Xake Produkzioak antzeztaldeak "Mami Lebrun" taularatuko du bihar Coliseoan (elkarrizketa)

Xake Produkzioak antzeztaldeak "Mami Lebrun" taularatuko du bihar Coliseoan (elkarrizketa)
2017/03/13 eta kitto!
Antzerki Jardunaldien egitarauaren barruan, bihar (martxoak 14) “Mami Lebrun” taularatuko dute Xake Produkzioak-ekoek. Kepa Errastik idatzitako obra hau  Getari Etxegaraik zuzentzen du eta aktoreak Kepa Errasti bera, Ane Pikaza eta Ainara Ortega dira. Tragedia eta umorea nahasten dituen antzezlan honek amona baten istorioa kontatzen du iraganean, eta aldi berean, amonaren heriotzaren ostean, bere bilobak eta honen bikotekideak prestatzen dioten omenaldia. Antzezlana euskaraz izango da, 20:30ean, Coliseoan. Hemen daukazue Kepa Errastiri egindako elkarrizketa.

– Zer da Mami Lebrun?
Antzezlan honetan hil berri den amona bati bere biloba Egoitzek eta honen bikotekide den Mirenek prestatzen dioten omenaldia kontatzen da. Omenaldi horretan amona hil eta gero ganbaran aurkitu dituzten eguneroko eta gutun batzuen bidez jakin dituzten istorioak kontatuko dituzte. Bazekiten amona neskame ibili zela Parisen baina besterik ez, eta sekretu asko gordetzen zituela aurkitzen dute. Mami Lebrun, obraren izena, amonak Parisen izan zuen ezizen bat da. Nire pertsonaia Egoitz da baina antzezlana bi planotan interpretatzen da eta Egoitz orainaldian naiz, amonaren galerak oso ukituta utzi duen pertsona eta gabezia eta tristura hori aipatutako omenaldiarekin garaitzea nahi duena. Iragana interpretatzerako orduan bestalde, pertsonaia ameslari eta borrokalari bat naiz. Mirenez eta Egoitzez gain, Ainara Ortegak ere badu pertsonaia bat eta bera arduratzen da ikuskizuneko abestiak kantatzeaz.

– Zuk idatzitako obra da…
Bai, Eusko Jaurlaritzatik diru-laguntza bat jaso nuen eta aurrera egin nuen. Hala ere gidoia moldatu eta berridatzi egin dugu entseguetan. Gidoia hasiera batean nahiko tristea zen orokorrean eta entseguetan aldatu egin genuen zuzendariaren eta ekipoaren esku finari esker. Getari Etxegarai zuzendariak esaten zuen aire apur bat falta zitzaiola, umore pixkat behar zuela hain tristea izan ez zedin. Oreka behar zuen.  Heriotzatik umorera buelta ematea nahiko kontu kuriosoa izan da, baina dramarekin eta umorearekin jolastu nahi izan dugu.

– Nola txertatzen da umorea heriotza oinarri duen antzezlanean?
Cbrak ezaugarri berezi bat dauka hori lortzeko. Obraren oinarrizko pieza da umorea nola txertatzen dugun, baina ez nuke argitu nahi, ikusleei sorpresa emateko. Badaukagu orokorrean erraztasun bat tragediez barre egiteko, umorez kontatzen badira. Harrera ona izaten du antzezlanak, 2016ko maiatzean estreinatu genuen eta oso pozik gaude horrekin. Gainera, jendea oso erraz identifikatzen da horrelako galera batekin. Denok galdu dugu aitona edo amona bat. Batez ere amona horren figura denok daukagu barruan eta gure sentimendu horrekin oso errez egiten du bat obrak.