Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Armagintzaren Museoan

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Armagintzaren Museoan
2019/05/17 eta kitto!
Bihar ospatuko da Museoen Nazioarteko Eguna, munduko museoen elkartearen eskutik. Urtero maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunak “Museoak kultura ardatz gisa: tradizioaren etorkizuna” goiburuari jarraituko dio aurten eta museoek beraien komunitateetako eragile gisa jokatzen dituzten eginkizun berrietan ipiniko du arreta.

Mundu osoan zehar dauden museoetan bezala, biharko egunaren harira hainbat jarduera antolatu dituzte Eibarko Armagintzaren Museoan ere eta, antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Eibarko armagintzaren eta haren protagonisten inguruko jarduerak izango dira: “Formatu ezberdinen bidez, erronka-joko, dokumental labur eta errealitate birtualaz baliatuta, bisitariak armagintzaren protagonistak, eskopeta fina lantzen zuten artisauak ezagutuko ditu eta haien munduan murgiltzeko aukera izango du”.

Museoen Egunaren inguruko jarduerak aurreko astean hasi zituzten, ekainaren 2ra arte Museoan ikusteko moduan egongo den “Eibarko industria-sarearen berreraikuntza 1938-1942” erakusketaren inguruko katalogoaren aurkezpenarekin. Esandakoaren arabera, “aldi baterako erakusketa martxan dagoela aprobetxatuz, horri buruzko katalogo txiki bat prestatu dugu. Testuak Mikel Aparicio Azpilikuetarenak dira eta marrazkiak, berriz, Martin Azpilikueta Iparragirrek egin ditu. Nahi duenak katalagoa doan eskuratu dezake Museoan bertan”. Egunotan bisitatu daitekeen erakusketan bezala, katalogoak 1938 eta 1942 urteen inguruan egin ziren eraikin industrial esanguratsuenak biltzen ditu.

museoa_katalogoa 2

Ikus-entzunezkoa eta jokoa

Atzo, berriz, bigarren aurkezpen bat hartu zuen Armagintzaren Museoak: “Maisu armaginak, urdinez jantzitako artisauak” izenburuko ikus-entzunezkoarekin batera, izen bereko jokoa erakutsi zituzten jendeaurrean. Azaldu zutenez, “jokoa sakeleko telefonoan aplikazio bat deskargatuta erabili daiteke eta, besteak beste, armagintza tailer eta saiakuntza-banku baten errealitate birtualeko ikus-entzunezkoak eskaintzen dizkie erabiltzaileei”. Eta errealitate birtualeko kontuekin jarraituta, biharko tailerra antolatu dute: 17:30ean hasiko da eta parte hartzen dutenek errealitate birtualerako betaurrekoak egingo dituzte.

museo app

Museorako sarrera doan

Eta egitaraua biribiltzeko, gaur, bihar eta etzi museoan sartzea doakoa izango da, ohiko ordutegian (gaur eta bihar 16:00etatik 20:00etara eta domekan 10:00etatik 13:00era). Eta, horrez gain, bihar arratsaldean doako bisita gidatuak egingo dituzte, Museoan urte osoan ikus daitekeen erakusketa ezagutu nahi dutenentzat (17:00etan euskeraz eta 18:30ean gazteleraz). Bisita gidatuetan parte hartzeko, bestalde, derrigorrez eman beharko da izena aurretik, 943 708446 telefonora deituta edo museoa@eibar.eus helbidera idatzita.