MICE eta Su ta Gar eibartarrek jaso dituzte VII. Musika Bulegoa Sarietako bi

MICE eta Su ta Gar eibartarrek jaso dituzte VII. Musika Bulegoa Sarietako bi
2023/05/17 eta kitto!
Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu zituen atzo, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Lau musika-talde eta sei artistaren lana aitortu dute VII. Musika Bulegoa Sariek, eta sari horietako bi MICE (Miren Narbaiza) eta Su ta Gar eibartarrek eraman dituzte. Oreka TX, Merina Gris, Neomak, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís, Elena Setién eta Kepa Junkera izan dira beste sarituak. Guztira hamar sari banatu dira, inolako mailaketarik gabe: epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria.

ARGAZKIAK: OLGA RUIZ

Sari-banaketa ekitaldian Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Diputatua), Mikel Etxebarria (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintzako Zerbitzuko burua), Marije Etxaniz (babesle nagusi izan den Laboral Kutxako komunikazio-zuzendaria) eta Irene Larraza (Etxepare Institutuko zuzendaria) egon ziren, besteak beste. Dozenaka musikari, ekoizle, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale ere bertan egon ziren.

Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi saridun aukeratu ditu aditu-talde honek (Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién).

Etxepare Euskal Institutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero eta, aurten, Oreka TX taldeak jaso du errekonozimendu hori. Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso dute.

Horrez gain, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak urtero ematen duen ohorezko sari berezia Kepa Junkerak jaso du, “Euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”.