Lord Witch: “Heavy metalaren zaleek amaieraraino jarraitzen dizute”

Lord Witch: “Heavy metalaren zaleek amaieraraino jarraitzen dizute”
2019/06/14 eta kitto!
Heavy metal gaua izango da biharkoa. Mago de Öz talde madrildarrak itxiko du gaua, baina Bergaratik etorriko da herria sutan jarriko duen taldea, Lord Witch. Gainera, kutsu eibartarrarekin, Jorge Gomez Akarregi delako taldeko gitarra-jolea. 15 urteko ibilbidea egin dute bergararrek eta gogotsu daude bihar Untzagan dena emateko.

 

- Kontzertua noiz iritsiko zain?

Saratoga edo Novaera bezalako heavy metal talde handiekin jo izan dugu, baina oso berezia da Mago de Öz bezalako talde batekin eszenatokia partekatzea. Oso pozik gaude eta, era berean, nahiko urduri. Eszenatoki gainean dena emango dugu, beti bezala, banda handi batek itxiko duen gauari hasiera ona eman nahi diogulako. Oso erantzukizun handia da.

- Nolakoak izaten dira zuen kontzertuak?

Heavy metal taldea gara eta genero horrek eskaintzen duena transmititzen saiatzen gara: gitarra zorrotzak oinarri sendoekin, teklatuen laguntzarekin ahots melodikoa jantziz. Asko gozatzen dugu eszenatoki gainean eta sentsazio horiek publikoari igortzen saiatzen gara, gurekin goza dezaten. Ez gara birtuosoak, baina guretzat kontzertuak erdi bisualak erdi musikalak izan behar dira ikuskizun ona sortzeko.

- Orain dela hiru urte kaleratu zenuten bigarren diskoa, ‘El elixir del tiempo’. Lan berriren bat duzue esku artean?

Abesti berriekin lanean genbiltzan, baina aldaketak izan ditugu taldean eta hirugarren diskoaren garapena eten dugu. Jorge taldera itzuli da 5 urte ondoren eta biharko kontzertuan Aitorren laguntza izango dugu teklatuan. Bestalde, Andoni taldeko abeslari berriak bihar gurekin estreinako kontzertua eskainiko duela da gauzarik esanguratsuena.

- 15 urte daramatzazue jotzen. Nolako egoera bizi du heavy metalak Euskal Herrian gaur egun?

Oso egoera zaila da. Gero eta zailagoa da zuzenean jotzea eta gutxieneko baldintzak edukitzea. Sasoi bateko egoera aldatu egin da eta hori asko igartzen da musikaren munduan, baina jendeak heavy metala entzuten eta sentitzen jarraitzen du, odolean daramate eta oso fidelak dira. Beraz, amaieraraino jarraitzen dizute. Oso esker onekoak gara gure alboan dauden zaleekin, eurek egiten dutelako hau posible. Eurak barik ez ginateke ezer izango.

- Zertan aldatu dira gauzak azken 15 urteetan?

Ez gara lehen bezain gazteak (barreak). Konpromiso gehiago ditugu eta denbora gutxiago, baina lehen bezain beste edo gehiago sentitzen dugu musika, eta beti aurkitzen dugu tarte bat Lord Witchek gure bizitzan adierazten duena askatzeko. Azken urteotan hainbat aldaketa egon dira taldean, baina kide berriek eta jarraitu dugunok lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzen dugu.

- Hasierako estiloa mantentzen duzue?

Gure estilo musikalarekiko oso fidelak gara eta oso ondo dakigu zer gustatzen zaigun eta zer egin nahi dugun. Abestietan denbora pasatu dela igartzen da, helduagoak garelako. Lord Witchek izaera propioa du eta beti igarriko da gure lanetan, taldekideak aldatu edo zahartzen badira ere.

- Zein lan prozesu jarraitzen duzue abestiak sortzeko?

Abestiak denon artean egiten ditugu. Orokorreak gitarra riff batekin hasten gara, eta baxuaren eta bateriaren oinarriekin janzten dugu ahotsaren melodia zehazteko. Gero, teklatuaren konponketak eta beste zertzelada batzuk lantzen ditugu. Letrak amaieran sortzen ditugu eta gure egunerokoan bizi ditugun kontuez gain, musika estilo honekin identifikatzen diren istorio epiko eta metaforikoak abesten ditugu.

- Eibarkoaz gain, beste kontzerturik duzue aurretik?

Hainbat aukera ditugu, baina Eibarkoa da konfirmatuta dugun kontzertu bakarra. Bost lagunek osatzen dugu taldea eta bakoitzak bere konpromisoak ditu, baina gure musika eskaintzen saiatzen gara aukera ematen diguten tokietan, publikoa Lord Witchen munduan bildu nahi dugulako. Zaila da dena koordinatzea, baina kontzertu gehiagoren berri eman ahal izango dugu laster.

+34 620 68 42 42 20190612_230734 1531543_434130003418304_2295596252144330176_o 10497224_434129736751664_7703328671975525059_o 10549250_434128826751755_2447878829184795400_o 10835298_434129616751676_6187218696624781416_o

SONY DSC SONY DSC

SONY DSC SONY DSC

lord witch live