Luis Castells, historialaria: “Oinarri etiko, moral eta pertsonal sakonak zituen Toribio Etxebarriak

Luis Castells, historialaria: “Oinarri etiko, moral eta pertsonal sakonak zituen Toribio Etxebarriak
2018/12/17 eta kitto!
Ego Ibarrak Toribio Etxebarriaren ‘Viaje por el país de los recuerdos’ liburuaren edizio berri bat argitaratuko du. Etxebarriaren liburuaren lehen edizioaren 50. urteurrenean publikatuko da edizio berria (lehenengoa Mexikon argitaratu zen 1968an eta bigarrena 1990an Donostian) eta Luis Castells historialariak idatzi du hitzaurrea. Abenduaren 19an, eguaztena, egingo da liburuaren aurkezpena 19:30ean udaletxeko pleno aretoan.

 

- Toribio Etxebarriaren ‘Viaje por el país de los recuerdos’ hiru aldiz irakurri duzula esan izan duzu eta beti ikasi duzula zerbait berria. Zer ikasi duzu azken irakurketa honetan?

Irakurketa bakoitza begirada ezberdinarekin egin ohi dugu. 1980. urtetik nabil irakaskuntzan eta, liburua lehen aldiz irakurri nuenean, historia sozialean zentratu nintzen batez ere (Eibarko langile mugimendua, bere jatorria...). Bigarren irakurketan eguneroko elementuei jarri nien arreta, jendearen bizimodua nolakoa zen ikusteko. Eta hirugarrenean Toribio Etxebarriaren pertsonaiaren sakontasun pertsonalari erreparatu diot. Oso pertsonaia gomendagarria da. Bere kabuz ikasi zuen, bere kabuz hazi zen, eta nahiz eta unibertsitate ikasketarik ez eduki, irakurtzeko eta ezagutza handitzeko gogo handia zuen. Gainera, oinarri etiko, moral eta pertsonal sakonak zituen. Liburuaren irakurketa humanista hau ez nuen aurreko irakurketetan hain argi ikusi.

- Liburua irakurri ez dutenek, zergatik irakurri beharko lukete?

Eibartarrentzat derrigorrezko irakurketa izan beharko litzateke, momentu historiko garrantzitsu batean Eibarko bizitza nolakoa zen kontatzen duelako. Sasoi hartan eman zen Eibarko eztanda ekonomikoa armagintza industriari esker eta hiria guztiz eraldatu zen. Gainera, oso liburu entretenigarria da. Ordu hartako Eibarko bizitzaren deskripzio atsegina egiten du eta historia interesatzen zaigun guztiontzat da egokia. Eibar hiri berezia zen sasoi hartan, erlauntz-industriala eta jarduera ekonomiko indartsuarekin.

- Liburuak 50 urte bete ditu. Nola zaharkitu da?

Liburua ez da zaharkitu eta goraipatzekoa da. Eguneroko bizitza islatzen du eta interes gehien daukan korronte historikoa da hori, xehetasun anitzen bitartez islatzen duelako orduko gizartea. Gizarte horren argazki osoa ematen digu. Bestetik, liburuan batzen den diskurtsoa ere ez da zaharkitu. Testuak ikuspegi politiko eta pertsonala dauka. Ezkerreko pertsonak eredugarriak izan behar diren ideia batzen du. Gainera, mezu politikoak gaurkotasuna dauka. Toribio Etxebarriak islatzen duen sozialismoa oso irekia da, biztanle guztiei zuzendua klase interesen gainetik, eta interes handiko itzulpen politikoa dauka horrek.

- Zuretzat zer izan da liburuaren hitzaurrea idaztea?

Demaseko poztasuna eman dit. Toribio Etxebarria beti interesatu zait, liluragarria da, eta poztasun intelektual aparta izan da berataz jardutea. Donostiarra banaiz ere, liburuan jorratzen den Eibarko sasoi hura oso interesgarria da. Gainera, Begoña Azpirik eta Ego Ibarrak demaseko lana egiten dute eta polita da eurekin elkarlanean aritzea. Eibarrek daukan tradizio liberal eta sozialistaren aurrean tolerante eta plural sentiarazten naiz, eta gozamena da kulturako gaiak lantzen dituzten lagun eibartarrekin lan egitea.