Maialen Araolaza ikertzaileak "Dantzaren onurak zahartzaroan" hitzaldia emango du hilaren 28an

Maialen Araolaza ikertzaileak "Dantzaren onurak zahartzaroan" hitzaldia emango du hilaren 28an
2021/01/20 eta kitto!
“Dantzaren onurak zahartzaroan” izenburuko hitzaldia emango du Maialen Araolaza fisioterapeuta eta gaian adituak urtarrilaren 28an (eguena), 19:00etatik 20:30era. Dantzan Ikasik antolatu duen berbaldia streaming bidez emitituko da (dantzan.eus/kidea/DantzanIkasi/zuzenean helbidean) eta bertan aurkituko duzue izena emateko orria ere. Antolatzaileek diotenez, “osasuna jarduera fisikoari loturik, kirolean jarri izan da fokua luzaz, baina hainbat aditu, gero eta ozenago, dantzaren onurak seinalatzen ari zaizkigu pertsonen osasun fisikoan eta mentalean”. Hain zuzen ere euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu ditu Maialen Araolaza unibertsitate irakasleak eta ikertzaileak defendatu berri duen doktore tesian. Bilbao Musikan dantza tradizionala ikasten duten Patxi Labordaren hainbat ikasleren jarraipena egin du, dantza egiteak haien funtzioetan zer nolako ondorioak dituen neurtuz. Ikerketaren emaitzak iazko uztailaren 17an arrakastaz defendatutako "Dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsoriomotore eta neuropsikologikoak adineko emakumeetan" izenburuko doktore tesian jaso zituen.