Kulturgintzaren egoera larria dela eta, greba digitala deitu dute bihar eta etzirako

Kulturgintzaren egoera larria dela eta, greba digitala deitu dute bihar eta etzirako
2020/04/20 eta kitto!
Koronabirusaren eraginez Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dagoela ikusi dute hainbat sortzailek eta, horren aurrean, biharko eta etzirako greba digitala deitu dute. Bi egun osoz ez dute Interneten kultur edukirik partekatuko, eta sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko deia egin diete erakunde publikoei. www.kulturgintzan.eus eman dituzte argitara greba deitzeko euren arrazoiak eta orain arte 915 atxikimendu jaso ditu deialdiak. Hauek dira ekimenaren helburuak:

1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea

Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen...

2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea

COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.

3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa... bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei...

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300