Mikel Martinez, aktorea: “Euskerak militantzia eta amodioa eskatzen du”

Mikel Martinez, aktorea: “Euskerak militantzia eta amodioa eskatzen du”
2019/10/22 eta kitto!
Mikel Martinez aktorea munduko azken euskaldunaren azalean jartzen da ‘Ghero’ antzezlanean. 3000. urtean hizkuntza bakarra dago munduan, ‘hizkuntza globala’, eta antzezlanak hizkuntza guztien eta hizkuntza aniztasunaren defentsa egiten du. ‘Tartean Teatroak’ urriaren 25ean, barixakua, 20:30ean, eskainiko du antzezlana Coliseoan.

 

- Euskaltzaindiaren enkarguz sortu duzue ‘Ghero’. Ardura sentitu duzue?

Ez da Euskaltzaindiaren enkargua izan zehazki. Euskaltzaindiaren mendeurrena izan denez, erakundeak esan zigun gure hurrengo lana koproduzitzeko prest zegoela, baina guk nahi izan duguna egin dugu. Euskaltzaindiari asko eskertzen diogu, ez digulako inolako baldintzarik jarri. Euskaltzaindia bidelagun izanda, egokia zen euskeraren inguruko lan bat egitea, nahiz eta aurretik ere Patxo Telleria eta nik egin ditugun hainbat lanetan hizkuntza protagonista izan den. Oraingo honetan ez dugu ‘Ez dok hiru’-ren formatua jarraitu, modu konplexuago batean egin dugulako. Izan ere, eszenatoki gainean ez gaude Patxo eta biok bakarrik, bost aktore baizik.

- Nola sentitzen zara munduko azken euskaldunaren azalean?

Aktore moduan ondo, oso pertsonaia kuriosoa delako eta indarra duelako. Antzezlana 3000. urtean kokatzen da eta nire pertsonaia munduko euskaldun bakarra da, baina erdaldunik ere ez dago, hizkuntza guztiak desagertu egin direlako. Hizkuntza bakarrak jarraitzen du, ‘hizkuntza globalak’. Nire pertsonaiari ‘hizkuntza globala’ ahazten zaio eta euskeraz bakarrik daki hitz egiten. Ospitale batera doa hiltzera, baina inolako dramatismo eta sufrimendurik gabe, 3000. urtean zein segundutan hilko garen dakigulako. Sendagile batekin komunikatzen da itzultzaile lanak egiten dituen tramankulu batekin eta harreman kurioso bat sortzen da bion artean. Horrela, zerbait gertatzen da harreman horretan. Azken euskaldunak euskarari buruzko istorio eta fabulak kontatzen dizkio eta erromatarren sasoira, euskal marinelak Ternuan ibiltzen ziren sasoira, Frantziako Iraultzara eta beste hainbat tokitara eramango digute. Berak kontatzen dituen istorioak eszenifikatu egingo dira eta hizkuntza ezberdinak erabiliko dira, bederatzi guztira, baina publikoak gertatzen den guztia ulertuko du.

- Euskera ezagutzeko balio du antzezlanak?

Bai, baina ez bakarrik euskera bera, baita euskeraren historia eta euskera bezalako hizkuntza gutxituak ere. Eta bestetik, euskerak zergatik iraun duen eta denboran eutsi ahal izateko euskerak duen indarra nolakoa den ikusiko dugu. Koldo Mitxelenaren esaldi bat erabiltzen dugu horretarako: “Euskeraren miraria ez da non sortu zen edo zein zaharra den, euskeraren miraria da nola lortu duen irautea”. Horren inguruan gauza hunkigarri eta barregarriak kontatuko ditugu, baina denak interesgarriak. Hizkuntzekin dugun lotura eta hizkuntzek gure barruan duten indarra azalduko dugu. Euskeran zentratzen gara, baina hizkuntza guztietara eraman daiteke antzezlanean kontatzen duguna.

- Umore kutsuko lanetan ikusi zaituztegu Patxo eta biok. Lan honek umore pixka bat duela aipatu duzu, baina hausnarketarako da gehiago?

Antzezlanak oso momentu ezberdinak ditu eta hori oso polita da. Hausnartzeko arrazoiak ematen dituzten gauza barregarriak gertatzen dira, ez da umore hutsa. Gauza serioetan oinarritutako umorea da. Bestetik, nahiko momentu hunkigarriak daude, negar egiteko bezalakoak. Polita da emozioak sortzea.

- Ia urtebete daramazue antzezlanarekin. Nolako eragina izan du publikoarengan?

Antzezlan guztiak bezala, hau ezberdina da. Publikoa harritu egiten da kontatzen dugunarekin eta nola kontatzen dugun. Bira polita egin dugu, 40 emanaldi eskaini baititugu orain arte. Kopuru altua da euskarazko antzezlan batentzat. Gainera, publiko dezente etorri da eta emanaldiak beroak izan dira. Oso pozik gaude. Bestetik, gauza bitxi bat gertatu zaigu. Antzezlana ez dago jende gaztearentzat zuzenduta bereziki, baina etorri direnek oso ondo hartu dute. Harritu egin gara horrekin.

- Euskaldunok erantzukizun berezi bat daramagu soinean?

Bai. Aktore eta sortzaile garen heinean euskara bizirik eusteko ardura sentitzen dugu guk, eta pentsatzen dut beste euskaldunek ere antzeko zerbait sentitzen dutela arrazoi ezberdinengatik: gure ama-hizkuntza delako, euskaldun berriak garelako edo dena delakoa. Badakigu zaila dela, borrokatu behar dela eta esfortzua eskatzen duela. Gaztelaniak ez du horrelako egoerarik bizi, gaztelaniaz egiten dutenek ez dute esfortzu berezirik egin behar gaztelaniarekin gizartean mugitzeko, baina guk bai. Euskerak militantzia eta amodioa eskatzen du, gure hizkuntza maite dugulako egiten dugulako esfortzua. Esfortzua da, baina bizitza honetan polita da ahaleginak egiteko arrazoiak edukitzea.