Naturarekin lotutako bi film proiektatuko dituzte Coliseoan, Gnat Zinemaren eskutik

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Naturarekin lotutako bi film proiektatuko dituzte Coliseoan, Gnat Zinemaren eskutik
ETA KITTO 2021, Api 08

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia aurkeztu du gaur goizean, udaletxean egindako prentsaurrekoan. Gipuzkoa Naturaldiaren parte den Gnat Zinema apirilaren 13tik 23ra bitartean izango da eta, azaldutakoaren arabera, helburu nagusia “gertuen dagoen naturaren kalitatearen dibulgazioa” da. Eibarren bezala, Azpeitian, Deban, Donostian, Errenterian, Oñatin, Tolosan eta Zumaian, naturarekin lotutako 10 film proiektatuko dira: “Dehesa”, “Mountain”, “Artifishal”, “The wild Thing”, “Los Plástico”, “Out Of Plastic”, “Natura Bizia”, “The Sacred Place Were Life Begins”, “Burbunak eta Etsayak” eta “David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta”

Eibarren bi film proiektatuko dituzte: apirilaren 15ean, “La Dehesa”, Joaquin Gutierrez Acharena. “Kantauri”-ko zuzendariaren film luze berriak Iberiar Penintsulako zonalde ezezagunena erakusten du. Wanda films-en ekoizpena da eta  Carlos de la Hita arduratu da soinuaz.

Bestalde, apirilaren 22an, David Attenborough zientzialari britainiarraren dokumental autobiografiko bat proiektatuko da Eibarko Coliseoan: “La vida en nuestro planeta”. Dokumental honek bere bizitzako esperientzia garrantzitsuenei buruzko errepasoa eta hausnarketa egiten ditu. 93 urterekin, David Attenboroughek planetako kontinente guztiak bisitatu ditu, ehunka leku esploratuz eta bizi izan duen mundua bere osotasunean dokumentatuz. Zientzialariak klima-aldaketarekin eta, bereziki, biodibertsitatearen galerarekin lotutako aldaketen errepasoa egiten du, bere bizi-esperientzian oinarrituta. Luxuzko irudiekin egindako superprodukzio horrek gure planetaren galerari buruzko datu beldurgarriak ematen ditu, eta irtenbideak proposatzen ditu klima-aldaketaren ondorio negatiboak saihesteko. Filmaren ondoren, Joaquin Araujo eta Miguel Delibesekin batera hausnartzeko aukera egongo da.

Sarrerak doan dira eta Ingurumenako webgunean eskatu behar dira, www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/gnaturaldia/zinema, helbidean. Egitarauari buruzko informazio guztia HEMEN daukazue.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan: “Gipuzkoa Naturaldia Eibarrera iritsi zenetik, harrera bikaina izan du, ediziotik ediziora hobea, eta horrek eibartarrek ingurumenarekiko duten interesa erakusten du. Ekimen honek herritarren eskura jartzen du kalitatezko dibulgazio-materiala, modu erraz eta atseginean, gure ingurune naturalera eta bertako arazo nagusietara hurbiltzen gaituena, eta, aldi berean, gaur egun hain beharrezkoa den sentsibilizazio ekologikoa sustatzen duena”.

Laburmetraien lehiaketa

Honez gain, Gipuzkoako gazte eta helduentzako lehiaketa bat egingo da GNAT Zinema ekimenaren baitan, eta bi kategoria izango ditu. Lehenengo kategorian, Gipuzkoako ikastetxeetako DBHko ikasleek hartuko dute parte. Hurbilen dugun naturarekin dugun harremanari buruzko 3-5 minutuko metraje laburreko film bat egin beharko dute. Proposamenak Maiatzaren 7ra arte jasoko dira eta lehiaketa irabazten duen laburmetraia ekainean egingo den sari-banaketan ezagutuko da. Sari gisa, saritutako film laburra Naturaren eta Ingurumenaren Zinemaren Bigarren Erakusketan emango da 2022an. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzaren opari-sorta bana jasoko dute. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Ingurumeneko Zuzendaritzako eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Bestalde, lehiaketaren bigarren kategoria 18 urtetik gorako helduentzat izango da. Egin beharreko lana berdina izango da, 3-5 minutuko film laburra, gure inguruko naturaren ikus-entzunezko esentzia islatzen duena.  Saria 6000 euro dirutan izango da, saridunak naturari buruzko 15 eta 30 minutu bitarteko ikus-entzunezko bat garatu dezan . Saridunak garatuko duen ikus-entzunezko hau GnatZinema 2022 Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldian aurkeztu eta emango da. Kasu honetan, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Edurne Pasaban alpinistak, Coro Odriozola Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko koordinatzaileak eta Donostia Kulturako Zine Unitateko eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »