Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta: “Hamarkada bakoitzean gazteak dira mugimendu musikal berri bat sortzen dutenak”

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta: “Hamarkada bakoitzean gazteak dira mugimendu musikal berri bat sortzen dutenak”
2021/03/18 eta kitto!
DBHko 4. mailako ikasleek euskal musikaren inguruko ikasgai magistrala jasotzen dute urtero Mikel Markezen eta Eñaut Elorrietaren eskutik, ‘Baga, biga, higa’ proiektuarekin. Musikari biek gure musikaren erroetatik gaur egunera arteko bidaia egiten dute irudien eta doinuen bitartez, eta gure musikaren parte izanik, zuzenean abesten dute ikasleen gozamenerako.

 

Nolakoak dira ‘Baga, biga, higa’ saioak?

EÑAUT ELORRIETA: 1960. urteko euskal kantagintza berritik hasi eta gaur egunera arteko euskarazko musikagintzaren errepasoa egiten dugu, hamarkadaz hamarkada, eta 60. hamarkadara heltzeko nondik gatozen aipatzen dugu. Aurten Mitxel Labegeriren jaiotzaren mendeurrena bete da eta onartuta dago bere disko batek eman ziola hasiera euskal kantagintza berriari eta osteko guztia hor ereiten dela. Guk hala dela sinesten dugu, kate bat dela hori eta gu maila bat baino ez garela. Beraz, gure nahia da ikasleek hori guztia ezagutzea, ezagutzatik kontsumitzera eta maitatzera pasatzea, gurpil horren parte izatea eta, haria eten ez dadin, eurek ere ekarpenak egitea.

MIKEL MARKEZ: Horretarako euskarriak ditugu aitzakia. Hau da, 1900. urtean euskaraz egindako lehen grabaketa egin zen, baina 60. hamarkadara arte abestiak ahoz aho transmititzen ziren singleak agertu arte. Gero, hamarkadaz hamarkada, LP-ra pasa ginen (kantagintza protesta, zentsuraren amaiera), LP-tik kasetera (punk mugimendua, heroina, krisi ekonomikoa), gero CD-ra (musika aniztasuna) eta 2000. urtetik aurrera internet da nagusi euskarririk gabeko sasoian. Beraz, bidea euskarririk gabeko sasoi batean hasten eta amaitzen dugu. Bestetik, aipatzen dugu hamarkada bakoitzean gazteak direla mugimendu berri bat sortzen dutenak eta, kate mailaz-maila, dena lotzen dutenak. Guri orain Labegerie eta Ez Dok Hamairu oso gauza zaharrak iruditu arren, euren sasoian oso iraultzaileak izan ziren, gero punkiak izan ziren bezala, adibidez.

 

Gazteentzako saioak dira. Beharra ikusten zenuten?

MIKEL: Mugimendu berriak gazteen eskutik etorriko dira eta horretarako garrantzitsua da aurretik egin dena ezagutzea. Flyscheko kapak bezala, egiten den guztia aurretik egin denaren gainean egiten da, batzuetan berresteko eta beste batzuetan kontra egiteko, baina azpikorik gabe ez dago gainekorik. Kapaz kapa gure historia osatzen goaz, gizarteari unean uneko erantzunak ematen.

EÑAUT: Sasoi honetan gazteek aukera asko dituzte klik bakarrera. Euskal abesti bat entzuten dute, eta klik bat eginda milioika dolar balio duen eta oso promozionatuta dagoen munduko beste edozein gauza entzun dezakete. Horrelakoekin lehiatu behar dugu. Gertutasuna da gure abantaila, gure historia guk kontatzea eta kantuen bitartez sasoi eta herri bati lotzea. Hori garrantzitsua da, bestela globalizazioaren olatu handi horrek irentsiko gaituelako ezinbestean. Ematen zuen internetek dena denon esku jarriko zuela, baina hegemoniak berdin-berdin sortzen direla iruditzen zait eta handienak txikiena irensten duela. Gurea bezalako herri txiki batek eskura dituen erremintak erabili behar ditu erreibindikatzeko eta indartzeko eta, bertatik bertara gazteei hau azaltzea interesgarria izan daiteke.

 

Beraz, zuek hartu duzue azaltzeko ardura hori?

EÑAUT: Hutsune batetik abiatu ginen, maila kurrikularrean ez zelako euskal kantagintza lantzen. Izan ere, abesti bat helduleku erakargarria izan daiteke historiari edo edozein gairi buruz berba egiteko.

MIKEL: Literaturan badago bermatuta ezagutza bat. Badakite klasikoak zeintzuk diren, Bernardo Atxaga eta horrelakoak,  baina musikari dagokionez, interes berezia duen irakasle bat edo jakintza hori duen gurasorik ez badago, gazteek ez dute hori jasotzen. Eskoletan eskainitako hitzaldietan kontakizun horren beharra ikusi genuen eta horregatik hasi ginen.

 

Urte hauetan gazteen jarreran, gustoetan… aldaketak igarri dituzue?

EÑAUT: Erreferentziak aldatzen doaz. Lehen, bazekiten zein zen Justin Bieber eta ez zekiten zein zen Mikel Laboa; eta orain, badakite zein den Harry Styles… eta ez dakite zein den Mikel Laboa (barreak).

MIKEL: Ez, orain ez dakite nortzuk diren Hertzainak… edo gu geu nortzuk garen! (barreak).

 

Zuek ere ez?

EÑAUT: Eibarren beharbada bai, baina herri edo gune askoz erdaldunagoetan egon gara eta hor errealitatea beste bat da. Adibidez, immigrazioa handiagoa delako. Horrelako tokietan, saio hauekin herri baten kulturaren eta historiaren lehen trazuak ematen dizkiegu. Gure eguneroko ikuspegitik ezin ditugu ondorio handirik atera, pentsatzen dugulako Euskal Herria guk bizi dugun errealitatearen araberakoa dela, baina ez da horrela, inondik inora. Errealitatea da ez dela euskalduna eta euskal kulturaren ezagutza ez dela handia, orokorrean.

 

Euskal musikak izaera propioa du?

MIKEL: Esaten dugu herri-musika lehengo belaunaldiek erabili duten musika dela. Adibide bat jartzearren, Eibar inguruko putetxeetan Elgeta trikitilariak jotzen zuen. Guretzat trikitixa kobazuloen sasoitik existitzen zen musika-tresna da, baina errealitatean oso berria da, 1880. urte inguruan iritsi zen hona. Guretzat herri musika da, baina berez ez da horrela, errepertorioaren zati bat Europatik etorri zelako. Mugimenduan zegoen zerbait zen. Tradizioarekin traizio pixka bat dago. Oso gurea den gauza bat agian ez da oso gurea. Saio hauetan aipatzen dugu euskaraz egindako musikak aurrera egingo badu, sasoi berrietara moldatzen jakingo duelako izango dela. Zentzu horretan ez gaude orain dela mende eta erdi baino ezberdinago.

EÑAUT: Nik esango nuke euskal musikak baduela izaera propioa. Euskaratik sortzen denak nortasun propioa du. Bereizgarria eta unibertsala da aldi berean, eta saio hauetan horri balioa ematen diogu. Gure errealitatetik mundura abesten dugu. Euskaraz abesten dugunean sentitzen dut atzetik datorren zerbait handiago baten parte garela eta norabide berean bultzatzen dugula.

MIKEL: Horregatik, kate maila berean batzen gara euskal kantautoreak eta euskarazko heavy taldeak. Agian beste kultura batzuetan posible ez den fenomenoa da, baina gurean bai, euskaratik egiten dugun neurrian.

EÑAUT: Gainera, ez gara hegemonikoak. Oso potenteak diren bi kultura eta hizkuntzen erdian gaude, non hegemonikoa neutrotzat hartzen den eta euskaraz sortzen denari mesfidantzaz begiratzen zaion. Ematen du erderak ez duela bestelako konnotaziorik, neutroa dela. Zapalkuntza batzuekin konturatzen ez bazara, hegemonia horren parte zarelako da.