Martin Zalakain ikuskizunaz gozatzeko lau aukera udazkenean

Martin Zalakain ikuskizunaz gozatzeko lau aukera udazkenean
2018/10/17 eta kitto!
Bilboko Arriaga antzokian arrakasta handiz estreinatu eta Euskal Herriko eszenatoki garrantzitsuetatik pasatu eta gero, Eibar barne, Artedrama plataformak eta Argia dantza taldeak Martin Zalakain ikuskizunaren lau emanaldi gehiago eskainiko dituzte udazkenean. Urriaren 20an, zapatua, Andoainen egongo da ikusgai Bastero antzokian 20:00etan; hilaren 27an, zapatua, Urretxuko Ederrena pilotalekuan 19:00etan; azaroaren 24an, zapatua, Azpeitiko Soreasun; eta abenduaren 1ean, zapatua, 20:00etan Basauriko Sozial Antzokian.

Martin Zalakain Artedrama eta Argiaren ikuskizuna bada ere, Kezka dantza taldeak parte hartzen du bertan. Juan A. Urbeltz da ikuskizunaren koreografo eta zuzendaria, eta Ander Lipus arduratu da Pio Barojaren eleberrian oinarritutako Harkaitz Canoren egokitzapena antzerkira moldatu eta eszenaratzeaz. Musika Mikel Urbeltz eta Marian Arregi zenak zuzendu dute eta, Kezka dantza taldekoez gain, Argia, Arkaitz, Maritzuli, Duguna, Haritz, Elai Alai, Astigar eta Gure-Kai konpainietako dantzariek hartzen dute parte ikuskizunean.