“Melting Landscapes Glaciares” eta “Mendiak 1976” filmak emango dituzte bihar, Menditour Eibarren baitan

“Melting Landscapes Glaciares” eta “Mendiak 1976” filmak emango dituzte bihar, Menditour Eibarren baitan
ETA KITTO 2022, Mar 14

BBK Mendifilm Bilbao-Bizkaiako film onenak izango dira, beste behin, Menditour Eibar programazioaren barruan. Bihar (martitzena, hilak 15) eta 22an eskainiko dituzte pelikula horiek Coliseo antzokian, kasu bietan 18:30ean hasiko diren saioetan. Sarrerak 5 euro balio du eta Coliseoko leihatilan eta Kutxabank-en eskuratu daitezke. Film guztiak, jakina, Bilbon saritutakoak dira.

Bihar “Melting Landscapes Glaciares” (8 minutu) eta “Mendiak 1976” (86 minutu) ikusi ahal izango dira. Lehenengoan lurreko glaziarrak etengabe urtzen joateak klima-aldaketan zelako eragina duen erakusten da, eta bigarrenean lehenengo euskal zazpimilakoaren abentura kontatzen da. Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen Afganistango Shakhaur (7.116 metro) gailurrera iritsitakoan, baina gailurrerako lorpenaren alaitasuna tristura bihurtu zen, jaitsieran izan zuten istripuan espedizioetako bat hil egin zelako eta beste bat larriki zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker salbatu zen bigarrena eta hor piztu zen gaurdaino iraun duen nafarren eta poloniarren arteko adiskidetasuna.

Hurrengo martitzenean, hilaren 22an, 14 minutuko “Amagana” eta 85eko “Le Cavalier mongol” emango dituzte. Lehenengoa Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren ingurukoa da eta bigarrena Mongolia iparraldean kokatzen da, tribu nomaden zaldien lapurketak direla-eta, Darhateko zaldun zaindariak “berea dena berreskuratzeko” Mongoliako taigaren ertzeraino egiten duen ibilera kontatzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »