Manuel Zabala, maketagilea: “Nerbioak baretzeko oso ariketa ona da maketak egitea”

Manuel Zabala, maketagilea: “Nerbioak baretzeko oso ariketa ona da maketak egitea”
2023/01/20 12:57
eta kitto!
Manuel Zabalak Eibarko eraikinen maketen bigarren erakusketa jarri du ikusgai Armagintzaren Museoan. Bertan herriak izan dituen egitura arkitektoniko nagusienak ikusi daitezke, batzuk dagoeneko desagertuta daudenak eta beste batzuk hondamendi egoeran.

Artea eta arkitektura Eibarren II izenburua duen erakusketa otsailaren 19ra arte egongo da ikusgai Armagintza Museoaren sarreran, eguaztenetik zapatura 16:00etatik 20:00etara eta domeketan 10:00etatik 13:00etara. Sarrera, gainera, doakoa da.

 

Eibarko eraikinen maketekin egiten duzun bigarren erakusketa da hau. Bestearen jarraipena da? Osagarria? Beste ezaugarri batzuk ditu?

Erakusketa honetan batipat azken 12 urteotan egindako maketak daude ikusgai. Badago aurreko erakusketan erakutsitako maketaren bat (Estaziño zaharra, adibidez) eta antzina egindakoren bat ere (Arrateko eliza, kasu). Hori bai, beste erakusketan gertatu zen bezala, Eibarko eraikinak dira denak.

Noiz hasi zinen eraikinen maketak egiten?

Eraikin baten lehenengo maketa Martuteneko txalet batena izan zen. Bertan Moulinexeko erosketa-arduraduna bizi zen eta harremana nuen berarekin. Maketak egiten nituela jakin zuen eta bere etxea egiteko esan zidan. Ondoren, lagun baten baserriaren maketa egin nuen, gero beste bat, eta horrela gaur egunera arte.

Orain dela asko egin zenuen lehen maketa hura?

Orain dela 52 urte.

Eta Eibarko eraikin baten lehenengo maketa zein izan zen?

Ez dago erakusketa honetan, baina Arrajola baserria izan zen. Gero, gaur egungo Otaola hiribidean zegoen Otaolaerdi baserria egin nuen. Ondoren, Estaziño kaleko tren geltokia, eta horrela.

Trebetasuna eta jakituria behar da horrelakoak egiteko. Maketak lehen saiakeran sortzen zenituen ala askotan saiatu behar zinen?

Lehen saiakeran irteten zitzaizkidan, poliki-poliki eginez. Egia da batzuetan, lanetik amorratuta heltzen nintzenean, gauzak ez bazitzaizkidan nahi bezala irteten, haserretu eta ‘pum’, egindakoa apurtzen nuela eta berriz hasten nintzela (barreak).

Nondik datorkizu maketak egiteko zaletasuna?

Gaztetan Ferrolgo Marinara joan nintzen eta Donostiko ebanista bat zegoen bertan. Denbora librean zer egin pentsatzen ibili nintzen eta maketak egitea gustatzen zitzaizkiola esan zidan berak. Orduan, gure kuartelaren parean ‘Galatea’ izeneko itsasontzi bat zegoen eta horren maketa egin genuen. Maketa Eibarrera ekarri nuen, etxean egon zen ez dakit zenbat urtetan eta gero elkarte gastronomikora eraman nuen. Gaur egun erdi apurtuta dago. Bestetik, gure bulegoa Untzaga dorrean zegoen eta Sanjuanetan botatzen zituzten txapligoen makilak terrazara erortzen ziren. Orduan, denak batu eta mendiko bordak egin nituen, gero leihoak eta ateak egin nizkien, eta ondoren eraikin handiagoak egiten hasi nintzen.

Eraikinen xehetasun guztiak zaintzen dituzu, eta baita proportzioak ere. Nolabaiteko formakuntza jaso duzu edo zeure kabuz ikasi duzu hori egiten?

