Marijose Cueli, argazkilaria: “Argazkietan imajinatzea eta esperimentatzea gustatzen zait”

Marijose Cueli, argazkilaria: “Argazkietan imajinatzea eta esperimentatzea gustatzen zait”
2021/05/07 eta kitto!
Marijose Cuelik ‘Ezinezko munduak’ izeneko argazki-erakusketa antolatu du Portaleko erakusketa-aretoan, kupularen azpian. Argazkilari donostiarraren lanak ametsezko munduetara garamatza, argazkiak egiteko eta sentitzeko abilezia bereziarekin.

 

Nolakoak dira ezinezko munduak?

Erakusketan dagoen ezer ez da existitzen, ez behintzat bertan iradokitzen den bezala. Argazkiak multzoka daude sailkatuta eta albo batean, adibidez, neure basajaunak daude. Mendira joateko ohitura dut nire miseriak han lagatzera, zuhaitzek jaso dezaten, eta berritua etortzen naiz. Horrela, han ikusten dudanarekin sentsazio ezberdinak irudikatzen ditut argazkietan, pareidoliak (irudi aleatorio batean itxura ezaguna duten irudiak osatzeko gizakiok dugun joera azaltzeko erabiltzen den fenomenoa) izango balira bezala, eta horrela izendatu ditut: Beldurra, Zaindaria, Satiroa, Miseria, Lo dagoena eta Ogroa.

 

Nola lortu duzu ikusten zenuena argazkian islatzea?

Argazkiek ez dute ia moldaketarik. Ilundu egin ditut bakarrik, zuek ikusteko nik ikusten dudana.

 

Beste argazki-sorta batean hostoak ikusten dira. Zer irudikatu nahi izan duzu?

Behin hosto ustel bat aurkitu nuen eta hosto horrekin argazki guzti horrek egin ditut. Hosto bera erabiliz, errepikatzen eta toki batean eta bestean jarriz, argazki ezberdinak egitea lortu dut. Argazki handienak ‘Hiru Moirak’ du izena, greziar mitologian gizakien patuaren iruleen omenez. Horrela, hiru hosto ikusten dira, gaztetasuna, heldutasuna eta zahartzaroa irudikatzeko. Beste argazki batean, hostoak erabiliz, hegazti baten forma osatu dut eta ‘Ave fenix’ izena jarri diot; eta antzera jokatuz, beste batean dragoi bat eta Orion konstelazioa atzeman daitezke. Gainera, Donostian, Urumea ibai inguruan, proba bat egiteko jolasean hasi nintzen kamerarekin eta naiade (greziar mitologian, ur gezatako ninfa) antzeko bat irudikatu nuen.

 

Alboko multzoko argazkiek kolore biziak dituzte. Zer esango diguzu euren inguruan?

Horrek konfinamenduaren sasoian egin nituen. Etxean egindako argazkiak dira eta koloreak ikusi nituenean pentsatu nuen: “Martera noa”. Horrela, espazioan bidaia egin nuen. Venusen bero gehiegi egiten zuenez, joan egin nintzen. Ilargitik pasatzerakoan Ripley tenientea Alienarekin borrokan ikusi nuen eta Martera alde egin nuen. Han oso ondo, martzianoekin. Gero, Jupiterrera joan nintzen esan zidatelako unibertsoko jainkoek han dutela udako etxea, eta Thorren etxean egon nintzen garagardoa asko gustatzen zaiolako, niri bezala. Konturatu nintzen Jesukristo ez zegoela, oso gartxua delako, baina bere aita eta Mahoma han zeuden, zelatan.

 

Azkenik, Argazkilaritza Maiatzean-en katalogoari azala jarri dion argazkia eta bere antzekoak daude. Zein istorio dute atzetik?

Haizeak dira: hego-haizea, ekialdeko-haizea, ipar-haizea, sirokoa… Argazki bakoitzak bere istorioa du atzetik eta ikuslearen imajinazioa martxan jartzen dute. Gauza errealak dira, existitzen dira, baina beste zerbaiten jatorri dira.

 

Oso teknika ezberdina erabili dituzu. Gauzak probatzea gustatzen zaizu?

Bai. Batzuetan pentsatzen dut Marten bizi naizela (barreak). Badakit gauza hauek ez direla egiten eta baten batek pentsa dezake egiten ditudan argazkiak haurrentzat direla, baina imajinatzea eta esperimentatzea gustatzen zait.

 

Beste argazkilariek egiten dutena aintzat hartzen duzu?

Nik nire bidea jarraitzen dut eta besteen argazkiak gozatzeko besterik ez ditut ikusten.

 

Nola hartu duzu Portaleko kupula azpian erakusketa egin ahal izana?

Leku zoragarria da, eta handia! Gustora etorri naiz eta niretzat azken erakusketa izango da seguruenik. 6-7 erakusketa egin ditut eta aspertzen hasia naiz.