Koloreztatutako 10 argazki handi jarriko dituzte Ipuruan

Koloreztatutako 10 argazki handi jarriko dituzte Ipuruan
ETA KITTO 2022, Urt 13

Lehenengo errubgi partida, Jose Eulogio Garate, San Kristobalgo jaiak, Sanjuanetako koadrillak, zezen plaza eta haren inguruak, txirrindularitza… Urtarrilaren 19an, auzoarekin zerikusia duten koloreztatutako 10 argazki handi jarriko dituzte Ipuruan. Irudiak Guardia Zibilaren horma zaharretan zintzilikatuko dira eta Udal Artxibokoak dira gehienak.

Argazkietako batean 1950eko apirilaren 23an Eibarren jokatu zen lehen errugbi partidua ikusi ahal izango da. Anglet Olympique eta Aviron Bayonnais izan ziren lehian. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina jende-andana batu zen ordurarte Eibarren inoiz sekula ikusi bariko kirol hura ikustera.

Beste argazki batean dorreak eraiki aurretik zegoen paisaia ikusi daiteke. Plazaolaren argazkiak zuhaitz azpiko pasealeku luze elurtua dakargu gogora.

Argazki batzuetan jendea da protagonista. Auzoko jendea San Kristobal jaietan Lambrettak eskaintzen zituen hamaiketakoetan; umeak Ipurua zelaian disfrutatzen…

Kirol arloari helduz, Ipuruako foball-zelaian jokatzen hasi zen Jose Eulogio Garate izango dugu protagonista. “Zuloaga en arte y en fútbol Gárate” pegatina ezagunaren futbolaria da bera eta 1964an SD Eibarrek Unión Deportiva Cultural Chantrearen kontra 3. mailan jokatutako partidaren golegileetako bat. Nazioarteko futbol-jokalari izatera iritsi zen Garate.

Txirrindularitzak ere protagonismoa izango du, sasoi hartan Ipurua lasterketen helmuga izaten zelako. 1965eko Eibarko Bizikleta irabazi zuen KAS taldeko kide guztiek ere bertan atera zuten argazkia: Elorza irabazlea, Anton Barrutia, Gabika, Langarika, Jiménez… Izen ezagun asko zaletuentzat Soraluzeko Kontrargi argazki-taldeak utzitako Eli Lakuesta argazkilariaren argazkian.

Festarako aukera ere badago argazkietan. Sanjuanetako koadrillen lehiaketak entzutetsuak izaten ziren 60ko hamarkadan: zezen plazara joatea eta argazkia ateratzea ezinbestekoa zen. Argazkietan hiru kuadrilla dauzkagu: Baikorak, Alaiak eta Peña Piquio.

Eta, azkenik zezen plaza bera erdian dela, eremu zabal bat, goitik hartuta: Txaltxa Zelaiko frontoi zaharra eta Arma Probalekua; Txaltxa baserria; Abelux bizikleta-tailerra; Astelena pilotalekuaren teilatua eta ortuak; Mari Tere Munduate andereñoak zuzentzen zuen Eibarko lehenengo ikastolaren lokalak; Capitol zinema, eta abar.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »