Miren Larrea, Kotondarrak: “Ikuskizunak helduak hunkitu eta txikiak jolasean sartzen ditu”

Miren Larrea, Kotondarrak: “Ikuskizunak helduak hunkitu eta txikiak jolasean sartzen ditu”
2020/10/16 eta kitto!
Txotxongilo-antzerkiaren bitartez XX. mende hasierara jauzi egiteko aukera emango digu ‘Kotondarrak’ ikuskizunak bihar, 17.00etan, Coliseoan. Koton familiak bere sorterria lagako du hirira joateko eta abentura berriak biziko ditu han, hiriko teilatuen, argien eta lantegiko oihalen eta makinen artean.

 

Zeintzuk dira Kotondarrak?

Guk aukeratu eta eraiki dugun familia bat. Amak eta bi alabek osatzen dute, eta XX. mende hasieran bizi dira, baserri guneetatik hirietara egon zen exodoaren sasoian. Arrisku batetik ihesean iristen dira hirira, eta abentura eta arrisku berriak aurkitzen dituzte. Ama ehungintzan hasten denean familia berregituratzen da eta zaintza-lanak aipatzen dira zeharka, emakumeek ehungintzan izan zuten indarraz gain.

Beraz, emakumeek berebiziko papera dute ikuskizunean?

Zerotik eraikitako istorioa da eta argi genuen ama eta alaba bi dituen familia aurkeztu nahi genuela. Umeen begiradaren bidez momentu historiko bat irudikatu nahi genuen eta bi alaben bidez iruditegi bat sortzen da. Azkenean, kontatzen dena unibertsala da, ez da adin batera mugatzen. Helduak hunkitu eta txikiak jolasean sartzen ditu.

Ikuskizuna sasoi jakin batean kokatzen da, baina istorioa gaur egunera ekarri dezakegu?

Gure lanak oso bisualak izaten dira, berba gutxi erabiltzen dugu. Horrek beste antzerki-kode batzuetara eramaten gaitu eta aldi berean istorio ezberdinak ikusi ditzakegu. Metafora eta ezaugarri batzuk ematen ditugu, baina gero norberaren bizipenen arabera irakurketa ezberdinak egin daitezke.

Nola lortzen duzue kontzeptu helduak txikiengana heltzea?

Istorioaren barruan zerk mugitzen gaituen pentsatzen dugu lehenik eta, gero, ipuinera pasatzen saiatzen gara. Seme-alabak dituzten ingurukoekin probak egiten ditugu (barreak). Txantxa dirudi, baina zer ulertzen duten eta zer ez jakiteko gakoak ematen dizkigute. Umeek dena ulertzen dute, batzuetan guk dugu arazo gehiago gauzak kontatzeko. Gizarte bezala tabu batzuk ditugu, umeei zer kontatu ahal zaien eta zer ez. Emozioetatik tiraka, enpatiaren bidez istorioan sartzen dira.

Umeek nolako harrera eman diote ikuskizunari?

Interesgarria izaten dihardu. Urriaren 2an aurkeztu genuen eta oso ondo ulertzen eta barneratzen dute. Umeen begiradatik eraikitzen dugunez, bi ahizpen munduan jolasa, haserrea eta eguneroko beste hainbat jokabide azaltzen dira, eta umeak oso identifikatuta sentitzen dira, ondo ulertzen dituztelako kodigo horrek. Bestalde, lanak alde poetikoago bat du eta horrek helduengan du eragin gehiago.

Nola bizi izan duzue eszenatokietara itzulera?

Beti izaten da berezia ikuskizun bat aurkeztea, baina oraingo honetan, nahiz eta asko gozatu dugun, pandemiak sortze-prozesuaren oinarriak mugitu ditu eta hainbat arazo izan ditugu. Ikuskizun amaieran argiak pizterakoan publikoa besaulkian eserita ikustea da ikuskizun handiena guretzat. Arte-eszenikoak eta kultura herriarentzako eta komunitatearentzako espazioak dira. Nahiz eta segurtasun-distantziei eutsi eta maskarak jantzi, ekintza kolektiboak behar ditugu izaera kolektiboa indartzeko. Uste baino gehiago behar ditugu horrelako esperientziak.