Martin Azpilikueta, ilustratzailea: “Marrazten ondo pasatzea eta gozatzea da beharrezkoa”

Martin Azpilikueta, ilustratzailea: “Marrazten ondo pasatzea eta gozatzea da beharrezkoa”
2019/01/18 eta kitto!
Martin Azpilikueta ilustratzaileak komiki ikastaroa eskainiko du Indianokua Gaztelekuan. DBHko nerabeei zuzendutako ikastaroa da eta otsaileko lau zapatuetan emango da arratsaldez. Ikastaroa doakoa izango da eta urtarrilaren  27ra arte eman ahal izango da izena. Argibide gehiago behar izanez gero, Gaztelekura jo edo 688 682 372 telefonora deitu daiteke.

 

- Nolako ikastaroa izango da?

Lehenik, parte-hartzaileek pertsonaia bat sortu beharko dute eta, hortik abiatuta, istorioak sortzea da asmoa. Pertsonaiei izena jarri eta itxura emango diete eta, gero, animatzen, akzioa sortzen... erakutsiko diet. Irudi eta letren bitartez istorioak kontatzen ikasiko dute.

- Komiki bat egiteko orduan ondo marraztea beharrezkoa da?

Ez da beharrezkoa. Edozer gauza marraztuta, modu bikainean egin edo ez, istorio on bat kontatzen baduzu, nahikoa da. Ez da beharrezkoa ondo marraztea, marrazten ondo pasatzea eta gozatzea da beharrezkoa.

- Nolako prozesua jarraitu behar da komiki bat egiteko orduan?

Nik bi prozesu jarraitzen ditut. Batetik, marraztu egiten dut, beste barik, eta ateratzen dena ateratzen zait. Kasu horietan ez daukat gidoirik eta inprobisatu egiten dut. Beste batzuetan, ordea, gidoi bat prestatzen dut edo ideia bat garatzen dut marraztu aurretik. Gainera, komikia jantziko duten gaiak pentsatu eta zehazten ditut (lokalizazioa eta abar, adibidez). Kasu hauetan bozetoak egiten ditut.

- Nola hasi zinen komikien munduan?

Betidanik marraztu izan dut, baina orain dela bost edo sei urte hasi nintzen komikiak egiten. Komikiak beti irakurri ditut eta Jon Martin Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako irakaslearen komikiak gustatzen zitzaizkidan, oso sinpleak eta oso onak direlako, eta konturatu nintzen ez zela beharrezkoa superheroien komikiak edo marrazki oso elaboratuak egitea komiki bat sortzeko. Istorioak egiten hasi nintzen eta Kol zen tira horien protagonista. Nahiko istorio absurduak ziren, ez zuten ezer berezirik kontatzen, eguneroko bizitzan gertatzen diren gauzak, beste barik.

- Jon Martinez gain, badaukazu beste eredurik komikien munduan?

Robert Crumb eta Daniel Clowes asko gustatzen zaizkit; eta bestetik, Carlitos eta Snoopyren, Calvin eta Hobbeseren eta Tintinen istorioak ere gustoko ditut.

- Komikiak edozein adin tarteko jendearentzat izan daitezke?

Bai, noski! Komiki batean edozein gai landu dezakezu. Pelikula batean egiten den bezala, komikietan ere denetariko gaiak landu daitezke, haurrei, nerabeei edo helduei zuzenduta.