Maite Lorenzo, aktorea: “Garrantzitsua da Eibarko sortzaileek elkarri laguntzea”

Maite Lorenzo, aktorea: “Garrantzitsua da Eibarko sortzaileek elkarri laguntzea”
2020/09/14 eta kitto!
Maite Lorenzok zeresan handia emango duen HBOren ‘Patria’ telesailean hartu du parte. Esperientzia duen aktorea izanik, berarentzat lehen aldia izan da ikus-entzunezko batean eta esperientzia asko gustatu zaio. Leiho bat zabaldu zaio bere ibilbidean, baina ez ditu albo batera lagako hain maite dituen antzerkia eta poesia.

 

Nola izan duzu ‘Patria’ telesailean parte hartzeko aukera?

Kasualitatez, Danel De Prado lagunari esker. ‘Patria’ telesailean figurante izateko bere burua aurkeztuko zuela esan zidan eta animatzeko, baina telesailen eta zinearen mundua ez zitzaidan batere interesatzen. Danel, ostera, tematu egin zen eta azkenean baietz esan nion, berari laguntzeko batez ere. Soraluzen joan ginen castingera, argazkiak egin zizkiguten eta abar. Hilabete batzuk geroago deitu egin zidaten eta hasi eta berehala ordaindu egin ziguten. Orduan hasi zitzaidan gauza hura gustatzen (barreak).

 

Zein da zure rola telesailean?

Hainbat eszenatan figurante izateko deitu zidaten, baina ez nuen guztietan parte hartu. Adibidez, Elgoibarren grabatu zen azken eszenan bai. Gero, paper bat eman zidaten. Erretzen den autobusean doan emakumearen papera zen eta “ixo, ixo”, esan behar nion nire senarrari. Demaseko esperientzia izan zen. Donostiako Bulebarrean egun bi egon ginen eszena bat grabatzen eta jendez inguratu zen.

 

Nolakoa izan zen grabaketa?

Eguzkipean, euripean, gauez, ordu asko... Oso gogorra izan zen, baina asko gustatu zitzaidan. Ikusgarria da grabazioaren antolakuntza. Nik ez nuen horrelakorik espero, baina antolakuntza militarra da ia-ia. Hori bai, oso ondo zaindu gintuzten, errespetu handiarekin eta adeitasunez.

 

Esperientzia honekin ikuspegi berria ireki da zure zerumugan?

Bai, guztiz. Alde ekonomikotik, adibidez, oso ondo dago, lan egiten duzun egun bakoitzean kobratzen duzulako eta, ‘Patria’ egin ondoren, ‘Ilargi guztiak’ eta ‘Interrail’ pelikuletan parte hartu dut.

 

Beraz, gustatzen zaizu bide berri hau?

Bai. Zure lana egiten duzu eta kitto, hor amaitzen da. Antzerkia, ordea, inoiz ez da amaitzen. Hala ere, ni antzerki aktorea naiz, horrek betetzen nau.

 

Antzerkian zein proiektu duzu esku artean?

Batetik, urriaren 17an, ‘El día que me quieras’ poesia emanaldia eskainiko dut Portalean Alberto Egia pianistarekin, poesia gustatzen ez zaion jendea erakartzeko helburuarekin. Eta bestetik, abenduaren 20an, arratsaldeko lehen orduetan, ‘Los olivos palidos’ antzezlana aurkeztuko dugu Coliseoan. Mikel Areitioaurtenak zuzentzen du eta Juanma Cano, Ne-rea Ariznabarreta eta Enrique ‘El Vaka’ dira beste aktoreak. Apirilaren 2an zen aurkeztekoa, baina atzeratu behar izan genuen.

 

Poesia, antzerkia, ikus-entzunezkoak... arlo ezberdinak lantzea gustatzen zaizu?

Bai, eta musikarekin, dantzarekin eta abarrekin uztartzea gustatzen zait. Eibarren garrantzitsua da arlo ezberdinetako sortzaileek elkarri laguntzea, horrela hazi egingo garelako.