Gauza hauek bakarrik etortzen dira. Maketaren zati bat egin behar badut, nola egin dezakedan pentsatzen dut, beste barik. Buruari buelta asko eman eta zerbait bururatzen zait. Gero, eraikinen tamainari eta proportzioei dagokienez, gutxi gorabeherako kalkuluak egiten ditut, ez baititut eraikinen planoak. Adibidez, Sagartegieta jauregiaren maketa sortzeko, bi argazki hartu eta horren arabera egin dut. Maketa egin aurretik marraztu egiten dut paperean, baina beste barik.

Erakusketan dauden eraikin batzuk dagoeneko ez dira existitzen. Nola moldatu zara euren maketa egiteko?

Antzinako argazkiak eta bestelako irudien bitartez, eta gogoratzen nuena ekarriz. Oraindik zutik daudenekin errazagoa da, bertara joan eta nolakoak diren ikusi dezakedalako.

Afizio polita zurea!

Bai, oso polita! Denbora pasatzeko oso ondo dago eta egunerokoan pilatzen diren nerbioak baretzeko oso ariketa ona da.

Ba nerbioekin egiteko oso gauza delikatua da, ezta?

Bai, kontuz egin beharreko zerbait da. Baina tira, nik esku handi hauekin horrelako maketak egitea lortu badut, ez da hainbesterako izango (barreak).

Zein eraikin ikusi daiteke erakusketan?

Aipatutakoez gain, Sosola baserria, Isasi txaleta, Orbeako bulego-eraikina, Jardiñetako eskola-zaharrak, Estaziño zaharra eta berria, Arieletxea, Aritxulueta baserria, Kantabria jatetxe zaharra, Bildosola txaleta, Otola baserria, Arbitrios, Pitxargain baserria, Errebalgo merkatu plaza zaharra eta San Andres parrokia daude (egin dudan azken maketa), besteak beste. Ikusi daiteke, adibidez, Arrateko eliza aspaldi egindakoa dela, bernizatuta ere ez dagoelako.

Hasi zinenetik gaur egunera arte aldea igarri duzu zure sorkuntzetan?

Bai, noski, ez dago alderik! Maketak egiten zoazen neurrian eskua hartzen diozu, teknika hobetzen duzu eta, orokorrean, dena egiten duzu hobeto.

Nola lortzen duzu maketak egiteko materiala?

Material ezberdinak erabiltzen ditut. Adibidez, zerrautsarekin egindako lamina handi batzuk erabiltzen ditut, barandak egiteko txanpain botilen alanbreak erabiltzen ditut, zotzak ere, sareak, paretak papereztatzekoak, Gastro Gilda tabernakoek zakarrontzira bota behar zuten lamina batzuk eman zizkidaten... Adi egoten naiz maketentzako baliagarriak izan daitezkeen gauzak hartu eta berrerabiltzeko. Gero, gainera, eraikinak margotu eta bernizatu egiten ditut.

Non egiten dituzu maketak?

Bulego bat daukat eta, bertan sotoa dagoenez, han sartzen naiz eta orduak pasatzen ditut. Maketa batekin hasten banaiz, amaitu arte jarraitzen dut horrekin. Bestela, batekin hasi eta amaitu baino lehen beste batekin hasten banaiz, akabo. Hori bai, ez dakit zenbat tardatzen dudan maketak egiten, inoiz ez dut apuntatu. Ez dut presarik edukitzen, gogoaren arabera egiten dut, baina amaitzear nagoenean bai sakatzen dut behingoz amaitzeko, gogoa izaten baitut emaitza ikusteko.

Zein da zure sorkuntzarik kuttunena?

Jardiñetako eskola zaharren maketa aukeratuko nuke. Izan ere, bertan ikasi nuen eta maitasun berezia diot. Ondo gogoratzen dut nolako eraikina zen. Alde batean neskak egoten ziren eta bestean mutilak.

Eta zein kostatu zaizu asko egitea?

Badaude batzuk (barreak), baina Jardiñetako eskola zaharrak egitea, adibidez, nahiko kostatu zitzaidan.