euskararen inguruan lanean jarraituko du modu batean edo bestean.

 

Nolakoa izan zen Gasteizeko omenaldia?

Oso ederra. Aspaldi luzean neure inguruan eduki ditudan lankideak, ikasle izandakoak, senideak eta lagunak agertu ziren eta horrek, jakina, poztu egin ninduen. Sekula ahaztuko ez dudan eguna izan zen.

 

‘Eibartik Zuberoara euskalkietatik barrena’ egin dute zure omenez. Zertan datza?

Liburu mardul bat da. 45 lagunen artean 35 artikulu osatu dituzte. Gehienak euskararen gainekoak dira, baina beste hizkuntza batzuen lekukotasuna ere agertzen da. Bestalde, niretako oso pozgarria izan da Eibarko Udalak ordaindu izana liburua. Eibartarra izanda, asko estimatu dut neure herriak eman didan babesa. Ohore handia izan da.

 

Eibartik Zuberoara ez dago kilometro asko, baina bai euskalkiak. Hain ezagun duzun gaia izanda, bide horretan ez zinateke galduko. Baina nola hasi zenuen bide hori? Zerk bultzatu zintuen euskalkien inguruan ikertzera?

Beharrak derrigortuta hasi nintzen. “Euskal dialektologia” erakusteko lagun bat behar zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta neuk eskuratu nuen lanpostua eta, jakina, inori ezer erakutsi ahal izateko, lehenengo nik neuk ikasi beharra izan nuen. Horrela sartu nintzen mundu honetan.

 

Norbait izan zenuen gidari lehen urteetan? Edo erreferenterik izan zenuen?

1988an hasi nintzen lanean. Artean EHU/UPVn ez zen euskal dialektologia erakusten. Deustuko Unibertsitatean bai eta, han irakasle zenak, Rosa Miren Pagolak, bazeuzkan gauza batzuk argitaratuta. Udako Euskal Unibertsitateak ere eginda zeukan liburu bat eta, gutxi gorabehera, horixe zen garai hartan zegoena. Jakina, Louis-Lucien Bonapartek 19. mendean egindako lan erraldoia ere erabili nuen.

 

Eta gero, hainbeste urtetan bidea egiteko, nor izan duzu bidaide?

Egia esateko, ikasleekin ikasi dut gehien. Hego Euskal Herri osoko ikasleekin lana egiteko suertea izan dut unibertsitatean. Tartean Iparraldeko norbait ere agertzen zen, eta haiei esker ikasi dut asko. Bestalde, “maisu” bat ere eduki dut: Jose Ignacio Hualde. Ameriketan bizi eta lan egiten duen arren, aspaldi luzetik izan dugu hartu-emana eta asko jaso dut harengandik.

 

Euskalkien mapa da zure lan ezagunetako bat. Mapa estatikoa da ala aldatzen doa?

Hasteko, mapa ez dut oraindik amaitu. Joan den aspaldian Ipar Euskal Herrian nabil beharrean eta oraindik Zuberoara joan barik nago. Nafarroako alderdi batzuk ere ez ditut behar den moduan ezagutzen eta horretan jardun nahiko nuke ondorengo urteetan. Helburua 21. mende hasierako euskara erakustea da. Zure galderari erantzuteko, mapak garai jakin bateko argazkiak dira. Bonapartek 19. mende erdian egiten zen euskara erakutsi zuen eta nik une honetan egiten dena erakutsi nahi nuke.

 

Euskal munduan hainbatetan eztabaidatu izan da euskalkien eta euskara batuaren inguruan, bata bestearen aurka dauden bi bando izango balira bezala. Euskalkiak eta euskara batua kontrajarriak dira? Nola bultzatu daiteke bien arteko elkarbizitza?

Munduko hizkuntza “normal” denetan daude estandarra eta dialektoak eta ez dira inondik inora bata bestearen aurkari; hizkuntzaren “zatiak” dira. Estandarrak eginkizun batzuk ditu eta dialektoek beste batzuk. Estandarra komunitate osoari begira erabiltzekoa da, gehienbat zeregin “jasoetan” eta idatzizkoetan; dialektoak, berriz, esparru txikiagoetan eta, batez ere, ahozko jardunetan. Gurea ere herri “normala” izango balitz ez litzateke arazorik egongo, baina egin kontu, esate baterako, 1960ra arte ez zela euskara erabili eskoletan. Zelan izango gara herri “normala” gure hizkuntza irakaskuntzan baztertuta eta debekatuta egon baldin bada eta, gaur egun bertan ere, baztertuta baldin badago Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian?

 

Eibarren, adibidez, nagusiek eta gazteek ez dute euskara bera egiten. Galdu egingo da nagusiek egiten duten euskalkiaren forma hori? Horrela bada, normala edo saihestezina da belaunaldiz belaunaldi berba egiteko modua moldatzea edo aldatzea?

Herri guztietan gertatzen da zaharrek eta gazteek desberdin berba egitea, baina gurean aldea handiegia da. Lehen esan dizut horren arrazoia: ez garela herri “normala”. Gauzak behar bezala egin izan balira, gure herriko berbetak bere lekua edukiko zuen zenbait esparrutan eta ez zen hainbestean galduko. Bestalde, euskara batua modu zentzuzkoagoan erabili izan balitz, Eibarko berbak eta egitura sintaktikoak sartuko genituzkeen. Pentsa ezazu gaur egun zenbait lagunek Eibarren erabiltzen duten euskara batua eta Tuteran edo Barakaldon erabiltzen dena berdin-berdina dela eta hori ez da inondik inora zentzuzkoa. Argentinako gaztelania batua eta Espainiakoa, esate baterako, ez dira guztiz berberak. Zergatik bai gurean?

 

Jubilatzeko ordua heldu zaizu, baina lanean jarraituko duzu euskararen inguruan.

Beste modu batera, duda barik, baina, ondo nagoen bitartean, zeozertan jarraituko dut.